Daniel Andion. INTIAko nekazaritza, aholkularitzako koordinatzailea

«Beste aukerarik ezean, erabiltzea gomendatzen dugu»

Nafarroako sozietate publikoak beste bide batzuk ere proposatzen ditu belar txarrak hiltzeko, tartean makinak; bestalde, laserra hobetu beharra dagoela ziurtatu du.

Asier Gonzalez de San Pedro
2023ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Nafarroako nekazariei ekoizpena hobetzen eta ingurumena zaintzeko neurriak betearazten laguntzen die INTIA sozietate publikoak. Glifosatoaren eta beste produktu kimikoen azterketa egiten du INTIAk, eta laborariei horiek erabiltzeko aholkuak eman.

Zer da glifosatoa?

Herbizida ez-selektibo bat da, eta edozein landare berderi eragiten dio. Izan ere, landareek zati berdeetatik xurgatzen dute. Horrela hiltzen ditu belar txarrak.

Nola erabiltzen da?

Produktu fitosanitario guztiek, herbizidak barne, erabilera arauak dituzte. Herrialde bakoitzak azterketak egiten dizkie produktuei. Ateratako ondorioetatik jartzen dituzte arauak: zenbat erabili daitekeen, zenbat urekin nahastu behar den...Likido gisa saltzen da, eta lainoztatu egiten da.

Zenbat irauten du lurrean lainoztatu eta gero?

Zenbait faktoreren arabera, lehenago edo geroago joango da lursailetik: zenbat erabili den, landarea nola dagoen, urte osoan zer eguraldi izan den, inguruan zenbateko hezetasuna dagoen... Beraz, zaila da jakiten zenbat denbora irauten duen.

Alternatibarik aztertu duzue glifosatoa ordezkatzeko?

Nekazariarentzat eta laborantzarentzat onuragarriak diren baldintzetan erabiltzea gomendatzen dugu, garai eta dosi egokiak zehaztea. Beste makina batzuk erabiltzen ditugu; hortz-areko makinak, adibidez.

Zer egiten duzue zuek?

Guk legediak aztertzen ditugu, eta, gero, nekazariren batek gure laguntza behar baldin badu, gomendioak ematen dizkiogu lege barruan jardun dezan.

Glifosatoa erabiltzea gomendatzen duzue?

Teknikariek beste modu batzuk bilatzen dituzte. Beste aukerarik ezean, glifosatoa erabiltzea gomendatzen dugu, azkeneko aukera gisa. Eta ez herbizidekin bakarrik, beste edozein fitosanitarioekin gauza bera egiten dugu. Gainera, produktuaren kantitate egokiena erabiltzen saiatzen gara.

Zer deritzozu belar txarrak hiltzeko laser sistema berriari?

Adimen artifiziala erabiltzen du sistema horrek, eta oraindik ez du ondo identifikatzen belarra nola dagoen. Badaude beste makina batzuk eskuragarriagoak eta belar txarrak deuseztatzen dituztenak.

Kontuan izaten duzue inguruan urmaelik ote dagoen?

Edozein produktu erabiltzeko orduan izaten dugu kontuan hori, baita simaurra eta nitrogeno kutsadura tartean direnean ere, ez bakarrik produktu fitosanitarioak erabiltzean.

Nekazaritzaz bestelako zer arlotan erabil daiteke glifosatoa?

Parkeetan, trenbideetan eta errepide bazterretan erabil daiteke. Baina arlo horietan ere badituzte beren araudiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.