Elisabet Errandonea. Lan Zuzenbideko irakaslea EHUn

«Berriro ere pentsioak murriztea ez litzateke harritzekoa izango»

Sistema ekonomikoki eramangarria dela bermatzeko moldaketak etorriko direla uste du Errandoneak, eta ohartarazi du berriz ere aukeratu beharko dela diru iturriak indartu edo gastuak murriztu.

LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Ivan Santamaria.
2016ko ekainaren 12a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Espainiako pentsio sistema aztertu du bere tesian Elisabet Errandonea EHUko Lan eta Gizarte Segurantza Zuzenbideko irakasleak (Donostia, 1968). Ordain txikiak eta erosahalmen galera ekarri duen egitura bat sortu dute azken erreformek, haren aburuz.

Pentsioen azken erreformak arrazoitzeko argudio nagusia zen sistema eramangarri bihurtzea. Lortu al da?

Ez, aldaketa horrek balio izan du gastuei eusteko. Bi bide egon daitezke: diru iturriak indartzea edo gastua murriztea. Hartu den erabakia murriztea da, baina badirudi ez dela nahikoa izango. Azken urteetan erreserba funtsetik hartu da dirua, eta, aurreikuspen batzuen arabera, 2018-2019. urteetarako amaituko da erreserba. Hortik aurrera zerbait egin beharko da pentsioak ordaintzeko.

Zeintzuk dira hartutako erabakien ondorio nagusiak?

Pentsioak kalkulatzeko arauak gogortu dira. Urte gehiago kotizatu behar dira, zaildu egin da erretiro aurreratua, eta, ordaina kalkulatzeko, aintzat hartzen dirakotizazio urte gehiago. Horrek guztiak, normalean, ekarriko du pentsioa txikiagoa izatea. Beste aldaketa funtsezko bat eramangarritasun faktorea izango da. Bizi itxaropena hartuko du kontuan indarrean sartzen denean. Itxaropena igotzen den neurrian, pentsioak jaitsiko dira.

Kalkulatu da zenbat galduko duten pentsiodun berriek?

Aurreikuspen ezberdinak daude, baina kalkulatzen dira %15-20 bitarteko murrizketak. Faktore asko daude tartean, eta denentzat ez da berdina izango. Kontuan hartu behar dira berez pentsioak txikiak direla Espainian. Erreferentzia gutxieneko soldata da, eta hori oso eskasa da. Batez besteko pentsioak urriak dira, eta emakumeenak, are txikiagoak.

Aldaketa nagusietako bat da pentsioak ez direla inflazioaren arabera eguneratuko. Oraingoz nolako eragina izan du?

Aldaketa indarrean sartu zenetik inflazioa negatiboa izan da, eta ez da gertatu espero zitekeen erosahalmen galera. Baina hainbat erakunderen helburua, EBZrena bera, inflazioa %2ra igoaraztea da;hori gertatzen denean, pentsioek galduko dute erosteko ahalmena. Lehen bermatuta zegoen ez galtzea, nahiz eta Espainiako bi gobernuk eguneratzea izoztu zuten.

Eramangarritasun faktorea 2019. urtean ezarriko da. Zer espero liteke horrekin?

Beste murrizketa bat jasango dute pentsioek. Ikerketa guztiek diote urte gehiagoz biziko garela, eta, hala izanik, diru kopuru berarekin igaro beharko ditugu, hilero gutxiago jasota. Hori da atzean dagoen logika. Zerbait berri da, erabat, orain arte ordainaren kalkulua kotizatutakoaren arabera izaten zelako, batez ere.

Erreserba funtsa amaitzen ari da nahiko azkar, eta sistemaren defizita ez da eten. Zer analisi egin liteke horri buruz?

Aspaldiko kontua da Gizarte Segurantzaren arauak aldatu izan direnean murrizteko egin dela. Ziurrenik, berriz egin beharko dira aldaketak, eta berriro ere bi aukera egongo dira: iturriak sendotzea edo gastuari eustea.

Defizita ikusita, beste erreforma bat beharrezkoa izango da?

Pentsioetan erreformak egingo direla ziurra da. Hainbat pentsio zergen bidez ordaintzea aipatu da, esaterako. PSOEk proposatu du zerga berezi bat sortzeko aukera. Hor ditugu ere Europak ezarritako defizit mugak, diru sarrera handiagoak lortzea zailago egiten dutenak. Ez litzateke batere harritzekoa berriro ere murrizketak gertatzea.

Pentsio publikoek etorkizuna dute soilik kotizatutako dirua erabilita?

Bestelako diru iturri batzuk beharko dira. Diru sarrerak indartu behar dira, aurre egin ahal izateko sistema publiko sendo bati. Bestela, sistema geroz eta ahulagoa izango da, ordain eskasagoekin, eta horrek pentsio pribatuak indartuko ditu.

Emaitzak ikusita, gaizki egindako erreforma izan zen?

Uste dut helburuak oso argi zituela. Gizarte Segurantzan erreforma oso erradikalak ez dira behin ere egin. Isilpeko erreforma bat da, gutxinaka gauza batzuk hemen eta beste batzuk han aldatu dira. Zergatik? Erantzun soziala eta boto galera ekidin nahi dira. Ekonomikoki ere nahastu dira gauzak. Gobernuak espero zuen enplegua hobetzen zen neurrian kotizazioen truke lortutakoa igoko zela. Ez da gertatu.

Kotizazioetan aldaketak egiteko aukerarik legoke?

Badago tartea kotizazioak igotzeko. Hori ere ondo neurtu behar da, ikusi zer-nolako eragina izango luke, baina, zalantzarik gabe, diru iturriak sendotuko lituzke, eta ezin da halakorik baztertu.

Pentsio publikoen arazoak azpimarratzen direnean pentsio pribatuen aukera ateratzen da plazara. Benetako irtenbidea dira?

Sistema publikoek barruan dituzte elkartasun tresnak. Esaterako, gutxieneko pentsio batzuk bermatuta daude, nahiz eta kotizazioan azpitik geratu. Halako ezer ez dago pentsio pribatuetan. Gainera, argitaratzen diren datuek argi diote pentsio pribatuei egindako ekarpenak oso txikiak direla, pertsona horientzat ez da bermerik izango. Dirua sistema pribatuetara joateak publikoa ahuldu egiten du. Plan pribatua izateak ez du ezer konpontzen. Errentagarritasun txikia dutela frogatuta dago, batzuetan negatiboa. 2008tik aurrerako zurrunbiloan pentsio pribatuetan dirua zuen jendeak asko galdu zuen.

Hemen borondatezko aurreikuspena sustatu nahi izan da. Alternatiba bat izan liteke?

Laneko sistemak positiboak dira. Frantzian indar handia dute. Arazoa da zein sartzen duten barruan, nor babesten duten. Eta hor daude kolektibo prekarioenak, emakumeak, kanpoan geratzen direla. Beraz, ez du guztientzat balio.

Eztabaida handia dago euskal sistema propio bat izateari buruz. Posible litzateke?

Ziur aski, ez litzateke alde handirik egongo Espainiaren barruan egonda edo aparteko sistema bat edukita. Pentsioak handiagoak dira hemen, baina soldatak ere bai. Badira ekonomikoki bideragarria ezin dela izan dioten txostenak. Baina sistema batek autofinantzatu behar du?

Egon liteke modurik sistema propio bat eraikitzeko?

Gizarte Segurantzak ez du zertan finantzatu soilik kotizazioekin. Egiten diren planteamenduetan hala ematen du. Beste gizarte eskubide batzuei eskatzen ez zaiena eskatzen ari zaio Gizarte Segurantzari. Osasunak eta hezkuntzak autofinantzatu behar dute?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.