Berriz klik egiteko gertu

Kiebra egoeratik atera da Kodak etxea, argazkigintzari agur esanda, eta inprimakiak egingo ditu hemendik aurreraLangile kopurua erdira murriztuko du, eta akziodunak dirua galtzeko beldur dira

2013ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Orain dela 125 urte entzun zen lehen klika. Kodak enpresa izan zen argazki kameren soinua etengabe entzutearen arduradun nagusia. Hala ere, aro digitalak ez du barkatzen, eta duela ez asko argazkigintzako jaun eta jabe zen Kodak taldea irenstear izan da teknologiaren olatu geldiezina. Izan ere, ontzi astuna da Kodak, eta handia izateak galarazi zion aro digitalaren olatua hartzea. 2012ko urtarrilean borondatezko porrot egoera aurkeztu zuen New Yorkeko auzitegian. 6.800 milioi euroko zorraren ordainketa eteteak hondoratze alarma piztu zuen. Hala ere, langile, inbertitzaile eta maileguei amarra lotu, eta lehen ilun ikusten zen ostertzaren argazkia argitzea lortu du.

Etorkizuna argitzea lortu badu ere, ez da kolore biziz tindatutako erabakia guztientzat. Bizi irauteko garatu beharra zuen moldaketa planak ez du mundu guztia asebete. Lehenik eta behin, dirua lortzeko asmoz, 1.100 patente saldu ditu Kodakek: 2012ko abendurako lortutako 527 milioi euroekin, espero zuen baino lau aldiz gutxiago lortu zuen. Haren egoera ahulaz baliatu ziren erosleen artean ziren Apple, Blackberry, Google eta Facebook. Apple zenbait patenteren salmenta eragozten saiatu zen, hari zegokiola iritzita. Kodakek auzitegira jo zuen, eta oraindik ere epaiaren zain dago.

Bigarrenik, patenteen dirua aski izan ez duenez, Citigroupek emandako 735 milioi euroko mailegua baliagarri izan zaio zorrari aurre egiteko. Halaber, beste bide batzuk ere jorratu ditu. Adibidez,ordainketa bermatua zuten hartzekodunek inbertitutako kopuru osoa jasoko dute, baina bermerik gabekoek berriz dolar bakoitzeko lau eta bost zentimo bitarte jasoko dute. Akziodunek, azkenik, ez dute inbertitutako dirua berreskuratuko. Horiek kiebraz arduratu den epailearengana jo zuten, baina ez zuten bere babesik jaso.

Aro digitalak goitik behera baldintzatu du Kodak. Ekoizpena ez zen errentagarria. Hortaz, argazki kamerak eta irudien errebelatzea alde batera utzi behar izan ditu. Horrekin batera, konpainiako 47.000 langilek lanpostua galdu dute azken hamar urteetan. Hamar planta itxi, eta 130 laborategiren ekoizpena eten du, gainera.

Garai berriei aurre egiteko, argazkigintzaren ekoizpena alde batera utzi, eta ontziki eta enpresentzat inprimakiak egitearen alde egingo du konpainiak, aurreko negozio ereduaren bideragarritasunik ezak bultzatuta. Baldintza horiek ezagututa, hartzekodunen %82k planaren neurriak onartu zituzten aurreko astean.

Haatik, Kodak berriak ez du zerikusirik Kodak zaharrarekin, eta hori enpleguan nabarituko da batk bat. Haren garairik loriatsuenean 150.000 beharginek egiten zuten lan enpresan; 2012. urte hasieran, berriz, 17.000k baino ez zuten lana. Kiebraren ondorioz, 47.000 kaleratu zituen. Emaitzei buelta eman nahian, halaber, erdira murriztuko ditu langileak; hau da, 8.500 langile baino ez ditu izango etorkizunean.

125 urteko konpainia

Epailearen babesa lortu du Kodaken planak baina akziodunen jarrera oso bestelakoa izan da epaiak zuzendu dien azken kolpearekin. Epaiaren baldintzak ezagutu bezain laster, euren dirua berreskuratuko ez duten beldur dira akziodunak. Hortaz, ezin saihestuzkoa izan da akzioen kotizazioak %27,8 egitea behera epaia kaleratu eta ordu gutxitara.

1880an sortu zuen George Eastmanek Kodak, helburu argi batekin: gutxiren eskuetan zegoen argazkilaritza etxe guztietara zabaldu nahi izan zuen.

Halaxe egin zuen, urte batzuk geroago merkaturatu zuen Brownie izeneko argazki kamerarekin. Kamera bakoitzari dolar bateko prezioa jarrita, 25 milioi makina saldu zituen. Urte batzuk geroago, 1935ean, masan ekoitzitako lehen argazki filma kaleratu zuen: Kodachrome izenarekin. Kamera merkeek eta argazki film garestiagoek ekarri zuten enpresaren arrakasta. 90eko hamarkadan, saldutako lau kameretatik hiru harenak ziren. AEBetan ia merkatu osoa kontrolatzen zuen: saldutako filmen %90. Horiekin lortzen zuen etekinik handiena, salmenta prezioaren %80 irabaziak baitziren.

Negozio eredu hari esker lortu zuen sektoreko lidergoa eta munduko konpainia garrantzitsuenetako bat izatea. Zuen indarraren erakusle, hamarkada haren erdialdera jo zuen goia burtsan, negozio bolumena 31.000 milioi dolarrekoa izateraino. Zerikusirik ez, 2012ko urtarrilean burtsan zuen 500 milioi euroko balioarekin.

Kodakek ere bere eskuetan izan zuen teknologia berriak argazkigintzara zabaltzeko aukera. 1975. urtean, esaterako, lehen prototipo digitala eraikitzea iritsi zen. Hala ere, aro digitalaren mehatxua ez zuen aintzat hartu, eta etekin handiak ematen zizkion negozio era klasikoarekin jarraitzeko erabaki okerra hartu zuen. Gaurko irabazia, biharko hondamena.

Erantzuteko tarterik gabe geratu zen iraultza digitala etorri zenean. Marketinak ez zuen ezertarako balio. Konpainiak lau haizetara zabaldutako zeuk botoia sakatu, gu beste guztiaz arduratzen gara leloa ezerezean geratu zen. Bezeroen fideltasuna uste baina txikiagoa zela ikusi zuen konpainiak. Bezeroek beste lehiakide batzuengana jo zuten arazorik gabe.

Egoera eutsi ezina zen XXI. mende hasieran, eta zuzendaritzan aldaketak egon ziren. 2003. urtean Antonio Perez Hewlett Plackardeko (HP) buru ohiak hartu zuen zuzendariaren eserlekua. Argazkien pisua leundu eta aurreko lan esperientzian irabazitako ezagutzekin inprimagailuak ekoiztearen aldeko apustu arriskutsua hartu zuen. Lehiakideen pisua gutxietsi zuen, ordea, eta berriz ere hilzorian utziko zuen kolpea jaso zuen Kodakek. Inprimagailuekin eta argazki- ilmekin biharko ogirik izango ez zuela ikusita, 2009. urtean azken Kodachrome argazki filma ekoitzi zuten haren lantegiek.

36 argazkiko azken Kodachrome bobina Steve McCurry argazkilariak erabili zuen; 1985. urtean National Geographic aldizkarian argitaratutako Afganistango neskaren begi deigarriak Kodachrome batean islatu zituen argazkilari berak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.