Merkataritza

Betikoak, baina ez betirako

Askotariko arrazoiak direla medio, historia luzeko zenbait saltokik eta jatetxek negozioa utzi dute azken hilabeteetan. Jabeak ez ezik, bezeroak ere hunkituta geratu ohi dira itxiera horien berri izaten dutenean.

Legorretako Arregi okindegia. GIPUZKOAKO HITZA
Miren Garate.
2022ko azaroaren 11
12:25
Entzun

Batzuek itxi eta besteek ireki. Alde horretatik, beste sektore batzuek baino mugimendu handiagoa izaten dute merkataritzak eta ostalaritzak. Badira, ordea, beti hor egon direnak, herriko paisaiaren parte izan direnak, eta harridura eragin ohi du haietakoren batek lanean ez jarraitzeko erabakia hartzeak. Alabaina, historia luzeko zenbait denda eta jatetxek itxi dituzte ateak azken hilabeteotan Gipuzkoan. Donostian bertan bakarrik, Txokolo jatetxea, Arakistain okindegia, La Esperanza arropa denda, La Dalia mertzeria, Ciprian ehungintza denda, Gurutz liburu denda, El Puerto itsaski denda, Eceiza altzari denda eta abar daude zerrenda horretan.

Legorretako dendarik zaharrena zen Arregi okindegia, eta aurreko astean izan zuen azken laneguna; Igeldoko (Donostia) Mendizorrotz jatetxeak irail amaieran zerbitzatu zituen azken otorduak; eta Donostiako Los Italianos kafetegi eta izozki dendak azken egunak ditu zabalik.

«Zorionez, bezero eta langile oso onak izan ditugu» (Arregi okindegia, Legorreta, Gipuzkoa)

Urriaren 31n izan zuen azken laneguna Legorretako saltokirik zaharrena zenak: Arregi okindegiak. «Hainbeste urtez irekita egonda, arraro samar egiten da itxita ikustea, bai», aitortu du Marivi Goiak. Urduritasun eta emozio handiko egunak izan direla kontatu du. «Zorionez, bezero eta langile oso onak izan ditugu. Herri txiki bateko denda bat izan gara. Herrian, batzuentzat panaderiakoak gara, eta, beste batzuentzat, denda zaharrekoak». Egunotan, jende asko joan zaie kalean, denda ixteak egundoko pena eman diela esatera, beren haurtzaroko denda guztiak itxita daudelako jada.

Haren aitona-amonek ireki zuten saltokia. Errezildarra zuten aitona, Juan Arregi, eta beizamarra amona, Tomasa Elosegi. Aitona, hasieran, Ordizian aritu zen okin. Okindegi propioa nahi zuten, ordea, eta, Legorretan ez zegoenez halakorik, hara jo zuten, Etxezarreta paper fabrikako nagusiak aholkatuta. Ez dakite ziur noiz izango zen, baina Goiak dio duela 90 urte baino gehiago jarriko zutela martxan Arregi okindegia.

Legorretan bertan, beste toki batean zegoen aurrena, baina uholdeek labea izorratu zuten, eta, 1955ean, gaur egun denda eta etxea duten eraikina egin zuten, labe berria jartzeko. Aitona gazte hil zen, eta amonak jarraitu zuen, Goiaren amaren, osabaren, izebaren eta langile batzuen laguntzarekin. «Badut horri lotutako anekdota bat. Aitona Baliarrainera joaten zen ogia banatzera. Egun batetik bestera hil zen, eta amona-eta oso kezkatuta omen zeuden, ez baitzekiten nola egin banaketa». Ezagun batek esan zien astoari kasu egiteko. «Eta hala egin zuten. Astoa kargatu, eta baserriz baserri joan omen ziren: astoa geratzen zen tokietan, ogia uzten zuten; beste baserri batetik pasatzean ez bazen geratzen, horrek esan nahi zuen han ez zutela utzi behar. Horrela moldatu omen ziren lehen egunetan».

Osaba hil ostean, 1997an, ogia egiteari utzi zioten, baina dendari eutsi zion Patxi Goiak, Marivi arrebaren laguntzarekin eta langile batekin. «Irakaskuntzan lan egin izan dut nik, baina ahal nuen guztietan lagundu diot anaiari. Familiako negozioetan badakizu nola izaten den…».

«Penagatik», itxiera atzeratuz joan dira, baina, dioenez, noizbait itxi beharra zegoen. Anaiak 70 urte ditu, eta Ticket Bairen kontua ere bazetorrenez, pentsatu zuten hauxe zela garai egokia. Ogia izan da dendako produktu nagusia hasieratik, baina saldu dituzte bestelakoak ere: janaria, edariak eta garbiketarako gauzak. «Lekaleak, fideoak, azukrea eta horrelako produktuak soltean saltzen genituen. Akordatzen naiz maionesa erosteko ere jendeak ontzia etxetik ekartzen zuela».

Bestelako ohitura aldaketei aurre egitea ere egokitu zaie; adibidez, saltoki handietan erosteko ohiturei. «Zorte handia izan dugu guk, eta bezero leialak izan ditugu». Dendaren bueltan egin dute bizitza; ogia saltzen zutenez, egunero irekitzen zutela azaldu du, baita jaiegunetan ere. Eskualdatzerik ez dute izan buruan amaieran. «Izan ere, denda gure etxearen barruan dago, ez dago pribatutasunik, eta ezin zen».

