Ostegun iluntzean, Espainiako Garraioen Konfederazioa (CETM) eta UGT eta CCOO sindikatuak erretiro aurreratuari buruzko akordio batera iritsi ziren. Horren arabera, merkantzia garraiolarien erretiro adina 67 urtetik 60ra jaisteko proposamena helaraziko diote Espainiako Gobernuko Gizarte Segurantza Ministerioari, zehazki erretiro adina aurreratzeko koefiziente murriztaileak ezartzeko, arrisku handiko beste ogibide batzuetan bezala.
Hori horrela, bertan behera utzi dute astelehenerako bi sindikatu horiek antolatua zuten greba. Bidaiarien garraioan eta garabietan, berriz, ez dute akordiorik lortu, eta, beraz, grebak bere horretan jarraitzen du. Hala, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako autobus zerbitzu batzuetako langile batzordeek babestu dute mobilizazioa, besteak beste Donostiako eta Bilboko hiri autobusetakoek. Egun horretarako %30eko gutxieneko zerbitzuak agindu ditu Eusko Jaurlaritzak.
Patronalak azaldu duenez, Espainiako Gobernuari bidaliko dioten eskaera horretaz gain, beste gai batzuk jasoko ditu akordioak: batetik, aldizkako azterketa medikoak egitea, eta, bestetik, enpresek beren gidariei alkohol eta droga kontsumoaren ausazko kontrolak egiteko ahalmena izatea, adosten den protokoloaren arabera.
Ikusi gehiago
Hego Euskal Herrian, UGTk eta CCOOk babestu zuten greba deialdia. LABek eta Hiruk, ez. Hala ere, bi sindikatu horiek nabarmendu dute bat datozela erretiro adina aurreratzeko eskaerarekin. LABek, adibidez, elkarretaratzea egin du gaur goizean Eusko Legebiltzarraren atarian, eta garraio sektorean ez ezik gainerakoetan ere erretiroa lehenago hartzeko eskubidea galdegin du.
Hego Euskal Herrian, sindikatuak lanean ari dira lurraldeko lan hitzarmen bat lortzeko merkantzien garraioaren sektorerako.