Bezeroak irabazten eta dirua galtzen sartuko da Euskaltel Masmovilen

Kablea ordezkatzeak 5,5 milioi euroren galerak ekarri dizkio urteko lehen erdian. Etzi amaituko da Masmovilen eskaintza onartzeko epea

Euskaltelen egoitza nagusia, Bizkaiko Parke Teknologikoan, Derioko lurretan. LUIS TEJIDO / EFE.
Iker Aranburu.
2021eko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Euskaltelek zenbaki gazi-gozoekin esango dio agur enpresa independente gisa egin duen 25 urteko ibilbideari. Diru-sarreretan (+%1,5) eta bezeroetan gora doan konpainia bat hartuko du haren jabe berriak, Masmovilek, baina aurten behintzat ez dio mozkin handirik emango: urtarriletik ekainera 5,5 milioi euro galdu ditu, bere sarea zuntz optiko moderno batengatik (FTTH) ordezkatzen hasi delako. Jada 340.000 etxetara doan kablea aldatu du, eta horretan arituko da ondoko urteetan ere, hasierako teknologia zaharkitua geratu zaiolako. Derioko telekomunikazio enpresak ziurtatu du gastu hori gabe urteko lehen erdian 13,4 milioi euroren irabazia izango zukeela.

Aste erabakigarria da hau Euskaltelentzat: ostiralean amaituko da epea haren akziodunek Masmovilen erosteko eskaintza onartzeko. Ez dago zalantzarik erosketak aurrera egingo duela, Euskalteleko hiru akziodun nagusiek onartu egin baitute Espainiako telekomunikazio enpresaren eskaintza: Zegona funtsak, Kutxabankek eta Alba korporazioak. Hiruren artean akzioen %52,3 dituzte. Masmovilek azaldu izan du gutxienez %75 erosi nahi dituela, eta, horretarako, prezio erakargarria pagatuko du: 11 euro. Hasieran 11,7 euro ziren, baina jaitsi egin zuen gero, akziodunek beren buruari emandako saria deskontatuz. Martxoaren amaieran, eskaintza egin zuenean, 9,5 euroan salerosten zen Euskaltelen akzioa. 2015eko uztailean hasi zen kotizatzen, eta, oso gutxitan gainditu duenez 11 euroen muga, akzioa burtsan erosi duten gehienek negozioa egingo dute akzioak Masmovilen esku utzita.

Enpresa 1995ean sortu arren, 1996an jaso zuen operatzeko baimena Euskaltelek, EAJk Jose Maria Aznar PPko lehendakarigaiaren inbestidurari bide emateko egindako itun baten ondoren. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan soilik aritzen zen konpainia txiki bat zen hasieran, batez ere diru publikoarekin finantzatuta, eta orain Nafarroara eta inguruko eremuetara ere hedatuta dagoen konpainia guztiz pribatu bat da.

Azken urteetan Zegona inbertsio funts britainiarrak kontrolatu du, eta lortu du bere helburua: konpainia handiagoa eta errentagarriagoa egitea, bere partaidetza mozkinekin saldu ahal izateko.

Virgin Telcoren geroa

2021eko lehen erdia 863.000 bezerorekin amaitu du Euskaltelek, horietatik 80.000 azken urtean lortutakoak. Bezero horietako gehienak Espainia erdialdean eta hegoaldean hedatzeko sortutako Virgin Telco markaren bidez bereganatu ditu Euskaltelek—122.000 ditu—, eta horrekin konpentsatu ditu bere eremu naturalean izandako galera batzuk.

Virgin Telco markaren arrakasta nabarmendu du Euskaltelek, baina ikusteko dago luzaroan iraungo ote duen. Izan ere, Masmovilek bost urterako konpromiso bat du Euskaltel markari eusteko Hego Euskal Herrian, R markari Galizian eta TelecableriAsturiasen, baina Meinrad Spenger buruzagiak ez du argitu Virgin Telcorekin zer egingo duen.

Jarraitu egingo du, ordea, Euskaltelekin Euskal Herrian lehiatzeko Masmovilek Dominionekin batera sortutako Guuk markak, Juanan Goñi haren kontseilari ordezkariak joan den asteburuan BERRIA-n ziurtatu zuenez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.