Gasa

Berlinek Nord Stream 2 izoztu du, eta EBk arriskuan du gas hornidura

Moskuk «hanka sartze» bat dela uste du, baina «konpromisoa» hartu du gas hornidurari eusteko. Gasaren prezioa %7 igo da egun bakarrean, eta Brent upela ehun dolarretik gertu dago

jarraia209932.jpg
Xabier Martin - Iker Aranburu
2022ko otsailaren 22a
17:43
Entzun

Gasaren karta bete-betean sartu da Ukrainako auzian. Alemaniak ahaleginak egin ditu Nord Stream 2 gasbidearen gain duen ardurari buruzko erabakirik ez hartzeko, baina azken orduotako gertaerek karta hori mahai gainera ateratzera behartu dute. Errusiak Donbasseko bi errepublika matxinoak onartu izanak eragin du Berlinen erreakzioa, eta argi dago Ukrainako auziak kostu ekonomikoak izango dituela Europako Batasuneko kideentzat.

Duela astebete, Washingtonen, Olaf Scholz Alemaniako kantziler berria ez zen Joe Biden AEBetako presidentea bezain gogorra izan Errusiatik Alemaniara gasa garraiatzekoa den azpiegituraren inguruan, baina bien arteko bilera hartan Scholzek konpromiso bat hartu zuela berretsi da orain; kantzilerrak iragarri du eten egin duela Nord Stream 2 gasbidearen balioztatzea. Errusia eta Alemania lotzen dituen gasbidea irailean bukatu zuten, baina oraindik ez da gasik igarotzen handik, baimen batzuen zain dagoelako.

«Errusiak Ukraina inbaditzen badu, hau da, tankeek eta soldaduek muga gurutzatzen badute berriro, orduan ez da egongo Nord Stream 2: amaiera jarriko diogu». Bidenen hitz arranditsu horiek ez zituen bere egin Scholzek Etxe Zuriko bileraren ostean. «Elkarrekin ari gara, erabateko batasunean, eta ez ditugu urrats desberdinak egingo, urrats berak baizik, eta oso-oso gogorrak izango dira Errusiarentzat; ulertu beharko lukete». Berlinek bete egin du esandakoa, azken hilabeteetan Moskurekiko jarrerarik bigunena izan duen arren Europako Batasunean, eta orain Moskuk gasarekiko har ditzakeen erabakien zain dago Batasuna. Moskuk aurreratu du «hanka sartzea» dela Nord Stream 2 Ukrainako auziarekin lotzea eta haren segurtasun baimenak izoztea.

Ez du itxi: ez zegoen martxan

Argitu behar da Alemaniak ez duela itxi martxan dagoen gasbide bat. Martxan egon zitekeen azpiegitura estrategiko berri bat purgatoriora bidali duela esan daiteke, hori bai. Berez, balioztatze prozesua blokeatuta dago azaroaz geroztik, Nord Streamen jabe ofizialak, Suitzako konpainia batek, Alemanian egoitza duen adar bat sortu zuelako gasbideak lurralde hartan zeharkatzen dituen 33 kilometroak kudeatzeko. Beste urrats batzuk ere falta zituen, eta horiexek dira Scholzek orain geratutakoak.

Zehazki, Scholzek agindu dio Ekonomia Ministerioari geratzeko Bundesnetzagentur energia agentzia federalari igorritako txostena, Alemaniaren hornidura segurtasunari buruzkoa. «Kontu teknikoa dirudi, baina derrigorrezko urrats administratiboa da gasbidea baimenduko ez dela ziurtatzeko. Agiri hori gabe, gasbidea ez da martxan jarriko».

Nord Stream 2 gasbidea eraikitzeko lanak irailean bukatu zituzten. Gasbidea Vyborgetik (Errusia) Lubminera (Alemania) doa (1.225 km), Itsaso Baltikoaren azpian, eta urtero 55.000 milioi metro kubiko gas garraia dezake.

Gasa hornitzeko bide bat ez ezik, borroka geopolitikorako tresna bat ere bihurtu da Nord Stream 2, eta gaurtik izaera hori askoz argiago ikus daiteke. Izan ere, Vladimir Putinek gasbide hori erabili nahi du gaur egun Ukrainan barrena doan gasbidea gutxiago erabiltzeko eta, hartara, Kieveko gobernua zigortzeko. Ofizialki, ordea, gasbidea egiteko erabilitako argudioa da gasa merkatu egingo duela Europako erabiltzaileentzat, Ukraina zeharkatzen duenaren aldean 2.000 kilometro laburragoa delako gasak Alemaniara iristeko egin beharreko bidea.

Gas likidotua

Azken hilabeteetan, Gazprom Errusiako gas enpresak ohi baino gas gutxiago bidali du Europara Ukraina eta Polonia zeharkatzen dituzten gasbideetatik, eta, Europa mendebaldeko biltegiak betetzeko, AEBetatik ekarri behar izan dute gasa —itsasontziz iristen da, likidotua—. Errusiako Energia ministro Nikolai Xulginovek bermatu egin du Europarentzako gas hornidura, Berlinen erabakiaren berri izan eta gero: «Errusiako enpresek beren kontratuak betetzen dituzte».

Baina argi dago Moskuk ere bere karta jokatuko duela gasaren iturria gehiago edo gutxiago irekita. Badaki gas likidotua ez dela alternatiba bat Europarentzat luze gabe. Alemaniak biltegiak beteta dauzka aurtengo negua gainditzeko, baina beste herrialde batzuetan behar handiagoa dute. Aurtengo negua ez da gogorra, eta maiatza ez dago urrun, baina Moskuk estu har ditzake Europako herrialde batzuk, gas hornidura apalduz eta prezioa handituz. Gasaren salneurria %7 igo da, izan ere, azken 24 orduetan, eta 2021eko hondarreko prezioan da berriro; petrolioa ere gora doa: 100 dolarreko Brent upela oso gertu dago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.