Lan gatazkak

«Benetako negoziazioa» hasteko eskatu diote patronalari Arabako metaleko sindikatuek

Biharko bileraren atarian protestak egin dituzte Gasteizen, sindikatuen plataforma bateratuak deituta. Jarrerak urrun jarraitzen dute gaur-gaurkoz.

Hiru martxa egin dituzte, eta patronalaren egoitzaren aurrean elkartu dira gero protesta egiteko. JAIZKI FONTANEDA/FOKU
aitor biain
2022ko martxoaren 24a
12:59
Entzun

Arabako metalgintzan akordioak urrun jarraitzen du gaur-gaurkoz. Azkeneko negoziazio bilerak huts egin ondotik, bihar dira berriz elkartzekoak bi aldeak, baina ez dirudi ituna lortzeko moduan egongo direnik. Sindikatuen hitzetan jarrerak «oso urrun» daude oraindik, eta eskaera nagusiei erantzun gabe segitzen du patronalak. Hori dela eta, aldarrikapen horiek goiburu gisa hartuta, protesta egin dute gaur goizean SEAren egoitzaren aurrean, Gasteizen, «benetako negoziazioa» has dezala eskatzeko.

ELA, LAB, CCOO, USO, ESK eta CGT sindikatuak bat eginda daude Arabako metalgintzako lan gatazkan, eta elkarrekin egin dute protesta gaur ere. Hiru taldetan banatuta, martxa bana egin dute dozenaka lagunek SEA patronalaren egoitzaraino. Hiriko puntu jakin batean hasi da martxa bakoitza, eta goiburu bana eraman dute: «Prekaritaterik ez»; «Lanaldi eta soldata duinak»; eta, «lan osasuna eta berdintasuna». Horiek dira, hain zuzen ere, sindikatuen aldarrikapen nagusiak, eta hala gogorarazi diote patronalari bileraren bezperan. «SEAk badaki zeintzuk diren gure eskaerak, eta bihar aukera aparta dauka horiei erantzuteko», ohartarazi dute sindikatuek.

Hilaren hasieran izan zuten hirugarren bilera, eta «aurrerapauso txikiak» izan zirela onartu zuten orduan. SEA prest azaldu zen subrogazioaz hitz egiteko, aurreko bileratan ez bezala, eta proposamen bat egiteko eskatu zien sindikatuei. Bada, helarazi diote proposamen hori jada, eta biharko bileran erantzun bat jasotzea espero dute.

Nolanahi ere, sindikatuek argi dute ez dela nahikoa:«Pilula txiki batzuk baino ez dira; ez du benetako pausorik eman oraindik». Aldarrikapen nagusiei erantzun eta «akordioaren muina» negoziatu ezean, protestekin jarraituko dutela ohartarazi dute. «Negoziazioa ez da oraindik hasi. SEA patronalari gure aldarrikapenak helarazi genizkion abenduan, eta benetako negoziazio hasi behar du orain».

«Ez da onargarria»

SEAk asteon jakinarazi du Arabako hiru enpresatik batek jarduera eten beharko duela Ukrainako gerraren ondorioak luzaroan irauten badute. Patronalaren hitzetan, egoera «larria» da, eta garraiolarien grebak are gehiago zaildu ditu gauzak, batez ere industriaren alorrean. Hori dela eta, sindikatuei eta langileei galdegin zien lan itunen eta sektoreko hitzarmenen negoziazioei eteteko, «egoera baretzen den arte».

Sindikatuek gogor erantzun diote patronalaren eskakizunari: «Ez da onargarria». Eta zama guztia aldiro langileen bizkar uztea egotzi diote SEAri. «Soluzioak ezin du izan ez negoziatzea eta langileek guztia ordaintzea. SEArentzat inoiz ez da momentua, baina langileentzat momentua orain da; ezin dira zain egon». Ohartarazi diote jarrera aldatu ezean lanuzteak eta grebak areagotuko dituztela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.