Hamar urteko epean etxebizitza gehienak elektrifikatzea: Europako Batasunak erronka hori jarri dio bere buruari. Ukrainako gerrak areagotu egin du krisi energetikoa, eta trantsizioan funtsezkoa izan behar zuen energiaren pisua, gasarena, abiada bizian lurrintzen ari da gobernuen estrategietan. Gaur egun energia horrek duen prezioa eta etorkizunean izan dezakeena kontuan hartuz, etxebizitzetako berokuntza sistemetako erregeak izan diren gas galdaren etorkizuna gero eta beltzagoa da. Sistema horiek beste teknologia eraginkor eta garbiago batzuekin aldatzeko asmoak aspaldikoak dira, baina prozesu hori bizkortu egin da azken urtean. Eta, alternatibak bilatzen hasita, bat nagusitzen ari da agintari eta aditu gehienen artean: bero ponpa aerotermikoak.
Baina zer dira bero ponpak? Oso labur azalduta, honako hau: argindar kilowatt batetik bi eta lau kilowatt termiko artean sortzeko gai den berokuntza sistema bat, erregairik erabiltzen ez duena —fakturak izugarri murrizten ditu, beraz—, ezta karbono isuririk eragin ere.
Aitor Erkoreka EHUko Ingeniaritza Termikoko irakasleak «oso argi» dauka hori dela etxebizitzak berotzeko «etorkizun handiena» duten sistemetako bat. Teknologia hori duela 30 urte asmatu zen, eta oso garatuta dago. «Ziurrenik, hamar-hamabost urte barru debekatuko dituzte erregai fosilak erabiltzen dituzten sistemak. Hain denbora gutxian ezingo da lortu egungo gas behar guztia ordezkatzeko adina hidrogeno berde edo biodiesel; gainera, ez dira hain eraginkorrak berokuntza sistemetarako, eta nagusiki beste erabilera batzuetarako produzituko dira, motorretarako-eta».
Gas galdaren amaiera?
Gaur egun, Europako Batasuneko hamar etxebizitzatik zortzitan erabiltzen da erregai fosilen bat berokuntzarako: galdara komunitarioetan, gasolioa eta gasa dira ohikoenak, eta etxebizitzetan, gasa —hirutik bitan—. Euskal Herrian antzekoak dira proportzioak. Bruselak estatu kideei proposatu die 2029. urtetik aurrera debekatzea erregai fosiletan oinarritutako berogailuak saltzea, eta horientzako laguntza publikoak 2025ean etetea.
Herrialde batzuetan jada hasiak dira urratsak egiten: Herbehereetan, 2026. urtean debekatuko dute gas galdara gehiago saltzea, eta, horien ordez, bero ponpak jarri beharko dira etxeetan; Alemanian, 2024. urtean debekatuta egongo dira erregai fosilak erabiltzen dituzten sistemak. Espainiako eta Frantziako agintariek ez dute halakorik iragarri, baina 2030. urtearen muga gero eta gertuago ikusten dute, eta hasiak dira aldaketak egiteko laguntzak banatzen.
Izan ere, data letra lodiz azaltzen da Europako Batzordeak maiatzean aurkeztu zuen RepowerEU trantsizio energetikoaren plan estrategikoan. 2030erako karbono emisioa %55 murrizteko helburua jarri du, eta, horri begira, besteak beste datozen bost urteetan bero ponpen instalazioak gaur egun halako bi izatea nahi du. Trantsizioa ahalik eta azkarren bultzatzeko eskatu die gobernuei, Next Generation programako laguntzen bidez.
Txinan eta AEBetan Europan baino bizkorrago dabiltza. Bloomberg-en arabera, AEBetako etxebizitzen %11,5ek dute aerotermia sistema bat jarrita; Europan, %6ra ez dira iristen, eta alde handia dago, gainera, herrialde batzuetatik besteetara. EHPA Europan bero ponpen industria ordezkatzen duen elkartearen arabera, proportzio handiena duten lau herrialdeak Norvegia (%60), Suedia ( %43), Finlandia (%41) eta Estonia (%34) dira; beste herrialde batzuetan hutsaren hurrengoa dira halako instalazioak. Frantzian, berriz, berokuntza sistemen %11 dira, eta Espainian, %5.
Azaro amaieran, IEA Nazioarteko Energia Agentziak bero ponpei buruzko txosten bat kaleratu zuen, eta teknologia horren aldeko apustua indartzeko eskatu zuen. Nabarmendu zuen Europako Batasunean aerotermia sistemen salmentek «arrakasta itzela» izan dutela, %35 handitu direla azken urtean, eta bereziki Errusiako gasarekiko menpekotasun handia duten herrialdeetan ugaritu direla: Polonian, Herbehereetan, Italian eta Austrian.
