Europako Parlamentuaren oniritzia falta zuen neurriak, eta ez da ezusterik izan. Roaming kostuak 2017ko ekainaren 15a baino lehen ezabatzea onartu dute europarlamentariek. Telefono konpainiek Europako Batasuneko estatu arteko deiak estatu barrukoekin parekatu beharko dituzte bi urteren buruan. Ezingo dute gehiago kobratu herrialde batetik bestera egindako deiengatik. Euskal Herrian ere eragingo du roaming-a ezabatzeak. 2017ko ekainetik aurrera, Euskal Herriko edozein lekutara deitzeak prezio berbera izango du, orain artean ez bezala.
Europako Batasuna aspalditik zegoen tematuta sakelakoen gainkostuak kentzearekin, baina negoziazioak uste baino gehiago luzatu dira azkenean. Pentsa, ia hamarkada bat igaro da lehen proposamena egin zutenetik. EBk hasieratik aurrez aurre izan ditu telefono konpainia gehienak, eta pixkanaka neurria atzeraraztea lortu dute. 2017ko ekainaren 15a ez da roaming-ari jarritako lehen iraungitze data. Lehen ere antzeko bozketa bat egin zuten Europako Parlamentuan. Iazko apirilean, hain zuzen. Orduan onartu zuten aurtengo abenduaren 15erako ezabatzea. Negoziazioak korapilatu egin dira, ordea.
Neurriak neurri, telefono konpainiek «bidezko erabilera baten politika» aplikatu ahal izango dute, roaming-a «gehiegikeriaz» erabiltzea eragozteko.Gainkostuak ezabatuko dituzte «aldizkako bidaietan», baina hiru-lau hilabetetako egonaldietan, adibidez, gehiago kobratu ahal izango dute sakelakoaren erabilerarengatik. Horren aurka mintzatu da Monique Goyens, Europako Kontsumitzaileen Elkarteko zuzendari nagusia: «Maiz bidaiatzen dutenen eskubideak konpainien esku uzteak ez du ziurtatzen roaming-a Europan amaitzea». Goyensen ustez,Europako Parlamentuak onartutako neurria «ez da nahikoa».
2017ko ekainaren 15ean legea indarrean jarri aurretik, 2016ko apirilaren 30a baino lehen ere beherakada bat izango da prezioetan. Zerbitzuak %75 merkatu beharko dituzte konpainiek. Alegia, dei baten minutu bakoitzeko ezingo dute kobratu bost zentimo baino gehiago; mezu bakoitzeko bi zentimo baino gehiago ere ez; ezta megabyte bakoitzeko bost zentimo baino gehiago ere. Azken-aurreko pausoa izango da.
Interneten neutraltasuna
Interneten neutraltasuna bermatzea ere bada onartutako legearen helburua. Aurrerantzean, hornitzaileek baldintza berberekin tratatu beharko dituzte erabiltzaileak. Azken urteetan, ohikoa bilakatu da hornitzaile batzuek Interneterako sarbidea blokeatu edo mantsotzea, eta jardun horiek mugatu nahi izan ditu Bruselak. «Kudeaketarako neurriak» hartu ahal izango dituzte, baina «arrazoituta» dagoenean bakarrik; eraso informatikoei aurre egiteko, adibidez.
Legearen aurkakoen artean ezinegona sortzen du aukera horrek, «zehaztugabea» dela uste baitute. Haien esanetan, telefono konpainiei bide ematen die Interneten erabilera beren interesen arabera kudeatzeko, eta gehiago zehaztu behar litzateke neurria.
Beste iraungitze data bat jarri diote 'roaming'-ari: 2017ko ekainaren 15a
Europarlamentuak oniritzia eman dio EBko estatu arteko deiak estatu barrukoekin parekatzeari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu