Euskal enpresa sarea goranzko joeran ikusten du Elkargik, «erronkaz eta mehatxuz beteriko egoera bat» bada ere oraingoa. Mehatxu horietako bat da enpresa askok orain hasi behar dutela itzultzen pandemiaren garaian hartutako COVID maileguak, oraindik jasandako kaltea leheneratzerik izan ez dutenean. Horiei mezu itxaropentsu bat eman die Elkargik: Eusko Jaurlaritzak beste urtebetez luzatuko du mailegu horien gabealdia.
Gaur egin du Elkargi elkarrekiko berme sozietateak 32. Enpresa Topaketa, Donostiako Kursaalean. Josu Sanchez Elkargiko presidenteak eta Zenon Vazquez zuzendari nagusiak 2021ari eta 2022ko lehen seihilekoari erreparatu zieten, sozietatearen balantzea eskainiz.
Iazko jarduera 370 milioi euroko finantzaketarekin itxi zuen Elkargik. Gehienbat industriara eta zerbitzuetara (%54) bideratu zuten, baita merkataritzara (%15), eraikuntzara (%12), kulturara (%9), ostalaritzara (%6), garraiora (%2,5) eta lehen sektorera (%1,5) ere.
2022ko lehen seihilekoan, Elkargiren jarduera %20 handitu da iazkoaren aldean; jada 183 milioi finantzatu ditu. Erdia baino gehiago (%55) inbertitzeko izan da, eta hamarretik lautan industria enpresak izan dira hartzaileak.
COVID maileguak
Pandemia puri-purian zela, 2020an enpresei likidezia errazteko maileguak eman zituen Elkargik, Eusko Jaurlaritzarekin batera. Orduan, 10.000 enpresa inguruk jo zuten sozietatera, finantzaketa bila. Bost urtean itzultzeko maileguak ziren, urtebeteko gabealdiarekin —dirua itzultzen hasteko epea da gabealdia—. Iaz, ordea, Elkargik eta Jaurlaritzak epea luzatu zien 5.000 enpresari: mailegua sei urtean itzultzeko aukera eman zieten, bi urteko gabealdiaren ostean.
Gabealdia uztailean amaituko zaie enpresa horiei. Halere, Vazquez zuzendari nagusiak iragarri du datozen asteetan Jaurlaritzak dekretu bidez urtebetez luzatuko duela gabealdia: «Ez dugu beharrik ikusten, baina badira zailtasunak dituzten enpresak». Ehunka gutxi batzuek eskatu dute hori. Hortaz, amortizazioa ordaintzen hasteko epea 2023ko uztailean hasiko da hala eskatu duten enpresentzat. Mailegua sei urtean itzultzeko epeak bere horretan jarraituko du.
Programa berriak
Elkargik martxan ditu beste zenbait finantzaketa bide ere. Europako Inbertsio Bankuarekin batera, 3.000 langile arteko ETEak ez direnen finantzaketa lerro bat abiatu du; «akordio historikotzat» jo du Sanchez Elkargiko presidenteak. Dagoeneko 30 milioi euro banatu ditu 30 proiektu ingurutan, eta beste hogei hitzartuko ditu aurki, 50 milioi eurora iritsiz.
Bestalde, urte hasiera aldera ekin zion Elkargik industriako enpresen hazkunderako lerro berriari, Europako Next Generation funtsen ekarpena baliatuz. 1,5 milioi eurorainoko maileguak eskaini ditu, interesik gabe, komisiorik gabe eta zortzi urtean amortizatzeko. Gaur arte 120 proiekturi lagundu die, 40 milioi euro inguru banatuz. Aurrekontua amaitu arte izango da indarrean programa hori, baina «agortzetik urrun» dago inbertsio funtsa.