Beste enpresa batean sartu da Eusko Jaurlaritza, Kaikuren %7,3 erosita

6,6 milioi ordaindu dizkio aurreko jabeari, Ekarpen funtsari. Luzerako inbertsioa da, Azpiazuk dioenez. Suitzako Emmi da akziodun nagusia

Irune Lasa.
2019ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Estrategikotzat dituen enpresetan beste inbertsio bat egin du Eusko Jaurlaritzak, bigarrena. 6,6 milioi euroren truke, Kaiku esnekien konpainiako %7,3 erosi dio aurreko jabeari, Ekarpen funtsari. Neurri batean, bere buruari erosi dio Gasteizko gobernuak, bera baita Ekarpenen akziodunetako bat, aldundiekin, Mondragon Taldearekin eta Kutxabankekin batera. Luzerako inbertsio bat dela ziurtatu du Pedro Azpiazu Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia sailburuak.

Inbertsio bakarra zuen egina orain arte Jaurlaritzak: 2018. urteko urtarrilean CAF tren konpainiaren %1,24 erosi zuen, 15 milioi euroan. Orduko hartan ere, Kutxabank tartean zen, hura CAFetik irten zenean egin baitzen operazioa. Ziurrenez, Kaikuren parte hartzea Finkatuz funtsera gehituko da, hura formalki eratzen denean. Finkatuz funtsa guztiz publikoa izango da, baina oraindik ez dago jarduera betean, besteak beste, inbertsio plangintza erabat zehaztu gabe daukalako. 2020. urte hasierarako espero dute. Finantzen Euskal Erakundeak kudeatua, Finkatuz funtsaren xedea bolumen handia duten eta estrategikoak diren enpresetan epe luzera parte hartzea da.

Azpiazuren arabera, Ekarpenek Kaikutik ateratzea erabaki ostean sortu da halako inbertsio bat egiteko aukera, eta enpresak bete egiten ditu Finkatuz-en baldintzak. Edonola ere, jarritako 6,6 milioi euroak ez dira etorriko Finkatuz-erako aurreikusitako 100 milioi euroetatik. Sailburuak azpimarratu du «egoitza soziala Euskadin duen» enpresa bat dela Kaiku, eta hazten ari dela, «baita enpleguan ere». Nekazaritzarentzat estrategikoa dela ere nabarmendu du, Kaikuk konpromisoa duelako bertako lehen sektorearekin, besteak beste, esnea erosterakoan.

Dena den, Kaikuren akziodun nagusia atzerrikoa da, Suitzako Emmi konpainia (%73,4). Horrek Kaikuren errotzean duen eraginaz galdetuta, Azpiazuk aipatu du akziodunen hitzarmen bat dagoela ahalbidetuko lukeena aurre egin ahal izatea egoitza aldatzeko erabaki bati.

Gainerako jabeak hauek dira: Kaiku kooperatiba (%10,79), Laboral Kutxa (%8,23) eta Lleters (%0,20).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.