Beste bost greba egun egingo dituzte Bizkaiko arte grafikoetan

Sindikatuek salatu dute Cebek patronalak ez duela akordiorako borondaterik. Lurraldeko ituna 2011tik dago berritu gabe.

Sindikatuetako ordezkariak, Cebek patronalaren egoitzaren aurrean. ELA
Sindikatuetako ordezkariak, Cebek patronalaren egoitzaren aurrean. ELA
jokin sagarzazu
2024ko urriaren 11
12:45
Entzun

ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek beste bost greba egun antolatu dituzte Bizkaiko Arte Grafikoen sektorean, urrirako eta azarorako, hitzarmen berri bat eskatzeko. Sindikatuek ohar batean zehaztu dutenez, lanuzteak urriaren 29an, 30ean eta 31n eta azaroaren 4an eta 5ean izango dira.

Sektoreak 1.500 langile ditu Bizkaian, eta azken lurralde hitzarmena 2011. urtekoa da. 2023ko ekainean osatu zuten negoziazio mahaia.

Aurtengo apirilean hasi zituzten lanuzteak, eta maiatzean eta ekainean ere egin zituzten: guztira, zazpi egun. Azaldu dutenez, abuztutik hirutan bildu dira Cebek Bizkaiko patronalarekin, baina «ia ez da aurrerapausorik egon». «Patronalaren jarrerak eta langileenak urrun daude oraindik».

Sindikatuek beharrezkotzat jotzen dute 2011tik ―aurreko hitzarmena amaitu zenetik― galdutako erosahalmen guztia berreskuratzea. Horrekin batera, eskaera gehiago egin dituzte, besteak beste, lanaldiarekin eta antzinatasunarekin loturik. Hitzarmena aplikatzeko bermeak ere galdegin dituzte.

Patronalaren arabera, sindikatuen eskaerak onartzeak «arriskuan jarriko luke sektoreko enpresa askoren lehiakortasuna eta bizirautea». Gogoratu du 2011. urtetik hona arte grafikoetako Bizkaiko enpresen %65 desagertu direla.

Sindikatuek Cebeki eskatu diote «blokeo jarrera» bertan behera uzteko, eta gogorarazi diote «beste aukera bat» izango duela negoziazio mahaiaren hurrengo bileran, datorren asteartean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.