Euskal Herriko datu zehatzik ez dago, baina teilatu, balkoi eta fatxadetan gero eta gehiago ikusten dira halako instalazioak. «Oso ondo ari gara lanean, bereziki azken bi urteetan. Bero ponpak indar handia hartzen ari dira; pilo bat jartzen ari gara. Aldiz, biomasa erabiltzen duten berotze sistemak gutxitzen ari dira», azaldu du Haritz Etxaniz Alet taldeko kudeatzaileak.
Alet teknologia berriztagarrien instalazioetan espezializatuta dagoen enpresa bat da. Aste honetan instalatu dute azkeneko bero ponpa, Beizamako (Gipuzkoa) udaletxean. Azken urtean, eskola, lantoki eta familia bakarreko etxebizitza «askotan» jarri dituzte. «Gaur egun, bero ponpa da gasa eta diesela erabiltzen dituzten berokuntza sistemen ordezko nagusia, alde handiz, gainera», azaldu du Etxanizek, eta jendearen artean «gero eta ezagunagoa» dela nabarmendu du. «Deitzen duenak badaki zer nahi duen». Aldiz, oso gutxi ikusten dira herri eta hirietako etxebizitza blokeetan, azken urteetako eraikuntza berrietan ugaritu egin diren arren, «legedian egin diren aldaketek erraztuta», Erkorekak azaldu duenez.
Tamaina, espazioa, prezioa
Bero ponpa bat jartzeko, espazioa behar izaten da, eta etxeak horretarako egokitu behar dira; kanpoan, airearekiko bero trukagailua jartzeko —fatxada, balkoi edo teilatuan—, eta, barruan, etxeko ur beroa metatzeko tankea eta gure berokuntza sistemarekiko bero trukagailua instalatzeko —balkoietan ere jar daitezke—. EHUko irakasleak zehaztu duenez, bero ponpa komunitarioak ere jar daitezke berokuntza sistema bakarrik elikatuko dutenean. Bero ponpa komunitarioek bai berokuntza sistema eta bai etxeko ur beroa elikatu behar dutenean, posible da leku arazoak izatea, ur bero asko biltegiratu behar denez gero.
Familia bakarreko etxeetan, ohikoena da kanpoan jartzea airearekiko bero trukagailua eta barruan, berriz, berokuntza sistemarekiko bero trukagailua eta etxeko ur beroaren biltegiratze depositua, leku berean, kutxa baten barruan; horren tamainak ez du zertan izozkailua baino handiago izan, Erkorekak azaldu duenez. Gakoa: etxebizitza bakoitzaren behar energetikoak ezagutzea. Haren ustez, «oso ondo isolatuta» dagoen 70 metro koadroko etxebizitza batean nahikoa litzateke 3-4 kilowatteko potentzia termikoa duen bero ponpa bat; horrek 1 kilowatt inguruko potentzia elektrikoa beharko luke. «Nire gomendioa hau da. Lehenik eta behin, etxebizitza oso ondo isolatu: leihoak, paretak... Kalorimetro bat erosi, eta egungo gas galdarekin azterketa egin, gutxienez urtebetez. Eta, ondoren, gure berokuntza sistemaren beharrizan errealak betetzeko gai den bero ponpa ajustatu».
Halako ekipo batek 6.000 euroko prezioa du gaur egun —horri instalazio gastuak eta berokuntza sisteman egin nahi diren beste aldaketa batzuk gehitu behar zaizkio; adibidez, zoru bero-emailea—. Bero ponparen prezioa asko merkatu daiteke Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua banatzen ari diren Europako funtseko laguntzei esker: instalatutako kilowatt bakoitzeko 600 euro ematen dituzte —3.600 euro gehienez—, eta laguntza horiek %5 handiagoak dira 5.000 biztanle baino gutxiagoko udalerrietan. «Teknologia garestia da, baina ikaragarri aurrezten da fakturetan. Auto bat edo telebista bat erosten dugunean inork ez du amortizazio epeez hitz egiten», azpimarratu du Etxanizek.
Alet taldeko teknikaria bat dator funtsezkoa dela etxebizitzak egoki isolatzea, eta Erkorekak gogoratu du etxeak zaharberritzeko laguntza lerro ugari daudela. Etxanizek uste du «urte batzuk» beharko direla bero ponpak orokortzeko, baina argi du etxeak «datorrenari» egokituz joango direla, duela 30 urte gas instalazioak zabaltzean gertatu zen moduan.
BEROTU, BAINA ERRE GABE
Europako Batzordeak debekatu egin nahi du etxebizitzetan gas galdarak jartzea 2030. urtetik aurrera, eta, horiek ordezkatzeko, bero ponpen teknologia proposatu du. Azken urtean asko handitu da halakoen salmenta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu