Landunen kopurua bi hamarren jaitsi da aurtengo lehen hiruhilekoan EAEn, eta beste horrenbeste handitu langabezia tasa. Eustaten arabera, langabezia tasa %11,3ra igo da, eta aurreko hiruhilekoan baino 1.800 pertsona gehiago dabiltza lan bila: guztira, 116.600.
Langabe gehienak emakumeak dira: 61.800, aurreko hiruhilekoan baino 5.600 gehiago. Gizon langabeak, ostera, 54.700 dira, aurreko hiruhilekoan baino 3.900 gutxiago. Emakumeen artean %12,5 da langabezia tasa, eta gizonezkoen artean, %10,1.
Lurraldeka, langabezia tasa handiena Bizkaiak dauka (%12,7), azken hiruhilekoan 1.500 langabe gutxiagorekin; bigarren postuan dago Araba (%12,2), azken hiruhilekoan 2.500 langabe gehiagorekin; eta, azkena, Gipuzkoa da (%8,6), 700 langabe gehiagorekin.
EAEn 916.900 landun zenbatu ditu estatistika institutuak, iazko azken hiruhilekoan baino 1.400 gutxiago. Sektore guztietan egin du gora landun kopuruak, zerbitzuetan izan ezik. Lehen sektorean 100 landun gehiago zenbatu ditu Eustatek, 1.400 gehiago eraikuntzan eta 2.900 gehiago industrian; aldiz, zerbitzuen sektorean 5.800 landun gutxiago.
Bi hamarren igo da langabezia tasa EAEn, %11,3ra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu