Berdela arrantzatu ezinean

Eusko Jaurlaritzak espezie horri buruzko ikerketa bat egiteko eskatu du, eta diru laguntzak iragarri ditu sektorearentzat. Biomasa ondo dago, baina bere ibilia aldatu du. Antxoaren kanpainarekin pozik daude

Arrantzale bat berdela deskargatzen, Pasaiako portuan. ANDONI CANELLADA / FOKU.
jokin sagarzazu
Getaria
2023ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Zer ari da gertatzen berdelarekin? Martxoan kanpaina hasi zenetik maiz entzuten da galdera hori Euskal Herriko portuetan eta arrandegietan. Berdel gutxiago arrantzatzen ari da aurten. Arrantzaleen arabera, egon badago, baina ez ohiko lekuetan; beste modu batera mugitzen ari da, eta ur sakonagoetan harrapatzen ari dira. Egoerarekin kezkatuta, Eusko Jaurlaritzak aldaketa horren arrazoiak aztertzeko eskatuko dio AZTI ikerketa zentroari eta IEO Espainiako Institutu Ozeanografikoari, eta, izandako galerei aurre egiteko, laguntzak iragarri ditu berdela arrantzatzen duen artisau flotarentzat. Hala jakinarazi zuen atzo Bittor Oroz Arrantza sailburuordeak, Getarian (Gipuzkoa) eginiko agerraldi batean.

Arrantzaleek kezka handiz bizi dute egoera. Baxurako ontzien kanpaina nagusietako bat da berdelarena, hegaluzearenarekin batera. Eta bereziki garrantzitsua da amua erabiltzen duten itsasontzientzat; berdela urteko emaitzen %50-%70 inguru da haientzat. Aurten kolpe «gogorra» hartuko dutela azaldu dute. Honezkero, kanpainak amaituta edo bukatzear egon beharko luke, baina kuotaren %40 inguru baino ez dute arrantzatu. Eta berdeletara gehiago ateratzeko itxaropen guztiak galdu dituzte, apiril amaieran arraina urrundu egin ohi delako, Asturias (Espainia) aldera.

Inguratze flotaren kasuan, berriz, egoera hobea da. Kuotaren %90 inguru harrapatu dute, eta, orain, berdela utzi eta antxoatan dabiltza. Batzuek eta besteek 11,6 milioi kilo berdel deskargatu dituzte guztira Bizkaiko eta Gipuzkoako portuetan, horietatik 7,5 milioi bertako ontziek. Azken asteetan aldaketa handirik ez badago, Euskal Herriko ontziei ezarritako kuotatik 3,5 milioi inguru utziko dituzte arrantzatu gabe.

Beste kontu batek ere kezkatzen ditu arrantzaleak: prezioa. Gutxiago arrantzatu arren, aurten berdel kiloa 1,05 euroan ordaindu da, eta iaz 1,42 euroan pagatu zen. 2022an hegaluze baino berdel tona gehiago deskargatu zen Bizkaiko eta Gipuzkoako lonjetan, eta lehen postuan kokatu zen. Berdelaren kontsumoa, baina, oso txikia da Hego Euskal Herrian, lehorreratutakoaren %10 baino ez, eta erosketa bultzatzeko egindako kanpainek arrakasta eskasa izan dute. Azkenengoa, aurtengoa: Jaurlaritzak Eusko Label produktuen zerrendara gehitu du berdela, antxoarekin eta hegaluzearekin batera.

Ezkutatu egin da

Zergatik ari da izaten aurtengo kanpaina batzuentzat ona eta beste batzuentzat hain txarra? Berdela egon badagoela diote espeziearen biomasa aztertzeko egindako ikerketek, eta hala erakusten dute inguraketa ontzien harrapaketek ere. Baina amuarekin arrantzatzen dutenek zailtasun asko izaten ari direla diote. «Arrantzaleak ikusten ari dira berdelak bere ohiko ibilbideak aldatu dituela, eta itsasoan oso behean geratzen dela. Berdela dagoela dirudi, baina ezinezkoa da amuko teknikekin arrantzatzea», adierazi du Miren Garmendiak, Gipuzkoako kofradien elkarteko idazkariak. «Azkenengo urteetan berdel gutxiago etortzen ari da gure kostaldera, erdia inguru, eta bestelako jokabide batekin», gaineratu du Emeterio Urrestik, Getariako kofradiako presidenteak.

Oroz Eusko Jaurlaritzako Arrantza sailburuordeak azaldu duenez, egoera «nahiko berria» da, arrantzaleek Bizkaiko Golko osoan nabari dute, «baina baita beste itsaso batzuetan ere». Benetan zer geratzen ari den jakiteko denbora beharko dela dio, eta «espekulazioetan» ez erortzeko eskatu du. «Oinarri zientifiko eskaseko hipotesiak» zabaltzen ari dela salatu du. «Urte bateko edo urte batzuetako emaitzekin ez da nahikoa. Datu serieak hartu behar dira kontuan. Hegaluzearen kasuan, adibidez, 2015etik 2017ra jokabide aldaketa batzuk egon ziren, baina normaltasunera itzuli da. Halako aldaketak ohikoak izan daitezke».

Hipotesien artean, batzuek aipatzen dute Bizkaiko golkoan hilabete hauetan hegalaburraren presentzia handitu dela, eta ale horietako batzuk ohikoak baino tamaina handiagokoak direla. Hegalaburrak berdela jan ohi du, eta horrek eragingo luke itsas hondoan ezkutatzea.

Berdela Norvegiara migratu dela esaten duenik ere badago, herrialde horrek berdel kuotak eskatu dituelako. Hori guztia azaltzeko, klima aldaketarekin lotutako arrazoiak ere aipatzen dira. «Esaten diren gauza asko frogatu gabe daude. Utz diezaiegun zientifikoei lan egiten», azpimarratu du Orozek.

Antxoa, handia eta gertu

Oso bestelakoa izaten ari da antxoaren kanpaina. Aurreko urteetan euskal arrantzaleen kezka iturri nagusietako bat izan zen, oso azkar amaitzen baitzen. Aurten poliki hasi dute kanpaina, prezioak igoarazita, eta oraindik kuotaren erdia inguru dute arrantzatzeko.

Batez beste 1,89 euroan ordaintzen ari da antxoa kiloa Bizkaiko eta Gipuzkoako lonjetako enkanteetan, eta iaz garai honetan 1,08 euroan zegoen. Tamaina handiagoko antxoa harrapatu izanak eragin du igoera, kontserbetarako egokiagoak direlako. Gainera, iaz baino gertuago arrantzatu dute, garraio gastuak murriztuta eta Bizkaiko eta Gipuzkoako lonjetako deskargak handituta. Guztira, sei milioi kilo lehorreratu dituzte, iaz baino bi milioi gehiago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.