Pentsioen sistema «propio eta publiko» bat lortzeko bidean urratsak galdegin ditu LABek, eta «trantsizio» horretan egiteko modukotzat dauzkan zenbait proposamen «ausart» plazaratu. Nagusiki, bat: Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak gizarte segurantzaren kudeaketa ekonomikoaren eskumenaren jabe egitea. Horrekin batera, BGAE borondatezko gizarte aurreikuspenerako erakunde publiko bat sortzea proposatu du, eta zaintzagatiko «konpentsazio pentsio» bat sortzea, besteak beste.
Sindikatuak Haritik argitalpenaren azken zenbakian aztertu ditu pentsio sistema propio baterako aukerak, eta horren ondorio nagusiak ezagutarazi dituzte ostegun honetan Igor Arroyo koordinatzaile nagusiak eta Amanda Verron politika publikoen azterketa arduradunak, Bilbon egindako agerraldi batean.
LAB-en azterketa osorik, hemen
Arroyok azpimarratu duenez, «pentsio duina bermatzeko benetako alternatiba bakarra» sistema propio bat da. Aitortu du, hala ere, gaur egungo zatiketa administratiboak eta gizarte segurantzen sistemak Espainiako eta Frantziako gobernuen esku egoteak erabat baldintzatzen duela sindikatuaren proposamena. Dena den, azpimarratu du aukerak egon badaudela egungotik abiatuta bide hori urratzeko.
LABen txostenean azpimarratzen denez, gizarte segurantzaren parte bat behintzat eskualdatu daiteke Espainiako Gobernutik Hego Euskal Herriko erakundeetara. Gernikako Estatutuak eta Nafarroako Foru Hobekuntzak beren eskumentzat jasotzen dute gizarte segurantzaren legedia garatzea eta erregimen ekonomikoa kudeatzea, baina orain arte ezer gutxi edo ezer ez dute egin hori eskuratzeko.
Sindikatuaren arabera, horrek aukera emango luke, besteak beste, zehatzago jakiteko pentsio sistemaren diru sarreren eta gastuen errealitatearen berri; adibidez, sistema propio baten bideragarritasunari buruzko kalkuluak egin ahal izateko. Kudeaketa horrek, halaber, modua emango luke administrazioko langileen artean esperientzia eta ezagutza metatzeko, eta hori lagungarria izango litzateke gizarte segurantzako eskumena erabat gauzatzeko orduan.
Hori, aurrera begira. LABen azterketak, baina, badu gaur egun egiteko moduko proposamen bat. BGAE borondatezko gizarte aurreikuspenerako erakunde publiko bat sortzea. Espainiako legediak horretarako aukera ematen die euskal erakundeei ere. Arroyo oso kritiko mintzatu da orain arteko BGAEen eredua dela eta. «Porrot» egin duela dio, negoziazio kolektiboen menpe baitaude eta, hortaz, langile asko kanpoan geratu dira, bitik bat. «Ez dute balio izan gehien behar dutenen pentsioak duintzeko», salatu du.
Horrez gain, esan du egungo BGAEak «beste finantza produktu bat» bilakatu direla, hasieran zuten helburuetatik urrunduta. Gogoratu duenez, arrazoi horiengatik eta beste batzuengatik erabaki zuen LABek duela bi urte BGAEen zuzendaritza organoak uztea.
Hala, sindikatuak enpleguari loturiko BGAE edo sistema osagarri «publiko, unibertsal eta birbanatzaile bat» sortzea proposatu du, sektore arteko akordio baten bidez arautuko litzatekeena. «Egungo legediaren arabera posible bada patronalak eta sindikatuek adostea BGAE batean zer-nolako ekarpenak egin, uste dugu modua izan behar dela sektore arteko akordio baten bidez pentsioen eredu osagarri unibertsala sortzeko, kontrol publikoa izango duena eta errenta apalagoei ekarpen handiagoa egingo diena, errenta gutxitu ahala patronalaren ekarpena proportzionalki handituz», azaldu du LABeko koordinatzaile orokorrak.
Genero arrakala
Bi proposamen horiez gain, beste bat ere nabarmendu Arroyok: zaintzagatiko konpentsazio pentsioa sortzea, «alarguntza pentsioa ordezteko eta kotizatzeko eskubidea ukatu zaien emakumeekin gizarteak duen zor patriarkala ordaintzeko».
LABeko politika publikoen azterketa arduradun Amanda Verronek adierazi duenez, emakumeak dira egungo pentsio sistemaren kaltetu nagusiak. Gaur egun pentsioetan genero arrakala %40 ingurukoa dela azpimarratu du. Hala, Hego Euskal Herrian, gizonek batez beste 517 euro gehiago kobratzen dute hilean emakumeek baino.
Verronen arabera, Hego Euskal Herrian 200.000 pentsiodunek baino gehiagok 1.080 eurotik beherako diru sarrerak dituzte, eta horien artean ia %70 emakumeak dira. Pentsiodun guztien artean, %10ek soilik dute pentsio bat baino gehiago, baina horietatik %80 emakumeak dira, «zaintza lana ez aitortzearen ondorioz». Ipar Euskal Herrian ere, pentsio osagarriak jasotzen dituztenen %90 emakumeak dira.
Zaintzagatiko pentsio horrez gain, LABek euskal erakundeei eskatu die «berehala» ezar dezatela 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eta jar ditzatela bitartekoak hamalau ordainketako 1.260 euroko pentsiora iristeko, DSBEaren edo Nafarroako errenta bermatuaren bidez.