Lehendik ere iragarrita zeuden funtsei izen-abizenak jarri zizkien atzo Eusko Jaurlaritzak. Enpresak finantzatzeko tresna berri modura aurkeztu zituen bi funtsak Iñigo Urkullu lehendakariak, Arantxa Tapia eta Pedro Azpiazu sailburuen babesarekin.Euskaltel, Gamesa eta ITP moduko euskal jatorriko konpainietan gertatzen ari dena ez gertatzea da Finkatuz izeneko funts publikoaren helburua: enpresa traktore estrategikoen erabakiguneak bertotik ez aldentzea. 75 milioi euro jarri ditu gobernuak funts horretarako. Bestalde, ETE enpresa txiki eta ertainak laguntzeko funts publiko-pribatu bat sortu du, eta AEBetako enpresa baten esku utzi du haren kudeaketa: 100 milioiko funtsa izango da—laster 200 milioira handitzea espero du gobernuak—, baina euskal instituzioek hamabost milioi euro baino ez dituzte jarriko.
Gobernua 2016an hasi zen lantzen ETE lehiakorrei laguntzeko funts publiko-pribatuaren ideia, eta iaz lehen pausoa eman zuen diru publikoz enpresa traktoreen akzioak bereganatzeko, Beasaingo CAF trengile eta autobusgilearen akzioen %1,24 bereganatuta. Formalizatu eta egituratu egin ditu bi funtsak, eta udazkenerako martxan egongo dira.
Udazkenerako, prest
Oposizioko indar politiko nagusiaren ustez, motz geratu dira bi inbertsio funtsak. «Ez diete behar bezala erantzungo Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako industria ehunaren beharrizanei», kexatu da EH Bilduko Iker Casanova legebiltzarkidea.
Gogora ekarri du hasierako planteamendua 250 milioi euroko funts publikoa sortzea zela, baina azkenean 75ekoa izango dela. «Urkulluren gobernuak erakutsi du inprobisatzen ari dela, ez daukala ikusmen eta planteamendu estrategikorik, ez eta baliabide ekonomiko nahikorik ere, besteak beste, zerga politika atzerakoia egiten ari baita».
Jaurlaritzako ordezkariek, ordea, kontrakoa defendatu zuten atzo, esanez «kapitalari lotutako finantzaketa alternatiborako tresnak» jarri dituztela konpainien eskura, eta «Euskadiko industria sendotzen eta finkatzen» lagunduko dutela.
Hazten ari diren ETEei laguntzeko funtsa, esan bezala, kapital publiko-pribatukoa izango da. Udazkenerako 100 milioi euro izango ditu, eta Jaurlaritzak espero du bigarren fase betean 200 milioi eurora iritsiko dela. Kapitalaren zatirik handiena pribatua izango da, eta baita kudeaketa ere: ABE Capital Partners sozietate estatubatuarrak kudeatuko du, PwC britainiarraren aholkularitzarekin.
Gasteizko gobernuak jadanik jakinarazi dio CNMV merkatu arautzaileari erreminta abian jarriko duela, eta hark baimena ematen duenean hasiko da martxan. Funts horretan hamabost milioi euro baino ez dituzte jarri euskal erakunde publikoek: hamabi milioi Jaurlaritzak, eta beste hiru milioi hiru foru aldundien artean.
Gainerako 85 milioi euroak erakunde pribatuek jarriko dituzte; oraingoz, hauek agertu dute interesa: finantza erakundeek, enpresa taldeek eta BGAE borondatezko gizarte aurreikuspeneko erakundeek. Horiek ez ezik, parte hartzeko asmoa agertu dute ICO Espainiako Kreditu Ofizialeko Institutuak eta Europako Inbertsio Funtsak ere.
100 konpainia begiz jota
Ostera, Finkatuz funtsa erabat publikoa da, eta Jaurlaritzaren kontrolpean geratuko da, FEE Finantzen Euskal Erakundeak kudeatuko baitu. 75 milioi eurorekin abiatuko da —praktikan, 60 milioirekin, 15 milioi jada erabili baitzituen iaz CAFeko akzioak erosteko—, baina gobernuak espero du 2020rako 100 milioi eurora handituko dela.
«Parte hartze hori elementu estrategikotzat jotzen du Eusko Jaurlaritzak, enpresa horiek ekoizpen ehunean trakzio elementu gisa jardungo dutela bermatzeko», azaldu zuen lehendakariak.
Hainbat baldintza bete behar dituzte enpresek, Finkatuz funtsak haien akzioak erosteko, eta Jaurlaritzak ehun konpainia inguru identifikatu ditu baldintzok betetzen dituztenak. Besteak beste, 100 milioi eurotik gorako fakturazioa izan behar dute, eta 50 langiletik gora; Araban, Bizkaian edo Gipuzkoan izan behar dute egoitza soziala eta fiskala; kooperatibak eta kapital sozietateak izan beharko dira —baita sozietate anonimo kotizatuak ere—; eta parte hartzea gutxienez %3koa edo %5ekoa izan beharko da, eta, gehienez, kapitalaren %20koa. Jaurlaritzak argi utzi du funtsak ez duela balioko krisian dauden enpresei laguntzeko.
Bi funts eta 175 milioi euro, enpresei hazten eta errotzen laguntzeko
ETEei laguntzeko 100 milioi euroko funtsak diru pribatua izango du nagusiki, eta AEBetako enpresa batek kudeatuko du. Konpainia traktoreak errotzeko 75 milioiko funtsa, berriz, publikoa izango da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu