Sektore feminizatuak. Soldata arrakala

Behin-behinekoetan handitu egin da arrakala

Aldi baterako kontratuak dituzten emakumeek gizonek baino %25 inguru gutxiago irabazten dute. Instituzioei inplikazio handiagoa eskatu diete

LABek deituta atzo Bilbon eginiko manifestazioa. ARITZ LOIOLA / FOKU.
jokin sagarzazu
2022ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Lanbide gehienetan, sexuaren araberako soldata arrakala gutxitu egin da azkenengo bost urteetan, nahiz eta oraindik oso handia den. Gainera, kolektibo jakin batean handitu egin da: behin-behinekoetan. Sindikatuen arabera, mota horretako kontratu gehienak «sektore feminizatuetan» egiten dira: merkataritzan, zaintza zerbitzuetan, eraikinen garbiketan... Gainera, lan horietan aritzen diren beharginek oro har beste sektore batzuetan baino lan baldintza eta soldata eskasagoak izaten dituzte.

INE Espainiako Estatistika Institutuaren azkeneko datuen arabera, lan bera egiteagatik gizon batek emakume batek baino %22,4 gehiago kobratzen du Nafarroan, eta %19,5 gehiago Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Urtean 6.000 eurokoa da aldea: batez besteko soldata garbia 25.000 euro ingurukoa da andreetan, eta 31.000koa gizonetan. Alde hori gutxitu egin zen 2014tik 2015era: -7,3 puntu Nafarroan eta -4,5 puntu beste hiru lurraldeetan. Baina ez da hala izan kontratu mota guztietan, aldi baterakoetan aldea handitu egin baita: 4-5,3 puntu. Hala, arrakala handiagoa da orain: %26,1koa eta %23,9koa. Behin-behinekoekin batera, pentsiodunen kolektiboan dago alde handiena: %34 inguru.

Atzo soldata arrakalaren aurkako eguna izan zen; horren harira sindikatuek eginiko mobilizazioetan eta kaleratutako oharretan enpresa, patronal eta instituzioei zuzendu zitzaizkien, eta neurri zehatzak eskatu zizkieten arazoa lehenbailehen amaitzeko.

ELAk garbitzaileen sektorean dagoen arrakala «ikaragarria» nabarmendu zuen: %28,8koa Nafarroan eta %24,4koa Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Horrekin batera, azpimarratu zuen horretan ari diren langile gehienak azpikontratetakoak direla, bai enpresa pribatuetan, bai sektore publikoan, eta alde handia egoten dela lan jakin batzuetatik besteetara: adibidez, kalekoek eta errepideetakoek —non langile gehienak gizonezkoak izaten diren— eraikinetakoek baino gehiago kobratzen dute oro har. «Zuritze moreko politikak bogan daude, baina soldatetan benetako berdintasuna aldarrikatzen duten langileak mespretxatu egiten dituzte, kaleratu egiten dituzte edo lanpostuak galtzeko mehatxua egiten diete» salatu zuen, ohar batean.

LABek Eusko Jaurlaritzaren eta Confebasken Bilboko egoitzak «lotu» zituen manifestazio batekin. Han izan zen Garbiñe Aranburu idazkari nagusia, eta sektoreen artean egiten den sexuen araberako bereizketa salatu zuen: «Patronalarentzat eta instituzioentzat emakumeak bigarren mailako langileak dira, eta bigarren mailako hitzarmenak dituzte».

«Erabaki politikoa»

Aranburuk azaldu zuenez, patronalak «blokeatuta» dauzka eremu feminizatuetako hogei bat itun: besteak beste, zahar etxeena eta merkataritzarena. Aldiz, gogorarazi zuen nagusiki gizonezko langileak dituztenetako batzuk berritu egin direla azken hilabeteetan. Aranbururen arabera, hori gertatzea «ez da kasualitatea: erabaki politiko bat da»: «Confebaskeko buruak, inolako lotsarik gabe, askotan esaten du balio erantsi gutxiago dutela sektore feminizatuetako lanek». LABeko buruak instituzioei leporatu zien horri «ez ikusiarena» egitea eta horren «konplize zuzenak» izatea.

CCOOk eta UGTk, berriz, esperantza agertu zuten Madrilen onartu berri diren lan erreformak eta SMI lanbide arteko gutxieneko soldataren igoera baliagarriak izango direlakoan behin-behineko langileek pairatzen duten soldata arrakala murrizteko, baina nabarmendu zuten «lan asko» dagoela egiteko oraindik, bereziki instituzioen aldetik eta zehazki lan ikuskaritzan.

Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu sailburuak ideia bera azpimarratu zuen: «Baina, legeak ez ezik, enpresek ere aldatu behar dituzte beren jarrerak». Horri begira, 2022-2025erako plana aurkeztu zuen atzo Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiken sailburu Beatriz Artolazabalek. Azaldu zuen horren bitartez ikuskaritza lanak eta «sentsibilizazio kanpainak» indartuko dituztela, soldata arrakala murrizteko eta berdintasun politikak bultzatzeko enpresetan.

Besteak beste, 2019ko martxotik dago indarrean berdintasun planei buruzko araudia Hego Euskal Herrian: 50 langile baino gehiago dituzten enpresak derrigortuta daude halako planak egitera, baina tamaina horretako lau enpresatik batek baino ez du egin Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailak iaz kaleratutako ikerketa baten arabera. Gainera, berdintasun klausulak dituzten hitzarmen kolektiboen erdiek baino gehiagok legeak ezarritako betekizunak bere horretan aipatu besterik ez dute egiten, eta heren batek baino ez du hobekuntzarik gehitzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.