DONOSTIA.Bi garraiolari hil ziren atzo: bata, Olaberriako (Gipuzkoa) Arcelor Mittalen lantegian, eta bestea, Sunbillako (Nafarroa) Añerdi auzoan. Urtea hasi zenetik, zazpi lagun hil dira Euskal Herrian lanean ari zirela, LABen datuen arabera. Iaz, 44 hil ziren, aurreko urtean baino heren bat gutxiago.
Olaberrian hildakoa zamalanak egiten ari zen Arcelor Mittalen altzairutegian. Goizean jazo zen ezbeharra. Bere ibilgailua gainera erori zitzaion, eta beste kamioi baten aurka zanpatu zuen. Enpresako iturriek azaldu dutenez, langileak ez zuen kamioia behar bezala kokatu, beste gidari batekin hitz egitera joan zen, eta orduan kamioia irristatu eta harrapatu zuen. Berehala zendu zen. Enpresak azaldu duenez, portugaldarra zen, eta Santillan garraio enpresarentzat egiten zuen lan. LABek gogorarazi du Olaberriko Arcelor Mittalen antzeko beste ezbehar bat izan zela 2013an.
Sunbillan hildako garraiolaria, berriz, egurra biltzen ari zen Añerdi auzoan, pala kamioi batekin. 52 urte zituen, eta Doneztebekoa (Nafarroa) zen. 15:40 aldean gertatu zen istripua. Foruzaingoaren lehen ikerketen arabera, «harrapatuta» hil zen.
LABek «gogor» salatu ditu langileon heriotzak, eta «sarraskiak» geldiarazteko neurriak eskatu ditu. Iragarri duenez, datozen orduotan «erantzun zabal bat» ematen saiatuko dira sindikatuak, lantokietan eta kalean.
Bi garraiolari hil dira, bata Olaberrian eta bestea Sunbillan
Arcelorren zamalanak egiten ari zen portugaldar bat eta egurra biltzen ari zen doneztebar bat dira hildakoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu