Gero eta ondare handiagoa pilatzen ari dira pentsio osagarrien erakundeak, baina horren parte oso txiki bat baizik ez dute inbertitzen bertako enpresetan. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako enpresetan 352 milioi euroren inbertsioak dituzte Euskadiko BGAEen Federazioko kideek, beren ondarearen %1,1 baizik ez. Adierazi dute diru gehiago inbertitzeko prest daudela, baina BGAEen Federazioko buruzagi Ignacio Etxebarriak ziurtatu du eskaintza gutxi iristen zaizkiela.
Hain zuzen, 2024. urtearen balantzea egin zuen atzo borondatezko gizarte aurreikuspenen elkarteak biltzen dituen erakundeak, Bilbon. Urte ona izan da pentsio osagarriak kudeatzen dituzten erakundeentzat, gora egin baitzuen pentsio osagarriak dituztenen kopuruak, baita haiek kudeatzen duten ondareak ere.
Zehazki, 29.872 milioi euroren aurrezkia biltzen dute BGAEek, hiru lurraldeetako barne produktu gordinaren %30,7. Ekonomian duen pisua, kopuruari erreparatuz, 2022koaren eta 2023koaren parekoa da, baina dirutan asko handitu da ondarea: 1.853 milioi gehiago dira, %6,6 gehiago. Bazkideen ekarpenak %4,6 handitu dira, baina, gainera, urte ona izan dute finantza merkatuetan, eta hortik ateratzen dute etekinik handiena.
Izan ere, Etxebarriaren datuen arabera, federazioko kideek inbertsioen %6 egin zituzten «herrialdean» bertan, baina gehien-gehienak Eusko Jaurlaritzaren zorrari dagozkio; enpresetan egindako inbertsioak, berriz, 352 milioirenak izan ziren, ondarearen %1,1 hain zuzen ere.
Euskal Herriko enpresetan gehiago inbertitzeko eskaera publiko asko egin dira azkenaldian, eta diru horren beharra badagoelako erakusgarri da, hain zuzen, Eusko Jaurlaritzak BGAEen federazioa Euskal Finantza Aliantza izenekora gonbidatu izana. Haren bitartez, Imanol Pradalesen gobernuak bere buruari helburutzat jarri dio hiru lurraldeetan pilatutako aurrezkia eta ondarea baliatuz bertako industrian 4.000 milioi euro inbertitzea.
Etxebarriak argi utzi du aliantza horretan parte hartzeak ez dituela ezertara behartzen, argudiatuta BGAE bakoitzari dagokiola erabakitzea bere bazkideen dirua zertan inbertituko duen, erakunde bakoitzaren barne arauek eta BGAEen legeak inbertsioei jarritako baldintzak kontuan hartu ondoren.
Etxebarriak ziurtatu du ez daukatela «arazorik» Euskal Herrian gehiago inbertitzeko, beti daudela inbertitzeko prest, baina eskaintza gutxi jasotzen dituztela. Espero dute aliantzan parte hartuta Jaurlaritzak proposamenak egingo dizkietela, baina berretsi du erakunde bakoitzak erabakiko duela ondoren zer egin, eta irizpide nagusia inbertsioaren segurtasuna izan ohi dela, bazkideen erretirorako dirua egoten baita jokoan.
BGAE berriak
2024 amaieran 1.169.539 bazkide zituzten BGAE erakundeek Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, 2023 amaieran baino 13.145 gehiago (+%1,14) —kontuan hartu behar da badirela bi pentsio osagarri edo gehiago dituzten herritarrak—.
Kopuru hori handitu nahi du Eusko Jaurlaritzak, batez ere Bizkaian eta Araban, han langileen %15ek baizik ez baitituzte pentsio osagarriak —langile publikoek, kooperatibista batzuek, Kutxabankeko langileek...—. Gipuzkoan, berriz, bi langiletik batek baino gehiagok du halakoren bat, metalgintzako lan hitzarmenak Geroa BGAE propioa sortu baitzuen 1996an, eta ondoren hara batu ziren beste hainbat sektoretako itunak. Nafarroan ere ez daude oso hedatuta.
Bide horretatik, gutxienez beste bi BGAE sortu ziren iaz: bat Bizkaiko eraikuntzako langileentzat, eta beste bat hiru lurraldeetako langile autonomoentzat. Azken hori abenduan jarri zen abian, autonomoen pentsio publikoak soldatapekoenak baino askoz txikiagoak direla eta: hilean 1.150 eurokoa autonomoena, eta 2.000 euroren bueltakoa soldatapekoena.
877Prestazioetan ordaindutakoa, milioi eurotan. BGAEetako bazkideak gero eta zaharragoak direla erakusten du datu batek: bigarren urtez jarraian, gehiago da pentsio osagarrien kudeatzaileek pentsioetan banatutako dirua (877 milioi euro), bazkideen ekarpenen bidez jasotakoa baino (852 milioi).
Bilboko agerraldian izan da Jose Enrique Corchon Eusko Jaurlaritzako Finantza Politikako sailburuordea ere. Azaldu duenez, haren gobernuaren asmoa da pentsio osagarri bat dutenen kopurua %25etik %70era igarotzea. Etxebarriak esan du hori lortzeko bide bakarra negoziazio kolektiboa dela, hau da, sektoreko eta enpresetako lan hitzarmenen bitartez egin behar dela.
pozik azken zerga erreformarekin
Eusko Jaurlaritzan dauden bi alderdiek eta Ahal Dugu-k zerga sisteman egindako aldaketak «bide onetik» doazela ziurtatu du Ignacio Etxebarria Euskadiko BGAEen Federazioko buruzagiak. Garrantzia kendu die bi konturi: batetik, errenta aitorpenean BGAE bat izateagatik zergapekoek duten kenkariaren gehienezko kopurua 12.000 eurotik 10.000 eurora jaitsi izana; bestetik, %40tik %30era apaldu izana pentsio osagarria ordainketa bakar batean jasotzen dutenek errenta zergan salbuetsita izango duten kapitalaren zatia.
Etxebarriaren ustez, pisu handiagoa du enpresek lankideen pentsioetarako egiten dituzten ekarpenak kenkari gisa sartu ahal izateak. Halaber, ontzat hartu du pentsio osagarria errenta gisa jasotzen dutenek ez dutela zergarik ordainduko jasotako diruaren truke.