Siemens Gamesako Aratzuriko (Orkoien, Nafarroa) fabrikako langileek akordioa lortu dute bi hilabeteko grebaren ostean. CCOOk jakinarazi duenez, soldata igotzea, malgutasun handiagoa izatea, kaleratze kolektiboei aurre egiteko formulak edukitzea eta langile batzuei kategoria igotzea lortu dute akordioaren bitartez. Halaber adostu dute Sarrigurengo bulegoetako hitzarmenean hobekuntzak eginez gero Orkoiengoan ere egingo direla.
Sarrigurengo bulegoko baldintzak berdintzeko asmoz, KPIaren gorakadak parekatu dituzte: %4,8 2023. urterako, eta %3,75 2024rako, 2025erako eta 2026rako. Horrez gain, 2022ko soldatetan %1eko ordainketa bakarreko igoera egingo dute, 2023ko KPIaren eguneratzearen aurrekoa.
Soldata igoerari dagokionez, laugarren taldean zeuden 26 langile bosgarrenera pasatuko dira. Bestalde, talde horretakoek soldata aldakorra dute, eta %22,5ekoa finkoa izatea lortu dute.
Aratzuriko lantegiak guztira 70 langile ditu, eta ia denek grebarekin bat egin dutela azaldu du sindikatuak.