Ekonomia

Ben Bernankek eta finantza krisien beste bi ikertzailek jaso dute Ekonomiako Nobel saria

Zientzien Suediako Errege Akademiaren arabera, AEBetako Erreserba Federaleko buru ohiaren, eta Douglas Diamond eta Philip Dybvig irakasleen irakaspen nagusia da «funtsezkoa» dela bankuen porrota eragoztea, hori ez egitearen kalteak oso handiak direlako.  

Ben Bernanke AEBetako Erreserba Federaleko presidente zenean, 2012an. JIM LO SCALZO / EFE
Iker Aranburu.
2022ko urriaren 10a
12:09
Entzun

Bankuen garrantziaz eta finantza krisien arriskuez ohartarazi duten hiru irakaslek irabazi dute aurtengo Ekonomiako Nobel saria. Haietako bat da ezagunena, Ben Bernanke (Augusta, AEBak, 1953), 2006tik 2014ra AEBetako Erreserba Federaleko presidentea izan zelako, eta postu horretan aurre egin behar izan ziolako finantza krisi handi bati.

Bernankerekin batera, AEBetako bi lagunek irabazi dute Nobel saria: Douglas Diamond Chicagoko Unibertsitateko irakasleak (1953) eta Philip Dybvig Saint Louiseko Washington Unibertsitateko irakasleak (1955). Hiruren artean banatuko dituzte Zientzien Suediako Errege Akademiak eta Suediako Riksbank banku zentralak emandako sariaren hamar milioi koroak (910.000 euro).

1983. urtean idatzitako artikulu batengatik eman diote saria Bernankeri. Stanfordeko unibertsitateko irakasle zela, 1930eko hamarkadako Depresioa aztertu zuen, eta hortik atera zuen ondorio nagusia izan zen bankuen porrotak eragotzi egin behar direla, hala ez egiteak finantza krisiak sakontzen eta luzatzen dituelako.

Ordura arte, uste zabalduena zen krisi hori gertatu zela banku zentralek ez zutelako nahiko diru inprimatu, eta bankuen porrota horren ondorio izan zela. Bernankek, ordea, argudiatu zuen diruaren eskasiak ezin zuela krisiaren larritasuna eta luzera azaldu, eta bazegoela beste arrazoi bat: banku askoren hondoratzea. Kausa izan zela, eta ez ondorioa.

«Bankuek porrot egitean, maileguen hartzaileei buruzko informazio oso baliagarria galdu egiten da, eta ezin da bizkor berreskuratu. Horren ondorioz, oso modu nabarmenean kaltetzen da aurrezkiak inbertsio produktiborako duen gaitasuna», azaldu du akademiak. «Urte asko behar dira huts egindako banku sistema bat leheneratzeko, eta, tarte horretan, ekonomia pattal aritu ohi da. Bernankek erakutsi zuen ekonomia ez zela suspertu estatuak tresna indartsuak jarri zituen arte banku ihesak saihesteko».

Ikerketa eta praktika

Paradoxikoa dirudi Depresioaren ikertzaile izan zenaren agintaldian piztu izana orduz geroztiko krisi ekonomikorik handiena, Atzeraldi Handia. 2007an hasi ziren finantza krisi baten lehen zantzuak, eta 2008ko udaren amaieran lehertu zen, Lehman Brothers bankuaren porrotarekin.

Banku hori erortzen utzi zuten AEBetako Gobernuak, Erreserba Federalak eta merkatuen beste gainbegiratzaileek, baina banku sistema osoa ez erortzeko erabakiak hartu ziren orduan, AEBetan ez ezik baita Europan ere: likidezia mugagabea eta beste erraztasun asko eman zizkieten finantza erakundeei maileguen fluxua erabat ez eteteko; banku ahulak indartsuagoen esku utzi zituzten; eta araudiak zorroztu zituzten bankuek kapital gehiago izan zezaten. Horren ondorioz, krisia, oso gogorra izan arren, are sakonagoa ez izatea eragin zuten, Suediako akademiaren ustez.

Zurrumurruen arriskua

Diamond eta Dybvig irakasleei dagokienez, 1983ko artikulu batean erakutsi zuten bankuen porrotei buruzko zurrumurruak oso arriskutsuak direla. Bankuen izaera bereziaren ondorio da hori: epe luzeko proiektuak finantzatzen dituzte (enpresen inbertsioak, etxebizitzen erosketak...), baina epe laburrean eskuragarri izan behar den herritarren aurrezkiarekin egiten dute hori. Bien arteko orekan asmatzea da bankuen lana, eta horregatik dira hain arriskutsu bankuen egoerari buruzko zalantzak: aurreztaile askok aldi berean banku batetik dirua ateratzen badute haren porrotaren zurrumurru bat entzun badute, zurrumurru hori egia bihurtzeko arriskua handia da, bankuak dirurik gabe geratuko direlako egin beharreko ordainketak egiteko.

Hori gertatu zen 1930eko Depresioan, Bernankek frogatu zuenez. 2008ko krisirako, ordea, bazeuden krisia arindu zuten neurriak: gobernuek gordailu batzuk legez bermatzea, eta banku zentralek dirua mailegatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.