Enpresen egoera eta lan baldintzak ez datoz bat Gipuzkoako arte grafikoen sektorean. Hori da, behintzat, sindikatuen ustea. Atzo LABek, ELAk eta UGTk azaldu zutenez, sektorea ondo dago; enpresek lan karga handiak dituzte, eta langileek KPIa baino soldata igoera handiagoa merezi dute. Uste dute, halaber, badela garaia neurri sozial jakin batzuk jasotzeko hurrengo lan itunean, beharginen lan baldintzak ezarriko dituen horretan.
Horregatik, ekainean eta uztailean lau greba egin ostean, Adegi patronalak ituna negozia dezan eta euren eskariak aintzat har ditzan, sindikatuek beste lau greba egunera deitu dute orain, irailaren 25 eta 26rako eta urriaren 2 eta 3rako. «Ez dira azkenak izango», ohartarazi dute, «sektorearentzat justua eta onargarria den hitzarmen bat lortu arte mobilizatzen» jarraitzeko asmoa dutelako.
Otsailean osatu zen Gipuzkoako arte grafikoen sektoreko negoziazio mahaia, eta hiru sindikatuek salatu dute zortzi hilabeteotan Adegik eskaintza soil eta bakarra egin diela, inflazioaren adinako soldata igoera, eta langileen eskaera guztiak baztertu dituela. Sektorearen egoera ona ikusita, sindikatuei «ulertezina eta onartezina» egiten zaie Adegiren jarrera, uste baitute enpresen aldeak baduela tartea bere proposamena hobetzeko. «Adegiren borondate falta eta arduragabekeria salatu nahi ditugu».
LABeko Laida Zubillagak, ELAko Eneko Agirreurretak eta UGTko Angel Ramosek hitzarmenerako dituzten eskaeretako batzuk azaldu zituzten atzo, Donostian. KPIa gaindituko duen soldata igoeraz gain, haien ustez ezinbestekoa da lan baldintzak hobetuko dituzten puntuak sartzea. Besteak beste, lizentzien egokitzapena eta hobekuntza nahi dituzte; adibidez, lanegunak hartzea aintzat senideen heriotzagatik har daitezkeen bi lizentzia egunetarako, eta kontuan izatea guraso bakarreko familiak.
LABek, ELAk eta UGTk uste dute garrantzitsua dela kontratazioetan ere hobekuntzak izatea, batez ere behin-behinekotasuna murrizteko eta kontratazio berrietan gertatzen diren bidegabekeriak eragozteko. Esaterako, ez dadin gerta besteek bezala eta bezainbat lan egiten duen behargin berriari dagokiona baino kategoria txikiagoa aitortzea. Hiru sindikatuek lan hitzarmena blindatzea eta errelebo kontratuaren aukera ematea ere nahi dute lan hitzarmen berrian.
Beste lau greba egun egingo dituzte Gipuzkoako arte grafikoen alorrean
Irailaren 25 eta 26rako eta urriaren 2 eta 3rako egin dute deialdia LABek, ELAk eta UGTk. Adegiren «borondate falta eta arduragabekeria» salatu dituzte, soldatak KPIa adina igotzea eskaini baitu soilik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu