BERRIKUNTZAN ZAHARRAK BERRI

Enpresek eta instituzioek uzkur jarraitzen dute I+Gan inbertitzeko orduan: Hego Euskal Herrian eta Europako herrialde gehienetan ez dituzte bete duela hamar urte zehaztutako helburuak, eta baliteke oraingo krisi ekonomikoaren eraginez beste alor batzuetan jartzea ahaleginak eta lehentasunak.

jokin sagarzazu
2020ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Lozorroan jarraitzen du ikerketa eta garapenak (I+G) Hego Euskal Herrian, aurreko krisialdi ekonomikoan hasitako bidetik, hain zuzen ere: barne produktu gordinean (BPG) duen pisua %2aren gainetik kokatu ezinda, eta Europak nahiko lukeen %3tik oso urrun oraindik. COVID-19ak ekonomiara ekarritako laino beltzek ez dute etorkizun oparoagoa agertzen. Enpresei berritzeko deia egiten ari zaizkie etengabe, baina haietako askok nahikoa lan dute egungo ekaitzari eusten. Eta instituzioek euren lehentasunen artean beti aipatzen duten alor bat izan arren, interes hori gehiago islatzen da agintarien hitzetan aurrekontuetan baino. Alor horretan ere Europara begira daude denak, hango diru laguntzen zain eta, bereziki, Next Generation planekoen zain.

Inbertsioen zenbateko totalari erreparatuz gero, nabari da urtetik urtera diru gehiago jartzen dutela euskal enpresek eta instituzioek ikerketa eta garapenean, baina jarrera uzkurra nabari zaie. Eustatek joan den astean eman zituen datuen arabera, 2018an baino 58 milioi euro gehiago (+%4) jarri zituzten Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Eusko Jaurlaritzak «maximo historikotzat» jo du iazko kopurua (1.481 milioi). Baina BPGan duen pisuarekin alderatuz gero, azken hamar urteetako baxuenetariko bat da, 2015ekoaren parekoa. %1,86koa da, Eustaten arabera;%1,96koa, INEren metodologiaren arabera.

Nafarroan, berriz, kezkagarriagoa da egoera. Txikitu egin da da urte batetik besterako inbertsioa: 1,4 milioi gutxiago iaz (-%0,4), eta duela hamar urte baino %5,8 urriagoa da. BPGan duen pisuari dagokionez, EAEn baino handiagoa izan da erorikoa: %1,68koa izan zen 2019an, Nastatek INEren datuetan oinarrituta zabaldu duenez. Nafarroan, gainera, 2010ean alor horretan zeuden lanpostuen %7 galdu egin dira.

Geroko utzia

Hego Euskal Herrian 2013. urtetik ez da %2tik gora inbertitzen ikerketa eta garapenean. Eta behea jo duela irudi duen arren, oso motela da azken urteetako hazkundea. Ezer baino gehiago, sinbolikoa da portzentaje hori, aspaldi lortuta eta gainditua egon behar baitzuen. Duela hamar urte, Europako Batasunak %3ko helburua jarri zuen 2020rako. 2017an, Europako 25 eskualdek bete zuten erronka: ia guztiak Alemaniako eta eskandinaviar herrialdeetako eskualde industrialak. Baina, oro har, esan daiteke Europak ere ez duela lortu helburua.

Ez behintzat Batasuneko buruzagiek iragarri eta nahi zuten moduan. Lisboako Itunean estatu kide guztiek %3ra heltzea ezarri zuten 2010erako; gero, 2020rako planteatu zuten; eta, orain, ziurrenik, 2030erako proposatuko dute. Beste bloke ekonomiko handienekin alderatuz gero, behetik dago: Txina %2,2an dago gaur egun. AEBak, duela urte batzuetatik, % 2,7 inguruan, eta Japonia %3,5ean.

Eusko Jaurlaritzak, artean Patxi Lopez lehendakari zen garaian, hitzeman zuen Batasunak ezarritako %3ra 2015ean iritsiko zela EAE. Errealitateak, ordea, laster utzi zuen agerian aurreikuspen hori ez zela beteko. 2015ean beste xede bat jarri zuen, kasu horretan Iñigo Urkulluren gobernuak: 2020. urterako gastu globala 1.900 milioi eurora iristea. Hori ere ez da lortuko. Horretarako, gutxienez, beste sei urte beharko lirateke, urtetik urterako inbertsioen %6ko hazkundea izanez gero, lehendakariak berriki proposatu duen moduan.

Nafarroan beltzagoa da etorkizuna. 2015ean jaitsiera handia izan zen inbertsioetan. Buelta ematen hasia zenean, erritmoa mantsotu eta behera egin zuen iaz. Egun, Gipuzkoa da Batasuneko batezbestekoaren gainetik dagoen lurralde bakarra (%2,4).

Menpekotasunak

Hainbat faktoreren menpe daude ikerketa eta garapenerako inbertsioak. Horietako bat instituzioen babesa da. EAEn enpresek berrikuntzara bideratzen duten hiru eurotik bat administrazioetatik jasotzen dute, diru laguntza moduan, Innobasquek kaleratu berri duen txostenaren arabera. Euskal enpresentzat iturri nagusia da oraindik ere diru publikoa. Iaz, beren finantzaketaren %21 funts publikoetatik lortu zuten; Europan, berriz, ehuneko hori %5 ingurukoa da batez beste.

Hain zuzen ere, berezitasun hori aipatu zuen Innobasqueko presidente Manuel Salaberriak, azaroaren hasieran egindako hitzaldi batean. Azpimarratu zuen euskal enpresek gehiago nabaritzen dituztela krisi garaietan administrazioek hartzen dituzten erabakiak, haien diruarekiko duten «menpekotasunagatik». «Europan ez bezala, gurean finantzaketa publikoak eragin traktorea du enpresek berrikuntzan egiten dituzten inbertsioetan», esan zuen.

2010eko hamarkadaren hasieran I+Grako diru laguntzak nabarmen murriztu ziren, eta ez dira leheneratu. Oraingo egoeran ezin dela aurreko krisi ekonomikoan gertatutakoa berriz gertatu ohartarazi zuen Salaberriak, eta instituzioei ez ezik enpresei ere esan zien berrikuntzan inbertitzeko.

Innobasqueko buruak azaldu zuenez, krisialdietan nekez egiten dute hori, haien tamaina edozein izanda ere, baina «berritzeko garaia» dela gaineratu zuen, eta hori egin ezean enpresa askoren etorkizuna «arriskuan» egongo dela ohartarazi zuen. «Badakit egunerokoan eta erresistentzian zentratuta daudela, eta berrikuntzaz hitz egitea zerbait irudituko zaiela, baina berrikuntza izan da beti krisietatik ateratzeko funtsezko faktorea».

Jaurlaritza, kezkatuta

Jaurlaritza ere hasia da kezkatzen. 2010eko hamarkadaren hasieran bere ohiko mezua zen BPGaren %2 baino gehiago inbertitzen zuen erkidego bakarra zela EAE, baina azken sei urteetan beti egon da kopuru horretatik behera, eta horrek bere hitzak berrikustera eraman du. Gainera, iaz kolpe gogorra hartu zuen Europatik. Lehen aldiz, autonomia erkidegoak atzera egin du Europako Batzordeak egiten duen rankingean, eta orain «berrikuntza moderatuko eskualde» gisa ageri da. Horrek eragina du beste faktore batean ere: kanpoko inbertsioetan. Enpresa askorentzat finantzaketa iturri garrantzitsu bat izaten da hori, bereziki administrazioen diru laguntzak murrizten direnean. Euskal Herriko enpresek, orain, diru hori erakartzeko ahalmen txikiagoa dute.

Gobernuak ez daude lasai. Jaurlaritzak azken urteetako joerari buelta emateko asmoa azaldu du, eta, COVID-19aren krisi betean, I+Grako inbertsioa Europako batezbestekoaren gainetik jartzeko konpromisoa agertu du Iñigo Urkullu lehendakariak. Iragarri du urtetik urtera %6 igoko duelaaurrekontuetako diru saila —iaz %4koa izan zen hazkundea—; laguntzen programak indartuko dituela, 5.000 enpresa eraldaketa digitalean eta berrikuntzan sar daitezen, bereziki enpresa ertain eta txikiak; eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Plan Estrategiko berri bat iragarri du, 2030era begirako helburuak ezarriko dituena. Nafarroako lehendakari Maria Txibitek, berriz, ez du plan zehatzik proposatu oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.