Joseba Madariaga. Laboral Kutxako Ikerketa zuzendaria

«Bi hiruhilekoko atzeraldia etortzea da agertokirik onena»

Gerrak ez dio uzten Laboral Kutxako adituari arlo ekonomikoan «apokalipsia» ote datorren ikusten, baina Madariagak garbi dio Alemania erortzeak atzeraldira eramango lukeela euskal ekonomia.

MONIKA DEL VALLE / FOKU.
xabier martin
2022ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Joseba Madariagak (Bilbo, 1964) ez du «kristalezko bolarik», baina «arrisku oso argiak eta berehalakoak» ikusten ditu euskal ekonomiarentzat. Bat egin du atzeraldi bat datorrela diotenekin, baina soilik datozen bi hiruhilekoez aritzen ausartu da: «Gerrak ziurgabetasun gorenera eraman gaitu».

Ikusi gehiago:Atzeraldia iritsi ala ez «igarri» egingo dela ohartarazi du Nazioarteko Diru Funtsak

Energiaren krisiarekin batera, NDFk ez du baztertu finantza krisi bat izatea. Ezkorregia da aukera hori, edo badu oinarririk?

Badaude arriskuak finantza arloan, baina, oraingoz, benetako ekonomiaren krisi bati buruz ari gara, BPGaz. Gerrari eta hark eragindako inflazioari lotua letorke. Argi dago hazkundea moteltzen ari dela. Finantza krisi bat beste gauza bat da, nahiz eta ezin den ezkutatu inflazioak eragin duela banku zentralen tasen igoera; eta igoera oldarkor horiek beste agertoki batera garamatzate. Dibisa nagusien balio aldaketak finantza arloa tenkatzen ari dira. Esaterako, bonuen merkatuan inbertitzaileak ez daude oso pozik, eta erraza da aurreikustea inbertsioen berregokitzapen bat etorriko dela. Burtsaren eboluzio eskasa erantsi behar zaio horri, jakina.

Atzeraldia datorrela segurutzat jotzen dute askok; zuk ere bai?

Oraintxe aipatutako faktore horiek esaten digute baietz, atzeraldira goazela, batik bat Europan. Baina gerra bat gertatzen ari denez, oso zaila da esatea atzeraldi hori sakona izango den ala ez. Gerra horrek ez digu uzten ikusten pare bat hiruhileko barru zer gertatuko den. Ez naiz ausartzen esatera apokalipsia datorrela.

Zein litzateke agertokirik onena eta zein txarrena epe motzera?

Atzeraldia aurtengo azken hiruhilekoan eta datorren urteko lehenean kokatzen dute, gasa arazo izugarria izango baita Europako neguan. Baliteke udaberrian gauzak aldatzea. Hori da agertokirik onena: bi hiruhilekoko atzeraldia Europako bihotzean, eta batez ere Alemanian. Baina herrialde horrek EBko BPGaren %30 ordezkatzen du, eta, arazo larriak baditu, eurogune osoak nabarituko du kaltea. Gakoa da zenbat iraungo duen gelditze horrek, eta negu gorririk ez egotea, gasaren zama arindu dadin. Atzeraldia luzatzen bada, agertoki txarrean geundeke.

Gerrak luze joko duela ematen du. Hura bideratu gabe ekonomia susper daiteke Europan, atzeraldi arin baten ondoren?

Gerra da giltzarria, bai, baina gehienek uste dute negua igaro eta gero, hazkunde arin bat etor daitekeela atzera. Hori ere ez da segurua, ordea.

Hazkundea, langabezia, aurreztea... Badira txarrak ez diren zenbait indize euskal ekonomian. Horrek guztiak ez du balioko Alemania seko erortzen bada?

