Pentsio osagarriaren zati bat kolpe batean berreskuratzeko aukera emango du dekretu berriak

Gizarte Aurreikuspenaren Euskal Kontseiluak onespena eman dio Jaurlaritza lantzen ari den dekretuari.

BGAE
Gizarte Aurreikuspenaren Euskal Kontseiluaren batzarra, gaur, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Iker Aranburu.
2024ko urtarrilaren 26a
15:10
Entzun

Bi urteko lanketaren ondoren, Eusko Jaurlaritzak legealdia amaitu aurretik onartuko du pentsio osagarrien sistema Arabara eta Bizkaira ere hedatzeko helburua duen araudia. Aurreneko urratsa gaur egin dute, dekretuak Gizarte Aurreikuspenaren Euskal Kontseiluaren onespena jasota. Kontseilu horretan ordezkaritza dute pentsio osagarrien sistema kudeatzen duten talde guztiek, hala nola Eusko Jaurlaritzak, foru aldundiek, kooperatibek, sindikatuek, patronalak eta BGAE borondatezko gizarte aurreikuspenerako erakundeek.

BGAE edo pentsio osagarriak nahiko hedatuta daude Gipuzkoan, Geroaren bitartez. Gipuzkoako metalgintzako lan hitzarmenak sortu zuen BGAE hori, baina gero harekin bat egin dute lurraldeko beste hainbat sektoretako itunek, eta gaur egun langileen erdiek baino gehiagok dute enpleguari lotutako pentsio osagarri bat. Araban eta Bizkaian, ordea, langile publikoek, kooperatibista batzuek eta Kutxabank, Tubacex eta beste enpresa batzuetako langileek dituzte, gutxi gorabehera langileen %15ek. Nafarroan ere gutxi hedatuta daude.

Eusko Jaurlaritzak landu duen dekretuan, enpleguari lotutako pentsio osagarriak arautu nahi dituzte. Eta, zehazki, lehentasuneko BGAEak; hau da, enplegatzaileen eta langileen ekarpenarekin hornitzen diren pentsio planak. Horietako hiru daude gaur egun: Geroarena, Elkarkidetzarena (udaletako eta aldundietako langileena), eta Lagun Aro (Mondragoneko eta beste kooperatiba batzuetako langileena).

Plan horien helburua da langileak erretiroa hartzen duenean pentsio osagarri bat eskuratzea hilero. Hots, jarritako dirua errenta gisa kobratzea. Baina arazoa sortu da Geroa-ko kide batzuek eskatu dutelako jarritako kapitala kolpe batean berreskuratzeko, eta ez errenta gisa. Geroa-ko Kaltetuak izeneko talde bat osatu dute beren aldarrikapenak defendatzeko.

Araua, errentan jasotzea

Jaurlaritzaren dekretuak nabarmendu du BGAEen helburua dela pentsio osagarria errenta gisa banatzea, baina kapitala aldi bakar batean eskuratzeko modua ere jarriko du, baldintza batekin: jarritako kapitalak izan beharko du ezkontidea ardurapean duen gutxieneko pentsioa halako bat eta erdi; 2024. urtean, 36.166 euro.

Kapital hori baino gehiago dutenek ere izango dute aukera bat %20 ordainketa bakarrean jasotzeko.

Dekretuak beste aukera bat ematen die gaur egun jada lehentasuneko enpleguko BGAE batean daudenei: ezkontidea ardurapean duen gutxieneko pentsioa halako hiru baino gutxiago dutenek kolpe batean berreskuratu ahalko dute —gaur egun, 43.400 euro—, eta gehienez %25 hortik gorako aurrezkia pilatu dutenei.

Azken neurri hori soilik Geroa-ko 300.000 gaur egungo bazkideei eta Elkarkidetzako 30.000ei eragiten die, Lagun Arok ez duelako dirua ordainketa bakarrean berreskuratzeko aukerarik ematen, eta besteek bai.

Autonomoentzat ere bai

Jaurlaritzaren asmoa da dekretuaren bitartez bidea erraztea Arabako eta Bizkaiko lan hitzarmenek ere Geroaren moduko BGAEak osatzeko bidea. Lurralde bakoitzak berea izango lukeen arren, hasieran behintzat Geroa-ko langileek kudeatuko lukete, esperientzia badutelako.

Baina Gasteizko gobernuak ez du nahi enpleguko pentsio osagarriak soilik soldatapeko langileentzat izatea. Horregatik, Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak iragarri du hitzarmen bat egin duela hiru lurrraldeetako merkataritza ganberekin, langile autonomoek ere beren BGAE propioa izan dezaten. Gogorarazi duenez, haien batez besteko pentsioa 1.100 eurokoa baizik ez da —soldatadunena, 1.750 euro—, haietako askok gutxienekoa soilik kotizatu dutelako Gizarte Segurantzan.

BGAE-ak

Zer dira BGAEak?
Borondatezko gizarte aurreikuspenerako erakundeak dira, gaztelerazko EPSV laburdurarekin ere ezagunak. Edo, beste modu batera esanda, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan pentsio osagarriak kudeatzen dituzten erakundeak.

Zer egiten dute?
Langilearen errentaren zati bat gordetzen dute, erretiroa hartzean diru sarrera gehigarri bat izan dezaten.

Zenbat motatakoak daude?
Bi dira nagusiak: indibidualak eta enplegukoak. Lehenengoak langileak berak kontratatzen ditu bere finantza erakundearekin, eta egiten dituen ekarpenek hornitzen dute. Bigarrenak, berriz, enpresa edo sektore batean sortutakoak dira, eta enpresaren eta —batzuetan— langilearen ekarpenarekin hornitzen dira.

Zenbat BGAE daude?
Euskadiko BGAE Federazioan enpleguko 29 BGAE, 25 indibidual eta bi asoziatu daude.

Zenbat kide dituzte?
2023ko hirugarren hiruhilekoaren arabera, 1.152.086 kide zituzten, eta 27.000 milioi euroren kapitala zuten.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.