Berri onak poltsikoarentzat

Inflazioa %4,8tik %4,4ra jaitsi da Hego Euskal Herrian, petrolioaren prezioaren jaitsieraren eraginez batez ere

jakes goikoetxea
2008ko urriaren 15a
00:00
Entzun
Aspaldiko partez, herritarren poltsikoei zuzenean eragiten dieten bi albiste on izan ziren atzo: alde batetik, inflazioa %4,8tik %4,4ra jaitsi da Hego Euskal Herrian; bestetik, Euriborra jaisten hasi da, munduko banku zentral nagusiek ostiralean interes tasak jaitsi ostean.

Prezioek behera egin dute hirugarren hilabetez jarraian, baina iraileko jaitsiera abuztukoa baino handiagoa izan da, Espainiako Estatistika Erakundeak (INE) emandako datuen arabera. Inflazioa Hego Euskal Herriko probintzia guztietan jaitsi da: Araban %5,1etik %4,7ra, Bizkaian %4,7tik %4,3ra, Gipuzkoan %5,0tik %4,6ra eta Nafarroan %4,7tik %4,4ra.

Petrolioaren eta produktu energetikoen prezioak jaisteak eragin du batez ere inflazioaren jaitsiera Hego Euskal Herrian. Abuztutik irailera erregaien prezioak %2,5 jaitsi dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eta %2,3 Nafarroan; produktu energetikoak, berriz, %1,9 eta %1,7 hurrenez hurren.

Brent upela 80 dolarreko prezioaren azpitik dago egunotan, abuztuan inoizko preziorik garestienak izan ostean. Hilabetean merkatu egin den arren, urtebetean erregaiak eta energia (argindarra, gasa) asko garestitu dira Hego Euskal Herrian: %12,5 Araban, %12,7 Bizkaian, %12 Gipuzkoan eta %15,5 Nafarroan.

Abuztutik irailera elikagaiak %0,1 eta %0,3 artean garestitu dira lau probintzietan. Prezioen jaitsiera handiena hoteletan gertatu da, %14tik gorakoa.

Sindikatuak, kexu

Inflazioa jaitsi egin da bigarren hilabetez jarraian, baina inflazio tasa oso handia da. Balorazio hori egin du LABek kontsumo prezioen indizearen (KPI) bilakaerari buruz. Nabarmendu du azken urtean oinarrizko janaria garestitu dela gehien: esnea %12, esnekiak %11, laboreak %10,7, ogia %8,6, eta fruta freskoak eta arrautzak %9. Horiez gain, herri arteko garraio publikoa %12,6 eta berokuntza, argindarra eta ura %11,9.

CCOOk ere kezka bera agertu du, alegia, oinarrizko ondasunak indize orokorra baino gehiago garestitu direla: ostalaritza eta hezkuntza %4,7, janaria %6,4 eta etxebizitza %6,4. CCOOk Ā«elkartasunik ezĀ» dutela esan die ostalariei. Sindikatuak uste du barne merkatuetan neurriak hartu behar direla, elikagaien banaketan eta zerbitzuetan batez ere, inflazio joera dutelako.

%5,477ko batez bestekoa

Munduko banku zentral nagusiek interes tasak jaitsi egin zituzten iragan ostiralean. Bankuei ematen dieten diruaren prezioa merkatu egin zuten, alegia. Hala egin zuen Europako Banku Zentralak ere: %4,25etik %3,75era jaitsi zituen interes tasak. Neurri horrekin hipotekak kalkulatzeko indize nagusia ere, Euriborra, jaitsi egingo zela uste zen. Izan ere, Euriborra bankuek elkarri dirua uzten dioten tasen batez bestekoa da. Bankuek dirua merkeago eskuratuz gero, elkarri ere merkeago utziko ziotela zirudien ostiralean, baina ez zen hala gertatu.

Ostiraleko jaitsiera horrek bi egun behar izan ditu herritarren poltsikoetan, Euribor indizean, islatzeko. Urte bateko Euriborra ostiraleko %5,512tik %5,425era jaitsi zen herenegun eta %5,358ra atzo.

Euriborraren iraileko batez bestekoa %5,384koa izan zen, uztaileko errekorretik (%5,393) oso gertu. Oraingoz, urriko batez bestekoa %5,477koa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.