Berriro itsasora, baina berriro antxoarik ez

Euskal arrantzaleak hamar egun barru joango dira itsasora, eta aurten ere antxoa falta izango dute buruhauste, espeziea kinka larrian baitago, eta Bruselak debekua luzatu baitu.

2008ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Hiru urte antxoa harrapatu barik. Eta, hori gutxi balitz bezala, arrantzalekuek itxita segituko dute gutxienez uztailera arte. Espeziea kinka larrian dagoela ohartarazi dute zientzialariek behin eta berriz. Antxoa erabat suspertu arte, arrantza eteteko exijitu dute Bizkaiko eta Gipuzkoako kofradiek behin eta berriz. Harrapaketak baimentzeko arrain nahikoa badagoela errepikatu dute Bretainiakoek eta Frantzia iparraldekoek behin eta berriz. Eta Bruselak, berriz, batzuek nahi baino neurri malguagoak eta besteek nahi baino gogorragoak ezarri ditu behin eta berriro. Abenduan, ordea, sektoreak bat egin zuen: 8.000 tonako kuota eskatu zuten arrantzaleek aho batez. Europako Batzordeak, baina, zientzialariei kasu egin zien. Antxoarik ezin da harrapatu oraingoz. Eta baxurako arrantza inoizko krisirik larriena sufritzen ari dela jakinarazi dute euskal kofradietako arduradunek.

Besteak beste, Gipuzkoako kofradietako presidente Jaime Tejedorrek: «Arrantzaleek astebete barru ekingo diote lanari bete-betean, eta zailtasun handiak izango dituzte aurten». Ez bakarrik antxoa harrapatzeko debekuagatik. Berdeletan hasiko dira, eta litekeena da prezioek baxu segitzea. Hegaluzearen kanpaina dator gero, eta prezioaren buruhaustea larriagotuko du esportazioena. Baina, zalantza barik, antxoa falta da Gipuzkoako eta Bizkaiko arrantzaleen amesgaiztoa. «Diru laguntzak ez dira nahikoa. Arrantzale bakoitzak eguneko 40 euro jaso zituen iaz, 40 egunez portuan geldi egon ostean. Eta diru hori oraintxe jaso dugu. Ia urtebete berandu».

Aurten laguntzarik izango duten ere ez dakitela eta, izatekotan ere, «asko» galduko dutela dio Tejedorrek. Antxoa harrapaketak sektorearentzat «funtsezko» direla nabarmendu du.

Horregatik eskatu zuten Bruselan 8.000 tona hartzen baimentzeko. «Biomasari buruzko datu positiboak genituen urrian. Antxoa suspertzen ari omen zen. Eta eskatu behar genituen kuotak Frantziako arrantzaleekin hitzartzeko galdegin zigun Europako Batzordeak». Kostata, baina aspaldiko ezinikusiak ahaztu, eta 8.000 tona eskatu zituzten Bizkaiko Golkoko kofradiek aho batez.

«Ordurako, ordea, Bruselak beste datu batzuk zeuzkan». Antxoa zuhurtziako biomasaren -arrantzaren iraunkortasuna ziurtatzeko beharrezko diren 30.000 tonen- azpitik jarraitzen duela zehaztu zuen, zuzen esanda. Eta gogorarazi zuen arrain kopurua mugako biomasara -espeziearen iraupena ziurtatzeko beharrezko diren 20.000 tonara- ez zela helduez 2004an ez 2005ean. 2006an ozta-ozta: 21.400 tona antxoa zenbatu zituzten zientzialariek.



«ARRISKU ONARGARRIA» . Ildo horretatik, Tejedorrek azpimarratu du antxoa piztea eta arrantza iraunkorra bultzatzea dela arrantzaleen lehentasuna. «Hala ere, egoera kritikoan dago sektorea, eta onargarria den arrisku mailarekin bat zetorren gure eskaera». Tona gutxi arrantzatuta eta kontrolak areagotuta, antxoaren egoera okertzeko arrisku gutxi zegoela adierazi du. «Uko egin genion arrisku handiagoa zekarren kuota eskatzeari, espeziearen suspertzea mantsoagoa izango zelako».

Zientzialariek, dena den, ez zuten begi onez hartu 8.000 tona harrapatzeko eskaera. «Eurek dute datu gehien, bai, baina udazkeneko kanpaina gehiago egitea falta zaie espeziearen argazki osoa izateko». Datu horiek gabe «hankamotz» geratzen dira ikerketak.

Eta, bestela ere, 8.000 tona harrapatzeak espezieari «kalte larregi» egingo ez ziola berretsi du Tejedorrek. «Zentzuzko» eskaera zen, eta antxoa «esportazioei aurre egiteko» balio zezakeen. Izan ere, partituko ez duten harrapaketen diruarekin ez ezik, geroko salmentekin daude kezkatuta arrantzaleak. «Kontserba enpresak kanpoko antxoa merkeago erabiltzen ohituz gero, agian ez baitigute guri erosiko Bizkaiko Golkokoa».

Brusela konbentzitu nahi eta ezin. Areago oraindik, kofradien eskaeraren aurka egin zuen Espainiako Gobernuak. «Arrantzalekuak ixteko eskatu eta eskatu, eta orain debekua bertan behera uzteko akordioa egin. Jokaera zentzugabea eta ulertezina da», Elena Espinosa Arrantza ministroarentzat. Ez, hala, Bizkaiko Kofradien presidente Iñaki Zabaletaren iritzirako. «Sektorearen muturreko egoera aintzat hartuta eskatu genituen 8.000 tonak».



BILERA PARISEN, GEROARI SO. Eskaerak eskaera, etorkizunera begira jarri dira bai Gipuzkoako bai Bizkaiko arrantzaleak, eta, alde horretatik, eskuz esku dabiltza Lapurdiko, Bretainiako eta Frantziako arrantzaleekin. Baita zientzialariekin ere. Hurrengo astean berriro bilera dute Parisen eta hantxe izango da Tejedor. «Badirudi Bruselak orain, neurri batean, arrantzaleen esku utzi gura duela hitza eta erabakia. Antxoa pizteko eta arrantza iraunkorra bermatzeko plan bat adostea galdegin digu, eta lan horretan gabiltza».

Oraingoz hasi besterik ez dira egin, eta neurri zehatzik ez dute adostu. Herrialde bakoitzak bere ontzidia Bruselak emandako kuoten arabera egokitu beharko duela dio Gipuzkoako kofradien presidenteak. Alegia, Frantziak antxoa kuota gutxi duela -Bizkaiko Golkoko kuota osoaren %10, Espainiari dagokio %90- eta antxoatan hango ontzi gutxiagok ibili beharko dutela iradoki du.

Izan ere, antxoaren kuotaren banaketa «aldaezina» da. «Frantziarrek eurek ondo dakite banaketa horrek indarrean segitu behar duela. Antxoarena aldatzeko, beste espezie guztiena aldatu beharko litzatekeelako». Tejedor, beraz, ez da larritu Frantziako presidente Nicolas Sarkozyren hitzekin. Europako Batasuneko presidentetza eskuratu eta kuotak ezabatzeko prozesua martxan jarriko zuela iragarri zuen Sarkozyk urtarril bukaeran. Ostean, Michel Barnier Arrantza ministroak zehaztu zuen Frantziako Gobernuak ez dituelaoran arteko kuotak ezabatu nahi, «egokitu, txukundu eta hobeto kudeatu» baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.