Nekazarien haserrea baretzeko jokatuko dituen kartak erakutsi ditu Nafarroako Gobernuak. 49 neurrien artean, bada nekazarien likidezia erraztuko duen bat: BEZaren itzulketa sei astera egitea, eta ez sei hilabetera. Proposamen horrek eta besteek ez dute erantzun txarrik jaso sindikatuen aldetik, ezta azken protesten atzetik dagoen Otsailaren 6a plataformako bozeramaileen aldetik ere; «sentsazio onekin» atera dira bileratik, baina orain ikusi behar da hori nahikoa ote den mobilizazioak eteteko. Lehen erreakzioetan zatiketa ikusi da: traktoreekin etxera joan dira haietako asko, baina beste talde bat Iruñe erdialdera itzuli da iluntzean, Espainiako Poliziak bidea trabatu dion arren.
Aurreko asteko bileran eragileen proposamenak entzun ondotik, Jose Luis Arasti Ekonomia eta Ogasun kontseilariak eta Jose Mari Aierdi Landa Garapeneko kontseilariak proposamen sorta bat aurkeztu dute. Nekazaritza arloan, gobernuaren eskumen ez diren auzietan, Nekazaritza Politika Bateratuko baldintzak malgutzeko eta tramitazioak azkartzeko konpromisoa azaldu du. Beren ardurapeko kontuetan, beren asmoen berri eman diete: adibidez, Elikagai Katearen Legea betetzen den jakiteko, ikuskaritza gehiago egiteko asmoa dute, eta elikagai katearen prezioen behatokian ekoizpen kostuen argitalpena sistematizatu nahi dute.
Astelehenean bilduko dira berriz sektoreko eragileekin, proposamenak eta aldarrikapenak hitzartu eta dokumentu hori Luis Planas Espainiako Nekazaritza ministroari bidaltzeko asmoz. Aierdik esan die plataformako kideei aurrerantzean sindikatuen bitartez soilik negoziatuko duela, eta haien bitartez bideratzeko eskaerak.
Arloko eragileekin elkarlanean, gobernuak konpromisoa hartu du urte baten buruan Landa Garapeneko eta Lurralde Kohesioko legeak lantzeko, despopulazioari eta sektorearen beharrei erantzutea helburu gisa hartuta.
Zerga arloan, martxoan, behin parlamentuan aurrekontuen eztabaida amaituta, gobernuak lantalde bat osatuko du nekazaritza sindikatuekin. Plataformako kideak kexu dira Nafarroako laborariek desabantailak dituztela Hego Euskal Herriko gainerako lurraldeen eta Espainiako erregimen komunaren aldean. Sektorea laguntzeko neurriak aztertuko dituzte talde horretan, baina gobernuak argi utzi du hori parlamentuari dagokion auzia dela. Gainera, gobernua prest dago belaunaldi arteko erreleboa sustatzeko diru laguntzak handitzeko eta aktibatzeko.
BEZari dagokionez, Espainiako egungo legediaren arabera, BEZ murriztua edo BEZ zerga ez duten produktuak ekoizten dituzten laborariei dirua itzultzeko epea sei hilabetekoa da. Nafarroako Gobernuak Madrili eskatuko dio beharrezkoa dela legedia moldatu eta malgutasun handiagoz aplikatzea, laborariei «hiru hilean behin» itzul diezaieten. Hori gertatu bitartean, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak aukera emango du eskaera egiten denetik sei astera jaso dezaten dirua.
Nekazariak eta foruzainak
Eguerdian hasi da bilera Landa Garapeneko Departamenduan. Haren alboko kaleak moztuta zeuden, eta bilerak zer emango zain zeuden kanpoan 200 laborari inguru. Foruzaingoak istiluen aurkako poliziak bidali ditu Francisco Bergamin kalera, zer gerta ere. Bilera amaituta, plataformako lau kideek ordu erdi baino gehiago pasatu dute kanpoan zirenei zer esango pentsatuz. 15:00ak pasata atera dira, eta, noranahiko batera igota, bozgorailu batekin hitz egin diete bertaratutakoei. «Ez dugu nahi genuen guztia lortu, baina nahiko kontent geratu gara», laburtu du Carmelo Makua plataformako kideak. Txaloka hartu dute.
