Langile bat hil da istripuz Nafarroan, eta beste bat Bizkaian

Erorita hil dira biak. Langile bat Leozen hil da, telefono zutoin batetik amilduta, eta beste bat Loiun, teilatutik jausita.

Laneko heriotza bat salatzeko abuztuan egindako elkarretaratzea. LAB
Laneko heriotza bat salatzeko abuztuan egindako elkarretaratzea. LAB
Irune Lasa.
2024ko urriaren 15a
13:35
Entzun

Bi eroriko eta bi heriotza. Lanera joan eta etxera itzuliko ez diren bi behargin gehituko dira gaur laneko heriotzen zerrendara. 

Loiuko Larrondo kalean gertatu da ezbeharretako bat, Bizkaian. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, 47 urteko gizonezko bat hil da 11:10ean, pabiloi baten teilatutik erorita. Bertaratu diren larrialdi zerbitzuek beharginaren heriotza ziurtatzera mugatu behar izan dute. 

Zortzi metrotik erorita

Beste behargin bat ere hil da gaur goizean, Olleta kontzejuan, Leozen (Nafarroa). Lergako Bidea izeneko pistan gertatu da ezbeharra, 11:30ean; 28 urteko gizonezkoa telefono zutoin batean ari zen beharrean, eta, argitu gabeko nondik norakoengatik, zortzi bat metrotik erori, eta bertan hil da. 

SOS Nafarroak azaldu duenez, Tafallako suhiltzaileak, anbulantzia bat, helikoptero medikalizatua eta foruzainak bertaratu dira istripuaren gunera, baina larrialdi zerbitzuek ezin izan dute ezer egin behargina salbatzeko. 

Foruzaingoa hasia da ezbeharraren arrazoiak eta nondik norakoak ikertzen. 

LAB sindikatuaren kontaketaren arabera, lanean ari zirela Euskal Herrian hiltzen diren 46. eta 47. beharginak dira. Gaurkoen aurreko laneko heriotza ere Nafarroan jazo zen, hilaren 7an: Funesen 29 urteko behargin bat hil zen, bezperan Benin Foods enpresan makina batean harrapatua gelditu ostean. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.