«Hainbeste lan etekinik ez izateko? Horretarako, hobe etxeko sofan» (Los Italianos izozki denda, Donostia)

Argi mintzo da Jose Mari Arin Donostiako Aldamar kaleko Los Italianos kafetegi eta izozki dendako nagusia. «Jada ez daukat borrokatzeko indarrik». Oporraldi labur bat egiten ari dira, eta asteazkenean itzuliko dira lanera, azken txanpa egitera: azaroaren 30ean itxiko dituzte ateak. «Dena gora eta gora eta gora doa. Egunero, prezio berrien zerrenda jasotzen nuen. Eta zuk 20 zentimo igotzen duzu izozkiaren prezioa, eta bezeroak kexaka, oso garesti dagoelako». Kito esatea erabaki du. Kontatu du pandemiatik «arrastaka» zetozela, baina aurtengo uda ondo joan dela, lan asko egin dutela. Itxiera ez du bezero faltak eragin. «Baina pagatu eta pagatu, eta pentsatzen duzu: 'Zer egin behar dut, kafea lehen halako bi kobratu? Hainbeste lan etekinik ez izateko? Horretarako, hobe etxeko sofan'».

61 urte egitera doa Arin, eta 46 egin ditu Los Italianosen lanean, azken hamarkadak nagusi moduan —saltokia Giuseppe Moncalvo eta Matilde Priamo bikoteak ireki zuen, 1939an—. 61 urte eginda ditu Antonio Jauregi langileak ere, eta 32 urte daramatza han lanean. Itxierak «izugarrizko tristura» ematen diola kontatu du Jauregik ere, haren nagusiak bezain hunkituta.

Jauregiren esanetan, argindarraren prezioa izan da «azken errematea». Izozkiaren osagai guztiak ere garestitu zaizkie: esnea, kakaoa, hurrak, azukrea… Aurreko bi urteak ere ez dira samurrak izan. «Pandemiagatik, arratsaldeko kafea utzi egin du jendeak. Herrietatik etortzen zen jendea ere gutxitu zitzaigun. Baina prezioen igoerak eragin du itxiera». Aurtengo udan, beste arazo bat gehitu zitzaien: ezin langilerik aurkitu. «Beste urteetan, ez dugu arazorik izan, baina orain gazteek ez dute lan egin nahi igandeetan. Ez dakit nondik ateratzen duten dirua. Nik 32 urte daramatzat igandeetan lanean».

Jauregik azaldu du ez dagoela laguntzarik saltoki txikientzat, erakundeek ez dituztela babesten. «Komertzio txikia pikutara doa, eta inguruko saltokiei begiratzea besterik ez dago: denak ixten ari dira». Bezero asko jarri dira haiekin harremanetan itxieraren berri izan orduko, azken izozkiak eskatzeko. Galdetzen diete nolako agurra egingo duten. «Ez dakit zer uste duten, baina ez gaude su festa egiteko. Despedida tristea izango da. Ez daukat hitzik daukadan tristura adierazteko».

«Gauza asko jasan behar izaten dira, baina bezero asko lagunak dira jada» (Mendizorrotz jatetxea, Igeldo, Gipuzkoa)

Igeldoko Mendizorrotz jatetxea irailaren amaieran itxi zuten. Erretiroagatik. Nekane eta Victor Etxebeste anai-arrebak eta Esperanza Remiro koinata izan dira negozioaren buru azken hogeiren bat urteetan. «Anaia eta ni erretiro adinera iritsita gaude, eta koinatari urtebete falta zitzaion. Leher eginda geunden, eta itxi eta bakea. Goza ditzagun geratzen zaizkigun urteak».

Hirugarren belaunaldia ziren. Ez dakite zehatz-mehatz noiz ireki zuten jatetxea. «Ni 1956koa naiz, eta ordurako martxan zegoen». Tabernan hazi dira anai-arrebak. «Umetan, etxean bezala izaten zen: eraman plater hau hara, edo ekarri hura… Eta, gero, serioago hasi ginen laguntzen». 1969-1970ean berritze lan handiak egin zituzten, jatetxea azkenaldian zen bezala jartzeko.

Aitak erretiroa hartu zuenean, negozioa jarraitzea eskaini zien, eta Etxebestek kontatu du ez zutela zalantzarik izan, eta anaiaren, koinataren eta hiruren artean aurrera egitea erabaki zutela. «Gustatzen zitzaidan tabernako lana. Gauza asko jasan behar izaten dira, baina bezero asko astero etortzen ziren, eta bezeroak baino gehiago, lagunak dira jada. Beti badaude mareatzen zaituzten bezeroak, baina beste horiengatik merezi zuen tabernako lanak».

Aste batzuk pasatu dira jatetxea itxi zutenetik, eta, oraingoz, oso pozik dagoela dio Etxebestek. «Oraindik nekea pilatuta dugulako izango da. Lanaren faltarik ez dugu nabarituko gero ere, baina tabernako saltsa horrena eta betiko bezero horiena bai, agian». Behin negozioa itxita, saltzea du buruan orain familiak. «Alokatzea baino nahiago dugu, eta ea norbait animatzen den erostera».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.