Eroriko handia badu, harekin eramango gaitu, maila batean edo bestean. Haren industriaren mendeko da gurea, eta arazo larririk badu, hona iritsiko da berehala. Ikusi da berriki hornidura kateen eta lehengaien prezioen arazoak nola islatu diren hemen ere. Egia da, bestalde, gure egungo datuak ez direla txarrak, eta eboluzioa okertzen bada ere datu onak edukitzeak erraztu egiten duela okertze hori apurka izatea. Azken urteotako ziurgabetasunak erakutsi digu, ordea, prozesu hori azkartzen duen edozer gerta daitekeela.

Eta nola dago euskal ekonomia atzeraldi batean sartzeko orain?

Beste batzuetan izan ez dituen sendotasun batzuk dauzka, batez ere sektore pribatuan. Zorpetzea, familietan, enpresetan eta finantza erakundeetan, euroguneko batezbestekoan dago, Frantzian baino hobe, adibidez. 2007an, berriz, zorpetuenetakoak ginen. Familien aurreztea asko handitu da, pandemia tarteko, eta 2000. urtetik ez da egungo mailan egon. Enpresen zorpetzea ere ez da oso handia. Horiek heldulekuak dira, baina ez dira nahikoa bost urtez eusteko, adibidez.

Aurrena %0,5 eta gero %0,75 igo ditu interes tasak EBZk, ekonomia hozteko. Botika arriskutsua ematen du horrek. Ez zuen alternatibarik?

Ez da erraza galdera hori... Ea... 2021. urtearen amaieran, %6tik gora zegoen inflazioa hemen. Gerra hasi arteko inflazio hori lehengoratu egingo zela uste zuten banku zentralek, eta nik neuk ere bai, ekoizpen kateak normaltzearekin batera. Otsailean gerra hasi zen, ordea, eta aurreikuspen guztiak jokoz kanpo gelditu ziren. Orain, ekonomia hozten ari denez, lehengaien prezioak behera doaz, eta, aurki, inflazioa arintzen hasiko da, baina ez Europan. Gasaren prezioa ez da jaitsiko, eta gure arazo nagusiak bere hartan jarraituko du.

Eta zer diozu EBZren erabakiaz?

Europaren arazoa ez dela gehiegizko eskaera, ekonomia ez dagoela beroegi; arazoa energia da. Beraz, diruaren botika ez da hain justu logikoena egoera horretan, ekonomia beroegi batentzat delako, berez. Zein da botikarik egokiena? Gerra bukatzea, baina, oraingoz ez denez posible, EBZk duen botika erabili du, eta horrekin ekonomia geldituko du.

Zuk gauza bera egingo zenuke?

Bai, seguruenik. Okerrena litzatekeelako inflazio aurreikuspenak gero eta handiagoak izatea. Prezioak %10etik gora jarraitzeak eta soldatak %10etik gora igotzen hasteak gurpil ero batean sartuko gintuzke, eta EBZk ezin du onartu hori. Horregatik egin du tasen igoera aparteko hori, jendeak ez dezan pentsatu inflazioaren pare kontsumitzen jarraitu ahal izango duela. Esaten ari zaigu denok aterako garela galtzaile egoera honetatik.

Soldatak KPIa baino askoz gutxiago igotzen ari dira. Batzuk besteak baino galtzaileago aterako dira, ezta?

Kostuak progresiboki banatzea litzateke egokiena, hori argi dago. Baina denok pobretuko gara: enpresariak, langileak eta kontsumitzaileak. Enpresen emaitzei begiratu beharko zaie aurrerantzean inoiz baino gehiago, termometroarena egingo baitute.

Eta deskarbonizazioa? Ezarritako helburuei eusterik ote dago egungo agertokian?

Uste du gasaren prezioaren arazoak atzerapausoak ekarriko dituela. Aldi berean, inoiz baino gehiago nabarmentzen ari da ingurumenaren arazoa. Alemanian ikatza erretzen ari dira... Bai, atzerapausoak emango ditugu horretan. Baina espero dut horrek ez duela eragingo irtenbiderik ez duen eremu batera iristea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.