Salvador Moreno plataformako beste kideetako batek «positibotzat» jo du bilera, eta azpimarratu du lortutakoa azken bi asteetako protestei esker lortu dela. Morenoren arabera, gobernuak proposatutako lan ildoa «nahiko osoa» da, «bai hari dagozkion gaietan bai eta hartutako konpromisoetan». Zerga arloan, berriz, ez da «hain baikor» atera. «Fiskalitatea konplexuagoa da», esan du eta gaineratu du nekazaritza sindikatuek hiru urte daramatzatela hori lortu nahian. «Gezurra! Sindikatuek traizio, traizio eta traizio besterik ez dute egin», erantzun dio laborarietako batek.
Tentsioa sortu da beste kide batek arrapostua eman dionean, ea bera nor den inor auzitan jartzeko. Beste batek, berriz, beste galdera bat egin du: «Eta protestekin jarraitu behar al dugu?». Azalpenak entzun ahala, ematen zuen batzuk konforme zeudela, baina beste batzuek buruarekin ezezkoa adierazten zuten. Haietako batek galdetu du ea gobernuak sinatu ahal duen ezer, «bestela ez baitu balio». «Har dezagun traktoreekin Iruñea», entzun da haietako baten ahoan. Apurka, baina baretuz joan da giroa, eta itxuraz, konforme samar geratu dira.
Sindikatuen iritzia
Felix Bariain UAGNko presidentea baikor azaldu da Landa Garapen Departamentuak egindako proposamenen harira, eta «ez hainbeste» zerga arloan proposatu direnekin. «Sortu den mugimenduaren ostean, aukera historiko bat galtzen ari gara Nekazaritza Politika Bateratua aldatzeko».
EHNEko presidente Fermin Gorraizek espero du sortuko diren lantalde horiek guztiak lanean hastea «neurriak zehazten joan daitezen». NPBri dagokionez, gogora ekarri du politika horrek ustiategiak desagertzera bultzatzen dituela. Haren ustez, NPBko eskubideak estatuen esku egon beharko lirateke, gobernuek jarduera duen laborari utz diezaion eskubide hori, eta ez dadin horrekin salerosketarik egin.
UCANeko Esther Burgik ontzat jo du bileran gobernuak proposatutakoa.
gobernuaren proposamenak
- Nekazaritza politika bateratua sinplifikatzeko eskatuko dio Espainiako Gobernuari.
- EBn sartzen diren nekazaritza produktuek EBko ekoizleen osasun, ingurumen eta lan baldintzak betetzeko eskaera bideratuko dio Madrili, hark Bruselara eraman dezan.
Administrazioarekin harremanetan izateko ez da derrigorrezkoa izango hitzordua aurretik eskatzea. NPBa tramitatzeko lantaldea handitzea eskualdeetako bulegoetan.
BEZaren itzulerak gehienez sei asteko epean egitea —orain sei hilabete dira—.
Errotazioan dauden lurretan, txandakatu beharreko eremua %25era jaistea eta lugorria %40ra igotzea.
Ureztatze sistemak modernizatzea.
Diru gehiago jartzea muturreko eguraldiaren aurkako aseguruak egiteko.
Elikagai katean kontratuak betearazteko kontrolak bikoiztea. Saltoki handien irabazi tarteak kontrolatzea.
Ekoizpen kostuak argitaratzea Elikagai Katearen Prezioen Behatokiaren bitartez (sortzen denean).
Nafarroako ardoaren kontsumoa suspertzeko plan bat adostea.
Abeltzaintza estentsiboa laguntze aldera, laguntzak ematea lepokoak erosteko, garbiketa lanetarako eta beste azpiegituretarako.
Diru laguntza lerro bat sortzea belaunaldien arteko ordezkapena errazteko.