Azken bost egunetan hiru langile zendu dira Euskal Herrian lan istripu batean. Azkena, atzo eguerdian bertan, Igantzin (Nafarroa). Foruzaingoaren arabera, harrobian materiala deskargatzen ari zen kamioia irauli egin zen, eta gidaria hil egin zen horren ondorioz. Osasun langileak eta suhiltzaileak bertaratu ziren istripua artatzera, baina ezin izan zuten ezer egin. Langileak 55 urte zituen, eta Irungoa zen (Gipuzkoa). Foruzaingoa gertatutakoa ikertzen ari da.
ELAren kontaketaren arabera, 47 dira urtea hasi zenetik lanean hildakoak Euskal Herrian. Berriki, astelehenean, baso lanetan ari zen 38 urteko behargin bat hil zen Zanbranan (Araba), zuhaitz bat gainera erorita. Eta iragan larunbatean, 54 urteko gizonezko bat hil zen Berriobeitiko enpresa batean (Nafarroan), pala kargatzaile batek harrapatuta.
Hain zuzen ere, sindikatuak nabarmendu du laneko istripu-tasa %30 igo dela 2012tik, eta laneko heriotzen %40en arrazoi zuzena enpresek segurtasun neurriak ez ezarri izana dela. Bada, ELAren irudikoz, horrek guztiak «berehalako neurriak» eskatzen ditu, eta erakundeei eskatu die enpresetako segurtasun baldintzak kontrolatzeko bitarteko gehiago jartzeko.
Basogintza berraztertu
Mezu bera helarazi zieten Arabako Foru Aldundiari atzo goizean ere. ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta EHNE sindikatuek deituta, protesta egin zuten Gasteizen, basogintza sektoreko beharginen lan baldintza kaxkarrez ohartarazteko. Izan ere, dagoeneko sei dira basoko lanetan ari zirela istripua izan eta hil diren langileak aurten.
Datua «azpimarragarria» da Izaro Mujika ELA sindikatuko ordezkariaren hitzetan, «kontuan hartuz gero gutxi izaten direla sektore horretan aritzen diren langileak». Horregatik, uste du egoera bera lan baldintza txarren eta erakundeen «utzikeriaren isla» dela. «Lan hauek erakundeen menpekoak izaten dira askotan, hau da, beraiek esleitutako lanak izaten dira, eta ikusten denez ez dago inolako kontrolik».
Bat dator Igor Chillon LABeko kidea ere. Eta gogorarazi du astelehenean hildako langilea Zanbranako herri lurretan ari zela lanean, Arabako Aldundiak kontratatutako Castelloko Contrachapados Archena enpresaren- tzat. Horregatik, sindikatuaren ustez, diputazioa bera da heriotzaren «arduradun politikoa». «Behin lana esleituta, ez du inolako jarraipenik egin», gaitzetsi du, eta azalpenak eskatu dizkio: «Esplikatu behar du ea zer baldintzatan gertatu zen istripua, eta zein segurtasun neurri hartu ziren. Baina, batez ere, diputazioak adierazi behar du zein neurri hartuko dituen horrelako istripu bat berriro gerta ez dadin».
LABen hitzetan, sektorea bera berraztertu behar da. «Basogintzaren eredua bera dago tartean, horrek dakarren guztiarekin: lan erritmoak, ordu estrak, prebentzio neurririk ezak... Horrek guztiak eraman gaitu gaur egungo egoerara», adierazi du Chillonek. ELAren irudikoz ere, lana «berez gogorra» izateak ez du esan nahi «lan baldintza duinak» izan behar ez dutenik. «Argi dago sektorearen kontrola galtzen den momentutik baldintzak izugarri kaskartzen direla, eta horrelako istripuak gertatzen direla».
Beste behargin bat hil da lan istripuz, azken bost egunetako hirugarrena
Igantziko harrobian kamioilari bat hil da, gidatzen ari zen ibilgailua iraulita. Sindikatuek «berehalako neurriak» eskatu dizkiete erakundeei
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu