Bi eredu aurrez aurre

Laparrak adierazi du errenta bermatua Europako Batasuneko «eredurik aurreratuenetakoa» izango dela. UPNren osoko zuzenketa atzera bota dute

UPNko parlamentariak, atzo, Parlamentuko osoko bilkuran. Lehen lerroan, Carlos Garcia Adanero eta Jose Javier Esparza. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
joxerra senar
Iruñea
2016ko urriaren 14a
00:00
Entzun
Nafarroako Parlamentuak errenta bermatuari buruzko foru lege proiektuaren eztabaidari ekin dio; horregatik, Miguel Laparrak «egun garrantzitsutzat» jo zuen atzokoa. Eskubide Sozialetako lehendakariordearen esanetan, krisiak gehien jotako gizarte sektoreei erantzungo die proiektuak, eta Europako Batasuneko «eredurik aurreratuenetakoa» izango da. Eztabaidaren abiapuntuak bi ereduren arteko aurrez aurrekoa islatu du. UPNko Jose Javier Esparzak kritikatu zuen gobernuaren eredu berriak diru laguntza sozialak izango dituela ardatz, kontrolari eta hartzaileen betebeharrei muzin eginez. Pobreenak beti susmopean izango dituen eredu autoritarioa bultzatzea leporatu dio, horregatik, Laparrak UPNri. «Guk, aldiz, baikortasun antropologikoan oinarritutako eredu humanista planteatzen dugu. Uste dugu pertsonek pizgarri positiboei erantzuten dietela eta gehiengo handi batek aukerak baliatzen dituela. Gutxiengo txiki batek baizik ez du iruzur egiten».

Iragan martxoaren 11n, Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak errenta bermatuari buruzko akordioaren berri eman zuten. Azken zazpi hilabeteotan, Laparraren departamentuak akordio hori lege proiektu egin du, eta gizarte eragileekin elkarrizketatu da haien ekarpenak biltzeko. Atzo, egitasmoa azken txanpan sartu zen Parlamentuko eztabaidaren hasierarekin. Oraindik aste batzuk falta dira legea aurrera ateratzeko.

Orain, 35.000 lagun pobrezian daude Nafarroan, eta 12.000 sendik euren kide guztiak langabezian dituzte. Krisiak gogor jo ditu gizarteko sektore ahulenak, eta aurreko legealdiko murrizketek gizarte bazterketari aurre egiteko babes publikoa ahuldu zuten. 2012an, UPNren eta PSNren gobernuak gizarteratzeko errenta jasotzeko baldintzak gogortu zituen, krisiaren aldi larrienean 3.000 sendiri eskubide hori ukatuz. Iragan urte hasieran, hauteskundeak ate-joka, UPNk eta PSNk legea aldatu zuten murrizketaren ondorioak leundu asmoz. Horri esker, estaldura hobetu zen eta gobernu berria agintera iristearekin batera, larrialdiko neurriak bultzatu zituen.

Laparraren arabera, orain «bultzada handiagoa» emango du errenta bermatuak. Batetik, lege proiektuak estaldura zabalduko du, kopuruak igoz, errenta jasotzeko baldintzak leunduz, sektore gehiagorengana helduz eta iraupena luzatuz. Bestetik, Laparraren arabera «modu berritzaile batean», enplegua bilatzeko pizgarriak bultzatuko ditu legeak. «Ideia nagusia da beti merezi duela lana bilatzea».

Atzo, UPNk lege proiektuaren aurka aurkeztutako osoko zuzenketa atzera bota zuten gainerako alderdiek —PP abstenitu zen—. Hala ere, egitasmoa gogor kritikatu zuen Esparzak. Harenustez, errentaren balizko onuradunen kopurua 35.000 eta 130.000 artean izan daitezke: «Baina ba al dakizue zer den aurrekontuentzat hori? Ez dakizue non sartzen ari zareten», adierazi zuen, eta gaineratu zergak igo beharko direla finantzatzeko.

PP ere kritiko azaldu zen lege proiektuarekin, eta PSNk aurreratu zuen amaiera arte ez duela jarrera finkatuko. Beste lau alderdiak, jakina, proiektuaren alde daude.

Ezkerrako Jose Miguel Nuinek nabarmendu zuen aldaketaren agenda sozialaren lehentasun nagusia dela errenta bermatua: «Lehen tokian egongo da pobrezia larriaren aurkako borroka, eta ez zementua edo proiektu faraonikoak». Nuinen arabera, gaur egun prekaritatea eta pobrezia txanpon beraren bi aldeak dira eta lan mundua ez da gai herritar guztiei lana eskaintzeko. «Lehen aldiz, babestutako enplegua edo prestakuntza emateko programa bat jaso dugu. Lehen urrats txiki bat da, baina etorkizunerako funtsezkoa izango da, lan merkatua ez baita gai hori eskaintzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.