Berrerabili, gogoratzeko

Euskal Herriak balio handiko ondare industriala du, baina galtzen ari da.

Molinos Vascos enpresaren eraikina, Bilboko Zorrotza auzoan. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Molinos Vascos enpresaren eraikina, Bilboko Zorrotza auzoan. MARISOL RAMIREZ / FOKU
jokin sagarzazu
2025eko otsailaren 9a
05:00
Entzun

Munduko ikatz meategi handienetako bat izan zen Zollvereingoa (Essen, Alemania). Orain, aisialdirako eta negozioetarako gune erraldoi bat da. Bereizgarri batekin: zeuden bezala mantendu dituzte han zeuden pabiloiak, garabiak, ikatza garraiatzeko burdinbideak, labeak... Eta horietan integratu dituzte igerilekuak, bileretarako eta erakusketetarako gelak... Industria eraikin zahar baten berrerabilpenaren adibide gisa jarri ohi da, baina halako hamaika daude Europa osoan, eta erabilera oso ezberdinak dituzte: badira liburutegiak, kiroldegiak, merkataritza guneak, etxebizitzak, eta baita industria berriak ere hartu dituztenak.

«Berrerabilpena 2030 Agendaren garapen jasangarriko helburuetako bat da. Gainera, hori eginda, leku baten memoria eta nortasuna babesten dituzu etorkizuneko belaunaldientzat», azaldu du Javier Puertasek, IOHLEE Industri Ondare eta Herri Laneko Euskal Elkarteko presidenteak.

Erakunde horrek urteak daramatza industria ondarean galera salatzen. «Hiriak organismo biziak dira, eta ulertzen dugu hirigintza ere aldaketa edo behar berrietara egokitu behar dela. Baina ondare industrialak badu berezko ezaugarri bat: eraikin horietako asko oso moldagarriak direla, baita etxebizitzak egiteko ere».

«Hemen lurrean bakarrik pentsatzen da, eta denak berria izan behar du; obsesio horrek min handia egin dio gure industria ondareari»

JAVIER PUERTASIOHLEEko presidentea

Puertasen iritzian, interes kontua da. «Nahi bada, berrerabil daitezke, ia edozertarako». Baita lurzoru industrialaren gabezia betetzeko ere. «Kontua da hemen lurrean bakarrik pentsatzen dela. Denak berria izan behar du. Sprilurrek, duela urte batzuk, garai bateko kokaleku industrialak berrerabiltzearen aldeko apustua egiteaz hitz egiten zuen bere plan estrategikoan, baina baita eraikinak berrerabiltzeaz ere. Non geratu da hori?».

Garai beltza

1992 eta 2012 artean egindakoa gogoratu du Puertasek. «Horixe izan zen Euskadiko industria ondarearen garairik beltzena». Eusko Jaurlaritzak industrialde zaharrak eraisteko programa bat abiatu zuen. Hark ordaindu zituen lan horiek, ondoren lurzorua birkalifikatu ahal izateko eta gero erabilera berriak emateko. Eta hori egin zuen, hain justu, gobernu bereko Kultura Saila elementu horietako asko kultura ondasun gisa babesteko lanean ari zen garai berean.

Bizkaian, Sestao-Trapagarango Babcock Wilcox lantegia ia osorik desagertu zen, eta Labe Garaietatik ere ez zen ia ezer geratu; eta Gipuzkoan ere oso gutxi Pasaiako, Errenteriako eta Irungo ondare industrialetik.

Hori orduan, baina gaur egun ere antzera gertatzen ari dela ohartarazi du Puertasek. Bilboko Zorrotzaurre jarri du adibide gisa. Eremu hura berrurbanizatzeko plana diseinatu duen arkitektoak berak, Zaha Hadidek, arkitektura industrialeko elementu batzuk identifikatzeko eskatu zuen, erabilera berrietarako berrerabil zitezen, eta udalak hori egiteko konpromisoa hartu zuen. «Hala ere, eraikin horietako asko eta asko erabat abandonatuta daude, espoliatuta».

TALLERES ZORROZA
Oso egoera kaskarrean dago Talleres de Zorroza lantegiaren etxe gorria deiturikoa, Bilbon. MARISO RAMIREZ / FOKU

Hori gertatzen ari da, adibidez, Molinos Vascosen eta Talleres de Zorrozan. Baina baita Bilbotik kanpora ere: Foruko Zurrategian, Urdaibain. Conservas Ormazan, Bermeon; Gasteizko URSSAn; eta Gipuzkoan, Ceramicas de Orion, eta Beasaingo Manufacturas Olaranen, besteak beste.

Hamarretik bi

Eusko Jaurlaritzak badu inbentario bat egina 1990eko hamarkadatik, eta mende honen hasieran eguneratu zuen. Guztira, industria ondareko 2.300 elementu inguru ditu, eta hamarretik bik dute kultura ondasun gisa babesteko kategoria. «Guk ere ez dugu uste dena babestu behar denik. Ez dugu nahi inolako erabilerarik ez duen eraikin baltsamaturik», adierazi du Puertasek.

Orain, elkartearen kezka nagusia kontserbazioa da. «Eraikin horietako asko desagertzeko zorian daude». Hori ez gertatzeko ardura jabeena da, hala dio kultura ondareari buruzko EAEko legeak. Eta eraikina zaintzen ez badute, subsidiarioki aldundiek zaindu behar dute, eta gero haiei pasatu behar dizkiete fakturak. «Baina ez dute hala egiten».

Labegaraieta
Bergarako Labegaraieta kiroldegia, Gipuzkoan. IREKIA

Dena den, jardunbide egokiak ere badaude, Puertasen arabera. Horietako bat Bergarako Labegaraieta kiroldegia da, Gipuzkoan. Horrez gain, gogoratu du industria eraikin batzuk etxebizitzetarako ere erabili direla ―Bilboko Seres irin fabrika, adibidez―, eta Beasaingo (Gipuzkoa) Manufacturas Olaranen proiektu bat dutela gazteentzako bizilekuak egiteko. Bestalde, Basauriko (Bizkaia) La Basconiako nabeak ere ekipamendu publiko bihurtuko dituzte aurki. Eta Sestaoko Naval ontziolako eraikin batzuk ondare gisa katalogatu dituzte, eta litekeena da horik industriarako erabiltzea.

Dena den, gehienetan erabilerarik ohikoena industria museoarena izaten dela azpimarratu du. «Irudimentsuagoak izan beharko genuke. Guggenheim efektuak kalte handia egin du. Eraiki beharrak, denak berria izan behar duelako obsesio horrek min handia egin dio gure ondare industrialari».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.