Beste urtebetez luzatuko du Jaurlaritzak COVID maileguen gabealdia

Elkargik, Europako Inbertsio Bankuarekin batean, finantzaketa lerro bat abiatu du 3.000 langile arteko enpresentzat, eta 30 milioi banatu ditu

Josu Sanchez Elkargiko presidentea Enpresa Topaketan, atzo, Donostian. JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
Julen Otaegi Leonet.
Donostia
2022ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Euskal enpresa sarea goranzko joeran ikusten du Elkargik,«erronkez eta mehatxuz beteriko egoera» bada ere egungoa. Mehatxu horietako bat da enpresa asko orain hasi behar direla itzultzen pandemiaren garaian hartutako COVID maileguak, jasandako kaltea artean ere berreskuratzerik izan ez dutenean. Horiei mezu itxaropentsu bat eman die Elkargik: Eusko Jaurlaritzak beste urtebetez luzatuko du mailegu horien gabealdia.

Atzo egin zuen Elkargi elkarrekiko berme sozietateak 32. Enpresa Topaketa, Donostiako Kursaalean. Josu Sanchez Elkargiko presidenteak eta Zenon Vazquez zuzendari nagusiak 2021ari eta 2022ko lehen seihilekoari erreparatu zieten, eta sozietatearen balantzea eskaini.

Iazko jarduera 370 milioi euroko finantzaketarekin itxi zuen Elkargik. Gehienbat, industrian eta zerbitzuetan (%54) jarri zuen dirua, baita merkataritzan (%15), eraikuntzan (%12), kulturan (%9), ostalaritzan (%6), garraioan (%2,5) eta lehen sektorean ere (%1,5).

2022ko lehen seihilekoan, Elkargiren jarduera %20 hazi da iazkoaren aldean; jada 183 milioi finantzatu ditu. Erdia baino gehiago (%55) inbertitzeko izan da, eta hamar hartzailetik lau industria enpresak izan dira.

Pandemia puri-purian zenean, 2020an enpresei likidezia errazteko maileguak eman zituen Elkargik, Eusko Jaurlaritzarekin batera. Orduan, 10.000 enpresa inguruk jo zuten sozietatera, finantzaketa bila. Bost urtean itzultzeko maileguak ziren, urtebeteko gabealdiarekin —dirua itzultzen hasteko epea da gabealdia—. Iaz, ordea, Elkargik eta Jaurlaritzak epeak luzatu zizkieten 5.000 enpresari. Mailegua sei urtean itzultzeko aukera eman zieten, bi urteko gabealdiaren ostean.

Gabealdia uztailean amaituko zaie enpresa horiei. Halere, Vazquez zuzendari nagusiak iragarri du datozen asteetan Jaurlaritzak dekretu bidez urtebetez luzatuko duela gabealdia: «Ez dugu beharrik ikusten, baina badira zailtasunak dituzten enpresak». Ehunka gutxi batzuk eskatu dute hori. Hortaz, amortizazioa ordaintzen hasteko epea 2023ko uztailean hasiko da hala eskatu duten enpresentzat. Mailegua sei urtean itzultzeko epeak bere horretan jarraituko du.

Programa berriak

Elkargik beste hainbat finantzaketa bide ere martxan ditu. Europako Inbertsio Bankuarekin batera, 3.000 langile arteko ETEak ez diren finantzaketa lerroa abiatu du; «akordio historikotzat» jo du Sanchez Elkargiko presidenteak. Dagoeneko, 30 milioi euro banatu ditu 30 proiektu ingurutan; aurki, beste hogei hitzartuko ditu, eta 50 milioi euroraino iritsi.

Bestalde, urte hasiera aldera ekin zion Elkargik industriako enpresen hazkunderako lerro berriari, Europako Next Generation funtsen ekarpena baliatuz. 1,5 milioi eurorainoko maileguak eskaini ditu, %0ko interesekin, komisiorik gabe eta zortzi urtean amortizatzeko. Egun arte 120 proiekturi lagundu die, 40 milioi euro inguru banatuz. Aurrekontua amaitu arte izango da indarrean programa hori, baina inbertsio funtsa ez dago «agortuta, inolaz ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.