Berlin, energia garestiak uxatutako enpresa inbertsioei eutsi nahian

Alemaniako koalizio gobernuan desadostasunak dituzte enpresei argindar fakturak ordaintzen laguntzeari buruz. 50 hobari fiskalen bitartez aurre egin nahi diote enpresen ihesari

Christian Lindner Finantza ministroa, Olaf Scholz kantzilerra eta Robert Habeck Ekonomia ministroa, atzo, Mesebergeko jauregian. CLEMENS BILAN / EFE.
inaut matauko rada
2023ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Errusiako gasari jarritako debekuak eta trantsizio energetikoak asko garestitu du energiaren prezioa Alemanian, eta ez dirudi urte batzuetan behera egingo duenik. Alemaniako Gobernuak uste du energiaren prezioek gaur egun bezala jarraituko dutela gutxienez 2027ra arte, eta energia gehien kontsumitzen dutenak, enpresa industrialak, produkzioa atzerrira eramaten ari dira argindar fakturak gero eta handiagoak direla ikusita.

Energia asko kontsumitzen duten enpresak fakturak ordaintzeko diru laguntzak eskatzen ari zaizkio Olaf Scholzen gobernuari, baita Alemaniako hainbat estatu federali ere. Konpainiek diote ekoizpen kostuak apaltzeko eta lehiakor izateko beharrezkoa dela energia merkatzea, eta estatu federalik industrializatuenek ere (Bavaria, Hessen, Saxonia Beherea, Ipar Renania-Westfalia, Renania-Palatinatua, Saxonia eta Saxonia-Anhalt) gutun bat sinatu zuten elektrizitatea ordaintzeko diru laguntzak eskatzeko.

Gobernua, zatituta

Energia ordaintzen laguntzeko neurririk ez du onartu Berlinek, barne eztabaida handia baitago koalizio gobernuko aldeen artean. Berdeak eta alderdi sozialdemokrataren parte bat enpresei fakturak ordaintzen laguntzearen aldekoak dira, uste baitute horrela enpresen ihesa eragotziko dela eta energia berriztagarrien igoerak laster elektrizitatearen prezioa merkatuko dutela. Hala ere, Alderdi Demokratiko Liberala eta Olaf Scholz kantziler sozialdemokrata diru laguntzen aurkakoak dira, irizten baitiote enpresa txiki eta handien arteko lehiakortasuna desitxuratzen dutela.

Scholzek, Robert Habeck Ekonomia ministroak eta Christian Lindner Finantza ministroak adierazi zuten lanean dabiltzala etorkizuneko energia hornidurarako estrategia «koherente eta indartsu» bat egiteko, baina baztertu egin zituzten laguntzak: «Garbi dago diru laguntza egonkor bat ez dela konponbidea».

Enpresa asko ekoizpena atzerrira eramaten ari dira, eta, hori eragozteko ,50 hobari fiskal onartu zituen atzo gobernuak, urtero 7.000 milioi euro aurrezteko. Hala ere, enpresak argindarra ordaintzeko laguntza eskatzen ari dira oraindik. Markus Steilemann VCI kimika enpresako buruak esan zuen industriak «SOS dei bat» egin duela, baina gobernua entzungor egiten ari zaiola enpresen «larrialdiari».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.