Berdin =din

Joseba Barandiaran Andueza.
2009ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Hala dun: Lehendakari sozialistarenak ez din itzelezko aldaketarik eragin. Burtsa indizeak ere berdin-berdin gelditu zitunan, zutunik, geldi, Gernikako arbola balira bezala. Trichetek interes tasak %1ean finkatu eta gehiago ez jaistea hitzeman zinan, baina luze gabe ez diten hobekuntza nabarmenik espero, ez BBVAren Ikerketa Zerbitzuak ez The Economist-ek, Espainiarako, ez eta Bernankek AEBentzat ere. 3.018 milioiren salerosketak ikusmina adierazten duen arren, kromo trukearen azken emaitzak ez zinan Ibex-35 (=) mugiarazi. Batzuk sartu, besteak irten, sektore berean joera ugari ikusi zitunan atzo: bankuetan gorri Santander (-%1,27), baina berde beltz BBVA (+%1,05); azpiegitura kudeatzaileetan atzerakoi Abertis (-%2,19), baina aurrerakoi Cintra (+%4,92); goibel ArcelorMittal (-%1,98), alaiago Acerinox (+%0,08). Pisuaren araberako aginte makila Edurnezurik (+%0,6) izan zinan atzo ere, baina ez zunan aski izan. Errealitatea tematia dun.



Telecincok (-%5,12) danbatekoa jaso zuen atzo, baina egiari zor, ohitua ere badago. Azken urtean bere balioaren %47 galdu du telebistak, eta %65 pasa azken bi urteei erreparatuz gero. Lehiakideak gora, iragarleak behera: mozkina %64 gutxitu zaio.



Martxoa amaieran Espainia eta Hego Euskal Herriko familiek 128.500 milioiren ondarea zuten inbertsio funtsetan; urtebete lehenago baino %26 gutxiago. 22 hilabetez jarraian jaitsi da kopuru hori, salmenta eta prezio jaitsierak medio.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.