Bi arrantzale galdu dira Ziburun, itsasontzi bat hondartuta

02:30 aldera hondoratu da ontzia, eta bertan zihoazen hiru arrantzaleetatik bi desagertuta dira. 13:40 utzi dituzten erreskate lanak, bizirik aurkitzeko itxaropena galduta. Kapitaina erreskatatu dute: Baionako ospitalean artatu dute, hipotermiak jota.

Hondartu den itsasontziaren arrastoak. GUILLAUME FAUVEAU
Julen Otaegi Leonet - Arantxa Elizegi Egilegor
2023ko abenduaren 22a
14:05
Entzun

Hiru arrantzale zihoazen itsasontzi bat hondartu egin da ordu txikietan Ziburun (Lapurdi), Zokoko diketik gertu, eta horietako biren bila aritu dira uretan. 30 urte zituen arrantzaleetako batek, eta 58 urte besteak. Beste bat ere bazihoan ontzian haiekin, 37 urteko gizon bat, ontziko kapitaina; hipotermiak jota atera dute uretatik, eta Baionako ospitalera eraman dute.

02:30 inguruan izan da ezbeharra. Ciycnos itsasontzia Ziburuko arrain enkantera zihoan, baina 200 bat metro desbideratu eta, Zokoko dikea jo, eta hondoratu egin da. Arcachondik atera zen itsasontzia, eta Donibane Lohizune zuen helmuga.

Larrialdi zerbitzuek erreskate operazio bat jarri dute martxan berehala, eta bilaketa lanetan aritu dira bi dozena suhiltzaile, bi helikoptero eta erreskate ontzi bat, gutxienez.

Giro gogorrak eraginda, salbamendu lanak «konplikatuak eta gogorrak» direla nabarmendu du Eneko Aldana-Douat Ziburuko alkateak Euskadi Irratian, eta Atlantikoko itsas prefeturak 13:40 aldera utzi ditu bilaketa lanak bertan behera. Itsasoko uraren tenperatura hamabi gradukoa zen, eta marinelak bizirik aurkitzeko itxaropena erabat galdua zuten ordurako.

Ez dago argi ezbeharra zerk eragin duen, baina litekeena da nabigazio arazoengatik gertatu izana. Aldana-Douaten esanetan, dena den, «hipotesi ugari» daude, eta istripuaren nondik norakoak argitzeko ikerketa zabalik dago. 

Lan istripua

LAB sindikatuak lan istriputzat jo du arrantza ontziaren hondoratzea, eta desagertutako bi arrantzaleak lanean hil diren langileen zerrendan sartu ditu. Sindikatuaren kontaketaren arabera, 58 lagun hil dira aurten Euskal Herrian lan istripuen ondorioz.

Sindikatuak adierazi du arrantza sektoreak lan baldintza gogorrak dituela berariaz, baina gogorarazi du Gabon garai hauetan bereziki lan karga handiak izaten dituztela arrantzaleek. Horrek eragiten duen «presioa» gaitzetsi du LABek: «Lan baldintzak oso gogorrak dira, goizaldeko lana, lan ordu luzeak eta ia deskantsurik gabeko jardunaldiak tarteko, eta arrazoi horiek aurkitzen dira halako istripu iturburuan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.