Suari egur gehiago botatzearen parekoa da iragarpena: energia berriztagarrien inguruko eztabaida ahoz aho dabilen honetan iritsi baita Araban beste proiektu fotovoltaiko bat jarri nahi dutenaren albistea. El Correo egunkariaren arabera, Abei Energy enpresa lursail handi baten bila dabil Agurain inguruan eguzki panelak jartzeko; 80 hektarea denera. Hori horrela, herrialdeko seigarren eguzki energia fotovoltaikoaren parkea litzateke, lautadako hirugarrena.
Gaur-gaurkoz, parke bakarra dago martxan: Ekian. Araba hegoaldean dago, Erriberabeitian, eta 55 hektarea ditu denera. Ekimen publikoz eta pribatuz sortutako gunea da, Jaurlaritzaren eta 26 enpresen artean, eta parkea osatzen duten 67.000 eguzki panelak iazko urtarriletik ari dira energia ekoizten. Handik gertu ari dira egiten Ekienea parkea ere. 200 hektarea izango ditu parkeak, eta horietatik erdiak eguzki plakez betetakoak izango dira. 100 megawatteko potentzia instalatua izango du, hots, urtean 160.000 pertsona hornitzeko gaitasuna izatea aurreikusten dute bultzatzaileek.
Baina bi horiez gain, beste bost proiektu asmo iragarri dituzte. Solaria enpresarenak dira bi: Arratzua-Ubarrundian egingo litzateke bata, eta Burgu eta Barrundia artean bestea; 50 MW sortzeko 100 hektareako bi parke lirateke. New Circle Energy enpresak ere 40 hektareako parke bat jarri nahi du, lautadan, Agurain inguruan. Herrialdearen hego-mendebaldean, Lantaronen, ipiniko lukete Repsolek eta Aldeamayor enpresak. Bi horien parkeak txikiagoak dira, nolanahi ere: 30 eta 18 hektareakoak, hurrenez hurren.
Horietako batzuek hasiak dituzte elkarrizketak kontzejuekin eta lursailen jabeekin, eta litekeena da aurki zirt edo zart egin behar izatea, proiektuarekin aurrera egin edo ez erabakitzeko.
Nekazarien protestak
Testuinguru horretan, Arabako hainbat herritako bizilagunak kexu azaldu dira energia berriztagarria ekoizteko nekazaritzarako erabiltzen diren lurrak baliatu nahi dituztelako. Hainbatek salatu dute, gainera, proiektu zehatzik gabe erabakitzera behartu nahi dituztela.
Arratzua Ubarrundiako herritarren kasua da hori, esaterako. Proiektu honi ez! izeneko elkartean batu dira herritarrak, eta salatu dute «presioak» eta «mehatxuak» jasan dituztela parkea egin nahi duen enpresaren aldetik: Solaria. Bada, erakundeei eskatu diete energia berriztagarrien lurraldeko plan sektoriala eguneratzeko, eta hori egin artean proiekturik ez onartzeko.
Beste proiektu fotovoltaiko bat iragarri dute Araban, seigarrena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu