Besarkadak eta labankadak

Denetarik ekarri du ekonomia arloak azken hamabi hilabeteetan: kaleratzeak hainbat enpresatan, negoziazio kolektiboaren estatalizazioa, kontzertu ekonomikoaren eta kupoaren gaineko akordioa, Arabako ardogileen garaipena etiketaren borrokan... Hona hemen urtearen laburpena.

Hegazti gripearen ondorioz ahateak hiltzearen aurkako mobilizazioa. BOB EDME.
Iker Aranburu - Jon Fernandez - Irune Lasa - Xabier Martin
2017ko abenduaren 26a
00:00
Entzun
Batean kale, bestean bale. Halaxe ekartzen ditu urteak bizitzako arlo guztietan, baita ekonomian ere. Eta bai, 2017ak ekarri ditu besarkadak, baina ekarri ditu, halaber, labankadak.

Besarkadarik entzutetsuena Madrilgoa izan da, Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren artekoa, kontzertu ekonomikoaren eta kupoaren urteetako korapiloa askatu duena. Orakaden kategorian sar daitezke, era berean, Arabako ardogileen lorpena, taxi gidariek Uberren kontra erdietsitakoa, eta soilik euskal sagarrekin egindako sagardoaren jatorri deitura berriaren jaiotzarena.

Labankaden artean, berriz, hainbat enpresatako kaleratzeak, mutinazional iruzurgileen kontrako isunak, eta IRPHaren kaltetuen kontrako epaia, esaterako.

A: ARABAKO ERRIOXA



Arabako Errioxako upategiek euren ardoaren jatorriaren inguruko erreibindikazio historiko bat lortu dute aurten: Errioxako sor-markak Arabako ardoen jatorria modu argian jasotzea etiketan. Eremu historiko batekoak edo herri jakin batekoak direla hizki handiz azpimarratu ahal izango dute ekoizleek. Arabako Errioxako upategi gehienen eskaera zen, beren izaera berezia nabarmentzea baitzuten helburu, modu masibo batean ekoitzitako ardoetatik bereizteko. Behin aldarrikapen nagusia beteta, oraingoz alboratu egin dute Arabako Mahastiak sor-marka propioa sortzeko prozedura. Arabako Errioxako 40 upeltegik baino gehiagok abiatu zuten, iazko uztailean, berezko sor-marka osatzeko prozesua. Sektorearen parte bat aspaldi zegoen gogaituta Errioxako ardoa kontrolatzen duen kontseiluaren zurruntasunarekin, eta sor-marka utzi nahi zutenei beste bide bat eskaintzea erabaki zuten, ABRA Arabako Errioxako Upeltegien Elkartearen babesarekin.

B: 'BASQUE INDUSTRY 4.0'



Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, 2016an egindako I+G inbertsioak laino beltzak ekarri ditu Eusko Jaurlaritzara. Basque Industry 4.0ren olatua derrigor hartu behar dela dio Gasteizek sarritan, eta industriaren iraultza berria esan dioten horren aldeko ekinaldi handia egiten ari da. Baina BPGaren %1,82ra besterik ez da iritsi I+Gren gastua. Europako (28ak) batezbestekoa %2,03 izan da, eta horrek esan nahi du azken hiru urteetan batez besteko horretara hurbildu ez, baina aldendu egin dela ustez Europako industriaren abangoardian behar duen herrialdea. I+Ga BPGarekiko Europako batezbestekoan egon da 2008tik Jaurlaritzaren eskumeneko lurraldeetan, edo haren gainetik. 2012an goia jo zuen adierazleak: %2,09ra iritsi zen, eta Europako batezbestekoa %2,01 izan zen. Baina 2014, 2015 eta 2016. urteek gainbehera ekarri dute: %1,94, %1,86 eta %1,82. Europako batezbestekoak, berriz, %2,03ri eutsi dio hiru urte horietan.

C: CEL



Orain itxaropena orain etsipena pasatu dute urtea CEL papergintza konpainiako langileek. Artziniegan (Araba) lantegi bi eta Gueñesen eta Zallan (Bizkaia) beste bana ditu taldeak. Zuzendaritzak maiatzean jakinarazi zien langileei Jaurlaritza taldetik atera zela —bi parte hartze zituen: %40 Eztenen bitartez eta %45 Indarkiarekin—. Taldea konkurtsoan sartu zen, eta hiru lantegi itxi eta 230 langile kaleratzeko dosierra aurkeztu zuen. Konpainia ataka zailetik ateratzeko inbertsiogileak iristeko esperantza piztu zen, baina azkenean eskaintza bakarra aurkeztu zen ofizialki, sindikatuen atsekaberako, Italiako Lucart taldearena. Ezinbestean, haren baldintzak onartu behar izan dituzte CELeko langileek: 21 kaleratze, erretiro aurreratuak eta soldata murrizketa handiak.

D: DOLUA



Lan istripuek ez dute etenik izan 2017an: Erandion, Durangon, Urretxun, Murgan, Erratzun... Euskal Herrian lanean ari ziren 50 lagunetik gora hil dira, aurreko urteetako antzeko kopurua.

E: EUSKALTEL



Duela bi urte 1.190 milioi euroren truke Galiziako R Cable erosi ostean, Euskaltelek Asturiasko Telecable erosteko operazioa egin du aurten, 686 milioi euroan. Hedatzeko estrategia horretan hurrengo pausoa nahiko argia zen euskal konpainiarentzat: Nafarroara hedatzea. Asmo horren arabera, urtarrilaren amaierarako, Iruñean eta Antsoainen 78.500 etxek izango dute aukera Euskaltelen zuntz optiko bidezko zerbitzuak erosteko. 2022. urterako 150.000 etxetara iritsi nahi luke Euskaltelek, lurraldeko herri nagusietan. Espainia iparralderaere hedatu nahi du, Orangeren zuntz sareak erabiliz. Operazio horiek zor jaulkipen bidez finantzatzen ari da konpainia.

F: FAGOR



Bururik altxa ezinda dago berriz ere Fagor Etxetresnak kooperatiba zenaren ondorengoa, CNA talde katalanaren Edesa Industrial adarra. Langile guztiak (327) kaleratzeko erregulazio espedientea aurkeztu du aurten CNAk, eta konkurtsoan sartuta dago Edesa Industrial. Zuloaren barruan argi izpi bat piztu da: Poloniako Amica taldeak 26,8 milioi euroko inbertsioa egiteko eskaintza egin du. Edesaren arabera, 140 lanpostu sortuko lirateke etxetresnen Poloniako multinazionalaren bidez. Baina inbertsioa egiteko baldintza da Fagor marka erabiltzen jarraitzea, eta arazoa hortxe dago. Izan ere, duela bi aste Fagor Taldeak Edesa salatu zuen, marka erabili ahal izateko ituna baliogabetzeko. Fagor Taldeak dio Edesak ez dituela bete kontratuak jasotako enplegu helburuak eta ordainketak. Arrasateko kooperatibak urtarrilera arte ez du erabakiko markaren erabilerari buruzko kontratu berri bat egin ala ez.

G: GAMESA



2016an abiatutako bat egitea apirilaren 1ean gauzatu zuten Siemensen adar eolikoak eta Gamesak. Orduz gero, arazoak pilatu zaizkio enpresari: Siemensen kudeaketak Gamesako buru ohiak uxatu ditu, eta negozio eolikoaren zailtasunek akzioa amildu dute. Sei hilabetean, batez ere fusioaren eraginez 135 milioi euroren galerak iragarri ondoren, Siemens Gamesak aizkora atera eta 6.000 langileren kaleratzea iragarri zuen. Euskal Herrian 155 langile botatzeko espedientea aurkeztu zuen, baina Iruñeko eta Gasteizko gobernuen haserreak eta sindikatuen protestek plana aldarazi zioten, eta lantaldea erretiro aurreratuekin eta borondatezko kaleratzeekin txikitzea hitzartu zuen.

H: HEGAZTI GRIPEA



Inork nahi ez duen gonbidatua agertu da aurten ere Ipar Euskal Herriko baserrietan: hegazti gripea. Osasun agintariek ohi duten neurri gogorrekin erantzun nahi izan diote gaitzari, oso bizkor eta erraz hedatzen delako: ahateak eta oilaskoak akabatzeko agindua eman zuten. Baina Nafarroa Behereko eta Zuberoako etxalde batzuetako jabeek uko egin zioten beren kabalak hiltzeari, ez zeudelako kutsatuta, eta ez zeudelako gaitza hedatzea errazten duen ekoizpen molde industrialean. Auzoen elkartasunari esker, baserrietako bideak trabatu zizkieten jendarmeei, eta azkenean lortu zuten abereak ez akabatzea. Baina Frantziako administrazioak ez du haien gaineko presioa arindu, eta jendarmerian deklaratu behar izan dute geroztik.

I: ISUNAK



Multinazional handiek ia zergarik ez ordaintzeko darabiltzaten trikimailuak amaitu nahi dituztela erakutsi nahi izan du Europako Batzordeak. Iaz Applek Irlandan, Starbucksek Herbehereetan eta Fiatek Luxenburgon jasotako tratu bidegabea salatu zuten; aurtengo urrian, Amazoni 250 milioi euroko isuna ezarri zion, Luxenburgok emandako zerga tratua legez kanpokoa zelako. Paradoxa bada ere, Jean Claude Junckerren gobernuak eman zion laguntza. Baina zergei izkin egiteagatik ez ezik, lehia desleiala egiteagatik ere zigortu ditu EBk multinazionalak. Ekainean, 2.420 milioi euroko isuna jarri zion Googleri, bere nagusitasuna baliatzeagatik lehiakideak baztertzeko.

J: JUSTIZIA



«Kolpe handia» eman zien Justiziak azaroan IRPH indizearen kaltetuei: Espainiako Auzitegi Gorenak arrazoi eman zion kutxabanki, esanez IRPHk ez dakarrela abusurik. Euskal aurrezki kutxek maiz erabili izan zuten IRPH indizea hipoteka maileguen interesak finkatzeko. Baina Espainiako Gobernuak 2013an ezabatu zuen, EBko aginduei jarraituz. Euriborra oso altu zegoen garaian sartu zuten banku eta kutxek IRPHa, esanez euriborra baino egonkorragoa zela. Baina euriborra minimoetara jaitsi zenean, aski garestiago jarraitu zuen IRHPak, eta «manipulagarritzat» jo zuten kaltetuen elkarteek.

K: KUPOA



Kontzertu ekonomikoaren eta kupoaren gaineko akordioa lortu dute aurten Gasteizko eta Madrilgo gobernuek. Bi korapilo askatu dituzte kolpe batez: azken hamar urteetako kupoaren kitapena adostu dute, eta aurtengo kupoa zehaztu dute, datozen bost urteetarako oinarri gisa balioko duena. Faktura, dirutan, Jaurlaritzaren aldekoa atera da: Madrilek 1.400 milioi euro itzuliko dizkie EAEko erakundeei datozen bost urteetan. Bi aldeek esan arren loturarik ez zeukala, kontzertuaren eta kupoaren itunak ahalbidetu zuen EAJk Mariano Rajoyren 2017ko aurrekontuak babestea. Nafarroako itun ekonomikoa ere gaurkotzeko dago, eta Uxue Barkosen gobernuak espero du urtea amaitu baino lehen hitzartzea, bihar bertan.

L: LAN ERREFORMA



Azken bi urteetako lan kodearen bigarren erreforma egin dute udazken honetan Frantzian. Hollandek bultzatu zuen lehena —El Khomry legea—, eta Emmanuel Macronek bigarrena, boterera iritsi eta aste gutxira. Bien artean dagoen aldea da, aurreko presidenteak ez bezala, oraingoak argi eta garbi esan zuela lan merkatua gehiago malgutzeko asmoa zuela. Berez, erreforma aurrekoaren segida da, eta xedea du lan baldintzei buruzko gero eta erabaki gehiago enpresetan hartzea, eta ez sektoreetan. Sindikatuak banandu egin ziren, eta horrek erreformaren aurkako mugimendua ahuldu zuen, baita Ipar Euskal Herrian ere. Macronek erreforma dekretu bidez bizkor indarrean jarri izanak ere oztopatu zuen protesta.

M: MERKATARITZA



Merkataritza itunak obsesioa dira Donald Trumpentzat, uste baitu horien bitartez AEBek beren nagusitasun ekonomikoa gutxitu dutela, eta industria galdu. Agintaldia hasi zuen AEBak TPP Pazifikoko merkataritza itunetik aterata, eta ondoren Kanada eta Mexiko behartu zituen NAFTA berriz negoziatzera. Europako Batasunak kontrakoa eginez erantzun zion haize protekzionistari: Kanadarekin eta Japoniarekin ituna egin du, eta aurki egingo du Mercosurrekin.

N: NAVAL



Hondoratzearen urtea izan da Sestaoko Naval ontziolarentzat. Urriaz geroztik hartzekodunen konkurtsoan dago, eta enplegua erregulatzeko espedientean lantegiko zuzeneko 180 langileak —zeharka beste 1.800 langile ari ziren harentzat—. Enpresak 150 milioi euroko zorra du bankuekin, eta, aurrera jarraitzeko, gutxienez 42 milioi euroko kapital handitzea egin behar du; baina ez du inbertitzailerik aurkitu oraingoz.

O: OSTALARITZA



Negoziazio kolektiboaren eta lan baldintzen estatalizazioaren adibide bihurtu da ostalaritzaren sektorea. Sindikatu abertzaleek eta Confebaskek urte hasieran esparru ituna sinatu zuten ostalaritzan, baina EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak hura aplikatzeko ezintasuna ebatzi du. Izan ere, CCOOk eta UGTk inpugnatu egin dute euskal akordioa, Madrilen egindako kolektibitateen hitzarmena defendatzeko; hark ematen dizkien onuren defentsa da: besteak beste, liberatuak edukitzeko aukera. EAEko Justiziaren epai hori Espainiako Auzitegi Gorenera eraman dute ELAk eta LABek.

P: PORTUAK



Espainiako Gobernuak sektorea liberalizatzeko dekretuak haserrea piztu zuen Bilboko eta Pasaiako (Gipuzkoa) portuetan ere, eta gatazkak bost hilabete iraun zuen. Bruselaren exijentzia betez, Madrilek dekretua onartu zuen. Zamaketariek blokeatuta eduki zituzten hainbat egunez penintsulako porturik garrantzitsuenak. Tentsiozko negoziazioak izan ziren. Azkenean, patronalak onartu zuen langileen enpleguak subrogatzea: 600 bat dira Hego Euskal Herrian.

R: ROAMING



Azkenean. Merkatu bakarrerako bidean erdietsitako lorpen atzemangarrienetako bat, roamingaren desagerpena, aurten iritsi da. Beste herrialde baterako bidaian egindako dei eta SMSengatik eta jasotako datuengatik norbere telefono konpainiak ezarritako tarifa garestiagoa da roaminga, eta ekainaren 15ean tarifa hori desagertu egin zen EBko herritarrentzat. Orduz geroztik, Batasuneko beste herrialderen batean oporretan, ikasten, negozio bidaian edo halakoetan dabilen herritarrak etxean egongo balitz bezala ordaintzen du dei eta datuengatik.

S: SAGARDOA



Txapel gorria jantzi dute aurten sagardo botila askok, Euskal Sagardoa jatorri izenaren markarena. Urtarrilean sortu zuten jatorri izena, ziurtatzeko euskal sagarrarekin egindakoak direla botilok —Arabakoak, Bizkaikoak eta Gipuzkoak, oraingoz—. Aurten 1,3 milioi litro bideratu dituzte Euskal Sagardoa markara, ekoizpen osoaren %12, baina asmoa da hamabost urte barru oso-osorik bertako sagarrarekin egitea.

T: TURISMOA



Udako gai izarra izan da gehiegizko turismoaren eztabaida, turismo ereduarena eta «turismofobiarena». Eusko Jaurlaritzak uda hasieran kaleratu zuen azterketa baten arabera, aldiz, turisten kopuruak ez du «ezinegonik» sortzen herritarrengan. Areago, gobernuaren ustez, «turismoak badu handitzeko tarterik Euskadin». Soilik aurtengo lehen lau hilabeteetan, %8,8 hazi da turista kopurua. Turismoari lotutako enpleguak 97.000 inguru dira EAEn, eta sektoreak BPGaren %6 hartzen du.

U: UBER



Taxilariek garaipena lortu duteUberren kontra. Europako Justizia Auzitegiak arrazoi eman die, eta erabaki du Uber ez dela aplikazio huts bat, baizik eta garraio zerbitzu bat. Ondorioz, baimena eman die EBko estatu kideei garraioari ezartzen dizkioten arauak Uberri eta antzekoei ere ezartzeko.

V: VIA CAMPESINA



Nekazariena izan da aurten Euskal Herrian egin den nazioarteko biltzar garrantzitsuenetako bat. Uztailaren erdialdean Derioko (Bizkaia) apaiztegi zaharrean batu ziren Via Campesinako partaideak, elikadura burujabetza bultzatzeko bideak eztabaidatzeko, eta globalizazioak mundu osoko laborari txikiei ekartzen dizkien zailtasunei aurre egiteko moduak bilatzeko.

W: WOLFGANG SCHAEUBLE



Austeritatearen arkitektoak agur esan dio aurten eurotaldeari. Wolfgang Schaeuble Alemaniako Finantza ministroak esku gogorrez gidatu du 2009tik joan den urrira arte diru bakarra osatzen duten herrialdeen kluba, eta inolako lotsarik gabe ezarri du bere fede itsua eurogune osoan, zorroztasun fiskalarena. Liberalekin gobernua osatzeko negoziazioak errazteko kendu zuen Angela Merkel kantzilerrak Finantza Ministeriotik eta, beraz, eurotaldetik. Orain, Alemaniako Parlamentuko presidentea da; haren azken kargua izango da segur aski, 75 urte baititu. Schaeubleren agurrarekin aro bat amaitu da, baina aurrerantzean bera egongo ez bada ere, eraikita laga du austeritatearen egitura.

X: XURGATU



Maiatzean xurgatutako Opelekin ez dago oso gustura PSA. Citroenen eta Peugeoten jabeak aurten erosi dio Europako dibisioa General Motorsi, 1.300 milioi euroren truke, eta autogintzako Europako konpainia handienetan bigarrena bilakatu da, Volkswagenen atzetik. Azaro bukaeran, ordea, GMri 600 milioi eurotik gorako kopuru bat itzultzeko eskatu zion PSAk, Opelen autoek esandakoa baino gehiago gainditzen dituztelako karbono isuriei EBk ezarritako mugak. Opel errentagarri egiteko, kostuak txikitzeari ekin dio PSAk; oraingoz, inor kalera bota gabe eta fabrikak itxi gabe.

Z: ZERGAK



Administrazioek diru beharra dutela argudiatuta, zerga erreforma sakon bat eskatu zuen Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ogasun sailburuak. Baina aldundi batzuen erresistentziak, patronalen oposizioak eta diru bilketa uste baino handiagoak erreforma gogoa urardotu zuen, eta «moldaketa tekniko» batzuk onartu zituzten EAJk eta PSEk. Bien artean Arabako Batzar Nagusietan gehiengoa ez zutenez, aliatu bila joan ziren PPrengana, eta haren ekimenez aldaketa sakonagoak iritsi ziren. Ez, ordea, bilketa handitzeko, baizik eta enpresei sozietate zerga %28tik %24ra jaisteko. Nafarroako Gobernuak ere zerga erreforma bat abiatu du, «progresibotasunean» urrats bat egiteko. Neurri esanguratsuen artean, hiru: etxebizitza kenkaria guztiz ezabatzea 2023rako, hiru urtetik beherako seme-alabadunei 100 euroko kenkari bat ematea, eta oinordekotza zerga kentzea 250.000 euroko ondasunetatik behera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.