Hego Euskal Herriko administrazio publikoek Europa osoko behin-behinekotasun tasa handienak dituzte, eta bost-hamar-hogei urte daramatzaten langile ugari daude lantaldeetan. Europa presio egiten ari zaio Espainiari, egoera hori konpon dezan. ELA, LAB, CCOO, ESK, SATSE eta Steilas sindikatuek greba eguna antolatu dute gaurko, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako administrazioetako alor guztietan.
Zenbat langile daude behin-behineko kontratuekin?
Deitzaileen arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako behargin publikoen behin-behinekotasuna %38,7koa; hau da, aldi baterako 58.700 langile inguru daude: %58 Osakidetzan, %56 administrazio orokorrean, %48 hezkuntzan, eta %44 Justizian. Salbuespen bakarra Ertzaintza da, ez baitago behin-behinekorik; Udaltzainen artean, berriz, %30 ingurukoa da tasa. Alor guztietan, behin-behinekoen erdiek inguru bost urtetik gora daramate, eta hala dauden hamar langiletik zazpi emakumeak dira.
Zenbat lanpostu dira egiturazkoak?
Eztabaidaren gakoetako bat hori da. Administrazioentzat zaila da kopuru hori zehaztea, aldagarria izan daitekeelako, garaian-garaiko beharren araberakoa, eta horregatik jotzen dute maiz behin-behineko kontratuetara. Adibidez, SATSE sindikatuaren arabera, Osakidetzak 27.600 pertsonako egiturazko zerrenda aitortzen du, eta egun 42.000 behargin inguru ditu; erdia baino gehiago, behin-behinean. ELAk proposamen bat egin du egiturazkoak zenbat izan beharko liratekeen zehazteko: aldi baterako langile batek postu bat hiru urtez betetzen badu, plaza hori finko bihurtu beharko litzateke, eta oposiziora atera.
Zergatik daude hainbeste langile egoera horretan?
Arrazoi ugari egon daitezke, autogobernuaren garapenarekin lotutakoak, unean-uneko koiuntura ekonomikoari buruzkoak edo lan eskaintzak egiteko askotariko zailtasun eta mugekin loturikoak —batzuetan, langileek beraiek edo sindikatuek oztopatu dituzte lan eskaintzak—. Dena den, egungo egoeraren jatorria ulertzeko, hein batean, duela hamar-hamabi urteko krisi ekonomikora egin behar da atzera. Euskal sektore publikoak behin-behinekotasun tasa handia zuen ordurako, baina urte haietan hartutako zenbait neurrik kopurua handitzea eragin zuten. Epe horretan, lanpostu publikoak galdu ziren, baina, zenbait alorretan zegoen beharrari erantzuteko, aldi baterako kontratazio formulak ugaritu ziren, eta apenas egin zen lan eskaintza publikorik, Espainiako Gobernuak ezarritako mugengatik, besteak beste.
Erreleborik egon al da?
Beste gakoetako bat hori da. Postu gehienak ez dira ordezkatu, eta behin-behinekoekin bete dira. Euskal administrazioetako lan eskaintza publikoak Madrilek mugatuta egon dira azken urteetan, eta hala daude gaur egun ere. Atzeraldi Handian, Jose Luis Rodriguez Zapateroren agintaldian egindako planak baldintzatuta, postuen %10 soilik bete ziren 2011., 2012. eta 2013. urteetako eskaintzetan. 2015. urtean %50ekoa izan zen kopuru hori. Azken hiru urteetan %100eko berrezarpena orokortu da, eta %110koa jarri da zenbait esparrutan: Polizietan, adibidez. Dena den, administrazio guztiek Espainiako aurrekontuetan ezartzen diren tasak bete behar dituzte oraindik ere.
Aurrera begira, zer asmo ditu Eusko Jaurlaritzak?
Iragarri du datozen lau urteetan 10.000 lanpostutarako eskaintza publikoa egingo duela. Gainera, behin behinekotasuna murrizteko proposamen bat egin du, Kidego eta Eskalen legearen erreformarako egitasmoan. Horren arabera, oposizio batzuetan zortzi urteko antzinatasuna egiaztatzen duten interinoek ez lukete proba teorikorik egin behar: nahikoa lukete azterketa praktiko bat gainditzea. Txanda berezi horiek behin-behinekotasunak lantaldearen %40tik gora hartzen duen tokietan bakarrik egingo lirateke.
Zer dio Auzitegi Konstituzionalak?
Txanda berezien inguruan aurrekari bat dago, aurtengo otsailekoa, Poliziaren Euskal Legeari buruzkoa. Kasu horretan, ohartarazi du Espainiako Konstituzioan bermatutako konkurrentzia askearen oinarrizko printzipioaren kontrakoak direla, administrazioarekin aurrez loturarik izan ez duten hautagaiei eragotzi edo zaildu egiten dielako parte hartzea.
Zer dio Europak?
Brusela aspaldi ari da Madril estu hartzen, 1999ko zuzentarau bat bere legedira ekarri gabe baitauka. Eta, erreskate funtsaren harira, handitu egin du presio hori. Zuzentarau horrek dio konponbide bat eman behar zaiola behin-behinekotasunaren gehiegizko erabilerari. Espainiako Gobernuak Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutua erreformatzeko aukera zabaldu du -horren menpe daude erkidegoetako legeak-; dena den, asko estutu beharko du bere burua Jaurlaritzaren proposamena edo beste bat hor sartu nahi badu, eta, bereziki, konstituzioaren 23.2 puntuan (eta beste batzuetan) jasotzen den aukera berdintasunarekin bateragarria egiteko. Konponbide juridiko zaila dauka auziak; legelari batzuen arabera, konstituzioan aldaketak egin beharko lirateke oposizioetan txanda bereziak egiteko. Beste aukera bat izango litzateke salbuespeneko figura bat sortzea langile horientzat, baina horrek ere zalantza asko eragiten ditu.
EBko Justizia Auzitegia ere mintzatu da auziaz, eta ebatzi du administrazioek gehiegikeriak egin dituztela aldi baterako kontratazioan. Nolanahi ere, ez da mamian sartu, eta ez du esan neurririk egokiena langile horiek automatikoki finkoak egitea den ala ez. Ezartzen du Espainiako auzitegiek erabaki behar dutela zein den administrazioen abusuei erantzuteko neurririk egokiena. Zabalik utzi du honako hiru neurri hauen inguruan erabakitzea: postu horiek oposizioan ateratzea; langile horiek «mugagabe ez-finkoak» izendatzea, salbuespen gisa; edo kalte ordain «eredugarriak» ematea. Hirugarren aukera ikusten du bideragarriena.
Zer iritzi dute sindikatuek?
CCOOek eta UGTk Jaurlaritzaren proposamena babestu dute, baina ELA eta LABentzat ez da nahikoa, langile eta sektore asko aplikazio eremutik kanpo uzten dituelako. ELAk, gainera, Jaurlaritzaren ahalmen legegilea ezbaian jarri du, eta euskal diputatuei eskatu die Espainiako Gobernuan eragiteko duten gaitasuna erabiltzeko. Uste du «salbuespen egoera batek salbuespen konponbideak» behar dituela.
Interinok Taldeak bat egin du grebaren deitzaileen diagnosiarekin —gehiengoa du Lakuako administrazioan—, baina ez du mobilizazioa babestu, ez dutelako «konponbide zehatzik eta adostutakorik aurkeztu». Jaurlaritzaren proposamena ere kritikatu du: uste du egin asmo dituen lan eskaintza publikoak «legez kanpokoak» direla, Europako zuzentarauak eta epaiek esaten dutelako «horien aurretik» behin-behineko langileen egoera konpondu behar dela. Talde horrek uste du finko egitea dela irtenbidea.
Behin-behinekoa, betikotua
EAEko langile publikoek greba egingo dute gaur, behin-behinekotasun tasa handiari irtenbide bat ematea eskatzeko. Brusela estu hartzen ari da Espainia, baina auziak konponbide juridiko zaila dauka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu