Javier Lopez de Lacalle. Euskal Herriko Itsas Foroko zuzendaria

«Bi edo hiru urtean martxan ikusten dut Naval ontziola»

Ez du uste Sestaoko ontziola itxiko denik, baina bitartean industria laguntzailea nazioartekotzeko ahaleginean dabil. Haren iritziz, zerbitzu enpresek baino errazago daukate ekipamendu ondasunenek.

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Jon Fernandez.
Bilbo
2018ko urriaren 24a
00:00
Entzun
«Gu ez gara ontziolen barne kudeaketan sartzen». Javier Lopez de Lacallek (Zornotza, Bizkaia 1957), Euskal Herriko Itsas Foroko zuzendariak, argi laga nahi izan du ez duela berbarik egin nahi Navalen barne kudeaketaz. Ontzigintzaren klusterrak bazkide ditu bai Navalen jabeak eta bai haren industria laguntzaileko konpainiak. «Gure lana da bazkideentzako aukerak detektatzea, haiei bide horretan laguntzea, lankidetza sustatzea, nazioartekotzean eta berrikuntzan laguntzea, formakuntza eskaintzea». Baina, ezinbestean, hitz egin du Sestaoko ontziolaren gaurkotasunaz.

Euskal ontziola ertainek baikortasunez begiratzen diote geroari; aldiz, Naval likidazioan dago. Zelan azaldu kontrastea?

Guretzat, Naval ontziola oso inportantea da. Ontziola traktorea da, ez bakarrik enpleguarena, baizik eta diseinuarena, ingeniaritzarena… eta guk, euskal ontzigintzako klusterrak, gure gaitasun guztia jarriko dugu martxan Navalen jarraipenaren aldeko neurriak har daitezen.

Zer gaitasun daukazue?

Tresna gutxi ditugu, ontziola judizializatuta baitago, konkurtsoan. Agian, aukera gehiago izango dugu ontziolak konponbiderako bideak bilatzen dituenean.

Inbertitzaile bat agertzen bada?

Bai, ontziola funtzionatzen hasten denean inbertitzaile batekin, egoera ikusirik, horrek baitirudi aukera bakarra. Foro gisa lagundu dezakegu langile berrien formakuntzan, aukera nitxoak bilatzen, gainontzeko ontziolentzako egiten dugun bezala. Gure jarduera martxan dauden enpresentzat da nagusiki. Naval judizializatuta dago, bide batzuk daude hor, eta guk oso gutxi egin dezakegu.

Navalen itxierak zer eragingo lioke sektoreari?

Ez dut aurreikusten itxieraren aukera. Uste dut honek denbora beharko duela, pare bat urte, eman beharreko pausoak eman beharko direla, baina nik ez dut Naval itxita ikusten. Bi-hiru urtean martxan ikusten dut Naval ontziola. Primerako instalazioak dauzka, eta badago jakintza bat.

Argudiatu izan da gaitz asko izan dituela: tamainaz handia izatea, zailtasunak korearrekin lehiatzeko, tax lease auzia…

Denek izan dute eragina. Horrek guztiak ekarri du egungo egoera.

Beste gaitz bat ere aipatu zuen Arantxa Tapia sailburuak iazko udan: «kudeaketa arazo bat».

Ez naiz horretan sartuko.

Erreskate publikoa aukera bat iruditzen zaizu?

Ez dakit. Europako araudiak zehazten ditu baldintzak edozein erreskate motarentzat. Gustatu ala ez, araudi hori hor dago.

Bretainiako Sant-Nazer hiriko Chantiers de l'Atlantique ontziolaren kasuak balio du eredu gisa? Parisek iaz aldi baterako nazionalizatu zuen.

Han ontzi militarrak egiten dituzte, eta Europak horregatik onartu dio Frantziari aldi baterako nazionalizatzea. Trataera berezia dauka segurtasun nazionaleko argudioengatik. Argudio hori ezin da erabili Sestaon.

Navalen konkurtsoak egoera zailean utzi ditu haren industria laguntzaileko enpresak. Zer etorkizun dauka industria laguntzaileak?

Argi dugu beharrezkoa dela Navalek jarduerarekin jarraitzea, baina, era berean, lehentasun garrantzitsua da Navalen industria laguntzaileari laguntzea, dibertsifikatzeko, merkatu nitxo berrietan sartzeko. Ahalegintzen ari gara gainontzeko euskal ontziolek izan dezaten sentikortasuna, ahal duten neurrian, kaltetutako enpresa horiek kontratatzeko.

Navalen industria laguntzailearen zer zati xurga dezakete Balenciagak, Muruetak eta Zamakonak?

Ezin da jakin. Unean uneko lan kargaren araberakoa ere bada.

Enpresa laguntzaileak nazioartekotzeko laguntza ematen zabiltzate.

Bai, baina esan behar da konplikatuagoa dela zerbitzu enpresa bat nazioartekotzea produktu bat daukan enpresa bat baino. Gure industria laguntzaileak, goi teknologiako osagaiak eta ekipamenduak ekoizten dituenak, mundu osoan du aitortza. Enpresa horietako askok produkzioaren %75-%80 esportatzen dute.

Zerbitzuen industriako enpresek zailago daukate.

Pine da horietako bat, argindar zerbitzuena, eta Sant-Nazerren lana bilatzen lagundu diogu; baita pintura aplikazioen beste enpresa bati ere. Galiziara joateko ere badaude aukerak. Baina zentzurik ez du galdaragintza edo soldadura enpresa bat Txinara eramateak: langile kostuagatik, han filial bat sortu behar delako... In situ lan egiten duten zerbitzuetako enpresak tokiko eta inguruko ontziola traktoreei lotuta daude.

Balenciagak, Muruetak eta Zamakonak dozena erdi kontratu berri sinatu dituzte.

Eta datozen hiletan kontratu berri batzuk etor daitezke. Ia denek daukate lana2019rako.

Aurrera egiten ari dira, Navalek eta sektoreak izandako zailtasun berberak izan arren.

Ontziola ertainak merkatuko beharrizanetara moldatu direlako. Azken zazpi-zortzi urteetan, Zumaian 27 ontzi egin dituzte petrolioaren sektorerako, Eskoziako armadore bakarrarentzaT. Zergatik? Gaitasuna daukagulako produktu estandarrak ez egiteko, baizik eta bakoitzaren beharretara moldatzeko. Ezertan espezializatuta egon gabe, denean espezialista bihurtu behar izan dugu.

Zer eskatzen du merkatuak?

Petrolioaren prezioa jaisten denean, ugaritu egiten dira arrantzontzien eskariak. Lehen, bertarako atunontziak, arrasteko ontziak eta baxurakoak egiten genituen. Orain, Norvegiako, Islandiako eta Groenlandiako armadoreentzat ere egiten ditugu.

Nitxo berri bat aurkitu duzue hor akuikultura itsasontziekin?

Bai, teknologikoki puntako itsasontziak dira. Akuikultura zentroetan, esaterako, izokina kargatzen dute ontzira, eta arrain hori garraiatu eta prozesatu egiten dute. Balenciagak, Muruetak eta Zamakonak, hiruek egiten dituzte horrelakoak.

Petrolioa garestitzen hasi da. Zer aldatuko du horrek?

Oraingoz, arrantzak jarraitzen du ontziolei tenk egiten. Baina badirudi petrolioaren merkatu nitxo bat hasi dela zabaltzen, bakarrik konponketetarako eta aldaketetarako, ez ontzi berriak eraikitzeko. Eraikuntzak inbertsio handia eskatzen du, eta inbertitzaileek egonkortasuna eta lege bermea behar dituzte. Eta, gaur egun, zoritxarrez, egonkortasun politikoa gabezia bat da munduan.

Iaz, sektorearen fakturazioa 2.840 milioi euro izan zen, 2016an baino %3,5 apalagoa. Zer espero duzu 2018rako?

Antzeko kopurua izango da; beharbada, igoera txiki batekin. Eta uste dut enpleguan ere iazko lanpostu kopuruari eutsiko diogula, 13.735 langilerekin.

Espero zenuten aurten amaituko zela tax lease auzia, baina Europak berriz aztertzeko eskatu du. Zer ekarriko du?

Pena da. Aukera zegoen ixteko, eta egoera gainditzeko.

Aukera dago tax lease zaharraz baliatu ziren inbertitzaileei dirua bueltatzeko eskatzeko?

Ez dut uste horretara iritsiko garenik. Auzitegiak dioen bakarra da ez dituela kontuan hartu konkurrentzia ez beste faktore batzuk. Eskatu dio beste faktoreak ere kontuan hartuta aztertzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.