Saregileen aspaldiko aldarrikapen bati oniritzia eman zion joan den astean Espainiako Senatuak: Arrantza Jasangarriaren eta Arrantza Ikerketaren Lege berrian, saregileei 0,15eko koefiziente murriztailea aplikatuko zaie, eta lehenago hartu ahal izango dute erretiroa. “Gutxi gorabehera, lan egindako hamar urteko, urte eta erdi lehenago hartu ahal izango dugu erretiroa”, esan du Marian Uribebetxeberria Euskadiko Saregileen Elkarteko lehendakari eta Getariako saregileak. Madrilen bertatik bertara jarraitu zuen bozketa. “2007an hasi ginen gaia mugitzen eta geure burua ezagutarazten, gure gremioa nahiko ezezaguna baitzen ordura arte. Baina 2007an pentsaezina zen hau lortzea”. 2015ean berriro egin zuten proposamena, baina berriro ezetz esan zieten. “Orain onartu egin digute, eta oso pozik gaude”.
Itsasoko langileek Gizarte Segurantzako erregimen berezi batean kotizatzen dute, eta arrantzaleei aspalditik aplikatzen diete koefiziente murriztailea, beren lanaren gogortasunagatik. “Honen bidez, guri ere aitortzen zaigu gure lana ere gogorra dela”, esan du Uribetxeberriak. Koefiziente murriztailea aplikatuta erretiroa hartzeko moduan egon arren, nahi duenak lanean jarraitzeko aukera ere izango du.
Getarian ez ezik, Hondarribian eta Orion ere badaude saregileak, eta haiek ere pozik hartu dute neurria. “Kostata izan da, urteak eman ditugulako hau eskatzen; kontent gaude”, esan du Olga Kanpandegi Hondarribiko saregileak. Baita Idoia Moreno Orioko saregileak ere: “Berandu, baina iritsi da azkenean”.
Erretiro adinera gerturatzen ari dira Gipuzkoako saregileetako asko, eta onartu berri duten legeari esker, zenbaitek berehala amaituko dute beren lan ibilbidea.
Horrek are gehiago bistaratzen du aspaldiko beste kezka bat: errelebo falta. Bat datoz hiru saregileak: gazteek ez dute lanbidean hasi nahi. Lana badagoela nabarmendu dute; are gehiago, iritsi ezinda ibiltzen direla sarri. “Orion flota ez da lehen adinakoa, baina mantentzen da. Gu, berriz, gero eta gutxiago gara”, azaldu du Morenok. Zazpi saregile daude Orion. “Ez dakit lehen zenbat ginen, baina dezente gehiago”. Getarian, garai batean berrogeiren bat behintzat bazirela esan du Urribetxeberriak. “Orain, hamalau gara. Ni naiz gazteenetakoa, eta 57 urte ditut, eta flota ez da gutxitzen ari”. Hamalau dira Hondarribian ere. “Baina batek 63 urte ditu, eta koefiziente murriztailearen neurri honi esker, erretiroa hartzeko moduan izango da %100 kobratuz”, kontatu du Kanpandegik.
Langile autonomoak
Hein batean, normaltzat ere jotzen dute gazteek saregile hasi nahi ez izatea. Langile autonomoak dira, eta egiten duten lanaren arabera kobratzen dute. “Soldatari begira, ziurtasunik ez dugu. Lana dagoenean, ondo, eta ez dagoenean, ez duzu kobratzen. Gaur egun, ezin zara inora joan horrekin, soldata finko bat behar da etxean”, uste du Hondarribiko saregileak.
“Horrek bultzatzen du jendea atzera”, gaineratu du Orioko Morenok. Getariara joan behar izaten dute gehienetan lanera Orioko saregileek. “Aterperik gabeko lana Getarian egiten dugu. Egunero joan-etorrian ibiltzen gara. Arrain salmenta ere han dute ontziek, eta erosoagoa da haientzat. Arraina saldu bitartean ateratzen dizkigute sareak”. Zenbait konponketa, ordea, Orion bertan egiten dituzte, “aterpean”.
Uribetxeberria Getariako saregileak kontatu du portu bakoitzean baldintza ezberdinak dituztela hitzartuak. “Nik, adibidez, konpromiso handiagoa dut ontzi jakin batekin. Patroiekin hitz eginda gaude saregileok”. Aurrena, ontzi jakin batera jaisten da saregile bakoitza, eta, hortik aurrera, deitu ahala joaten dira besteetara. “Hori Getarian; beste herri batzuetan ez da hala gertatzen”.
Uribetxeberriak uste du baldintza aldetik lehen baino hobeto daudela. “Lehen, ez zen diru askorik irabazten, osagarri bat zen gure soldata”. Azaldu du emakume askok haurren zaintza eta lana uztartu ahal izateko aprobetxatzen zutela. “Umeak eskolan zeuden orduetan lan egiten zenuen, eta ez bazinen etortzen, ez zen ezer gertatzen, asko ginelako. Errazago zen lana ateratzea”. Esan duenez, orain, hamalau saregile izanda, lana asko handitu zaie, eta presa handiagoarekin ibiltzen dira. “Baina gaur egun ezin da esan ez dela dirurik irabazten; ondo lan egiten dugu”.
Udaberrikoa da sasoirik fuerteena saregileentzat, arrantzaleak antxoatara eta berdeletara ateratzen direnean. Lehen, asteburuetan ere lan egiten zuten Getarian; orain, larunbateko 14:30 arte aritzen direla kontatu du Uribetxeberriak. “Hori udaberrian, bestela larunbatetan ez dugu lanik egiten. Gaur [astelehena], adibidez, 09:00etarako etorri gara lanera, larunbateko gauza bat amaitu gabe genuelako. 12:30ean bazkaltzera joan gara, eta 14:00etan jaitsi gara berriz, 19:00 arte”. Lan asko badago, 21:00 arte geratzen dira. “Gehienez, 09:00tatik 21:00etara”. Aste lasaiagoetan, lokal barruan aritzen direnean, 09:30etik 12:30era eta 14:30etik 19:00etara izaten dute ordutegia.
Lan fisikoa
Lanak baduela bere konplikazioa adierazi dute. Alde batetik, lan fisikoa delako. “Gogorra da. Sareak ere gero eta handiagoak dira, pisua hartzen dute, eta eskuek, bizkarrak eta lepoak sufritu egiten dute”, esan du Kanpandegik. Horrez gain, saregileena artisau lana da guztiz. “Nik hogei urte daramatzat honetan, eta oraindik ikasten ari naiz”, dio Morenok. Kontatu du makina bat eraman zietela behin, probatzeko. “Baina ez zuen funtzionatu. Ez dago ezer asmatuta guk egiten dugun lana egiteko”.
Itsasoarekin zerikusia duten familietakoak izan ohi dira saregile gehienak. “Nire koinatuak ontzi bat du, eta haren amak irakatsi zidan niri sareak josten”, esan du Morenok. Hori ere aldatzen ari dela zehaztu du. “Gurekin hasi diren azken hiru saregileek ez dute inolako loturarik itsasoarekin. Saregile ikastaroan izena eman zuten, gustatu, eta horrela hasi dira”.
Uribetxeberria, adibidez, Legazpikoa da. “Uda bat pasatzera etorri nintzen Getariara, eta hemen geratu nintzen”. Saregile lana “izugarri” gustatzen zaiola nabarmendu du. Besteak beste, itsasotik gertu lan egiteko aukera eta arrantzaleekin duten harreman ona aipatu ditu. “Lan guztiek bezala, baditu bere gauzak, baina nik guztiak animatuko nituzke saregile izatera”.