Europako Batasuneko estatu kideetako kontsumo eta industria ministroen bilkura informala egiten ari dira Bilboko Euskalduna jauregian atzo eta gaur. Industria ministroen txanda izan da gaur, eta inbertsiogile pribatuek Europa ez uzteko neurriak proposatu dituzte. Neurrion helburua da inbertsiogile pribatuek Europatik «ihes ez egitea», Didier Reynders Europako Batzordeko Justizia komisarioaren arabera.
Reyndersek adierazi du garrantzitsua dela Europako merkatu batua eraikitzen jarraitzea, eta, horretarako, uste du beharrezkoa dela Europako enpresen lehiakortasuna bultzatzea, Europa barruko zein kanpoko merkatuetan.
Kanpoko herrialdeekiko menpekotasuna murriztea ere erronka bat da Europarentzat, eta, horretarako, autonomia estrategikoa defendatu du Reyndersek. Europako Batzordeak 5.000 produkturen merkatuak ikertu ditu, jakiteko menpekotasun hori murrizteko zer industria indartzea komeni den eta zer politika behar diren sektore horiek berrindustrializatzeko. Adierazi du, halaber, hainbat produktu eta lehengai estrategikoren etxeko produkzioa hobetu behar dela.
Berrindustrializazio horretarako, baina, beharrezkoa izango da inbertsio publikoa zein pribatua handitzea. Europako funtsen helburuetako bat hori da, eta horren adibide da EBk gaur onartu duen Txipen Europako Legea. Inbertsio pribatuak ere bermatu behar dira, eta adierazi du inbertsiogile pribatuen ihesa saihesteko beharrezkoak direla inbertsioaren arriskua jaisteko neurriak.