Pello Rodriguez. DanobatGroupeko zuzendari nagusia

«Bezeroak zer nahi duen ez badakigu, 4.0 teknologia zertarako?»

DanobatGroupek irabazi du Gipuzkoako Bazkundearen Gipuzkoa Enpresa saria. Debabarreneko kooperatiben taldeak atzerrian egiten ditu bere salmenten %90; makina erremintako liderra da.

xabier martin
Donostia
2018ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
DanobatGroup munduko makina-erremintaren liderretako bat da. Ez orain, aspalditik baizik. Pello Rodriguez (Urretxu, 1975) zuzendari nagusia gustura azaldu da Gipuzkoa Enpresa saria jasotzea «zure jendeak egiten dizun aitortza» delako. Iñigo Uzin Mondragon taldeko presidentearen lekukoa hartu zuen orain bi urte Rodriguezek Debabarreneko kooperatiba talde beteranoaren gidaritzan. 4.0 industriaren abangoardian kokatzeko abiatuta zegoen norabidean sakondu du Rodriguezek.

Danobat, Soraluce, Goiti, Goimek eta Latz enpresek osatzen dute taldea, baita IK4-Ideko teknologia zentroak ere. 1.300 langilek dihardute haietan, gehienak kooperatibistak. Balio erantsi handiko produktuak giltza eskura lerroen bidez eskaintzen ditu mundu osoan; 300 milioi euro inguruko salmenten %90 mundu zabalean egiten ditu taldeak, besteak beste nazioartekotze maila hori atzerrian zabaldutako lan zentroekin egituratu duelako. Alemanian, Erresuma Batuan eta AEBetan lantegiak ditu, eta ordezkaritzak Txinan, Indian, Australian eta Italian.

Gipuzkoako Bazkundeak saritutako beste enpresak honako hauek dira: Ekide Group (enpresa nazioartekotzearen saria), Silam (ETE enpresa industrialaren saria) eta RL Components (zerbitzu enpresaren saria).

Ez da aspaldikoa industriaren motorra gripatu zeneko garaia; oso aspaldikoa ematen du DanobatGroupen martxari begira, ordea.

Gipuzkoan gaude, baina bilbotarren erara ariko naiz: krisia ez dugu hainbeste pairatu guk, oso esparru espezializatuan gaudelako. Datu makroak hor daude, baina gureak beste batzuk dira.

Zuen emaitza ikusgarriek distira pixka bat galdu zuten bolada batez, ezta?

Ez pentsa; makina-erremintan egonkortasun bat edukitzea oinarrizkoa da. Sektorea oso ziklikoa da, eta aro txarretan eutsi egin behar zaio, aro onetan behar bezain beste gihar egon dadin irabazteko. Emaitzen kontua ere zikloen araberakoa da, baina gure egoera ona dela esango nuke.

Txapeldunen ligan ari zarete makina-erremintaren alorrean. Zein da sekretua iritsi eta liga horren mailari eusteko?

Gure bezeroa kanpoan dago aspaldian, eta guk kanpoan egon behar dugu. Gure enpresan ez dute komertzialek bidaiatzen bakarrik; nork ez duen bidaiatzen galdetuko nuke. Gure lantaldearen portzentaje handi bat kanpora ateratzen da. Zer ekartzen duen horrek? Bezeroaren albo-alboan egotea, eta haren beharrak zein diren ongi ulertzea. Hori da benetako abiapuntua: zure bezeroak ongi baino hobeto ezagutu behar dituzu, benetan behar duena eskaintzeko. Zertarako eduki ahalmen teknologiko izugarria, ez badakigu zer eskaini behar dugun?

4.0 teknologiaz asko hitz egiten da aspaldi honetan...

Bai, baina zertarako nahi dugun zehaztu behar da. Teknologia horri benetako emaitzak ateratzeko bezeroen beharrak berta-bertatik ezagutu behar dira. Eta ondoren, jende trebatua behar da, behar bezalako jarrerarekin, denak batera bultzatzeko.

Kooperatiba bat izateak nola eragiten du balio erantsi handiko enpresa batean aritzeko orduan?

Teorian onerako da kooperatiba izatea, eta praktikan askoz hobea. DanobatGroupen hasten direnen gehien-gehienek jarraitu egiten dute gurekin, proiektuan sinesten dutelako, eta horrek lagundu egiten duelako enpresarekin identifikatzen. Batzuek zamak aipatzen dituzten arren, kooperatiba izateak lagundu egiten du, zalantzarik ez. Gaur egun, gure balioak bere egin nahi dituzten enpresa asko daude, baina ez dira kooperatibak, hori da kontua.

Trumpen muga zerga berrien beldur ote zaudete?

Zuzen-zuzenean ez gaitu eragingo akaso, baina epe motzean badakizu zer gertatzen den gauzak harrotzen direnean, bezeroen inbertsioak hozten direla, eta hori kate bat da. Eta badakigu gure sektorera ere iritsiko dela olatua, igual. Kontua da, orain edo geroago, makinak beharko direla. Baina bai, etor daiteke moteltze fase bat.

AEBetan ere makinak saltzen dituzue. Nola egin behar diozue aurre etor daitekeen ekaitz horri?

Kontuan hartu behar da beti azaltzen direla indartzen diren sektoreak; beste batzuk, berriz, hoztu egiten dira. Eolikoek krisia izan dute, baina fotovoltaikoak gora doaz, eta indartsu. Galdetu Mondragon Assemblyn. Alegia, beti daudela aukerak ondo doazen sektoretan sartzeko; egin behar dena da bizi ibili.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.