Behin-behineko langileen %73 Jaurlaritzaren egonkortze prozesuetatik kanpo geratu direla salatu du ELAk

Sindikatuaren arabera, Hego Euskal Herrian 77.000 langile publikok behin-behineko kontratuak dituzte. Horren helburua zerbitzu publikoak pribatizatzea dela salatu dute.

Langile publikoen greba
Urriaren 25ean langile publikoek egindako greba, Gasteizen. RAUL BOGAJO / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
Bilbo
2024ko martxoaren 1a
15:15
Entzun

«Gaur egun, sektore publikoko 77.000 langilek behin-behineko kontratua dute». Hala salatu du gaur Igor Eizagirre ELA sindikatuko zerbitzu publikoetako arduradunak. Hain zuzen, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan lantaldearen %44 dira behin-behinekoak; Nafarroan, berriz, %51. Are, sindikatuaren arabera, Eusko Jaurlaritzak lantaldea egonkortzeko deialdietan ateratako plazekin, behin-behineko langileen %73k ez dute lortuko euren plaza egonkortzea; hots, 34.000 beharginek baino gehiagok. «Hiru langile publikotik batek behin-behineko izaten jarraituko du». Egoera horri konponbidea emateko, salbuespenezko prozesuak martxan jartzeko exijitu du ELAk.

Behin-behinekotasunaren kopuru horren atzean arrazoi argi bat dagoela salatu du Eizagirrek: «Sektore publikoa pribatizatzeko urratsa da». Egun, 120.000 langilek «pribatizatutako zerbitzu publikoetan» egiten dute lan. «Adibide garbiena zaintzen sektorea da, %90 pribatizatuta baitago; beste norbaitek negozioa egiten du zerbitzu publiko horren ustiapenarekin».

Europako batezbestekoarekin alderatuta, langile publikoen kopurua txikiagoa da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. «Europan, langileen %20 dira publikoak; hemen, berriz, %15», nabarmendu du Eizagirrek. Eta, horren harira, Esther Saavedra ELAko osasungintzako arduradunak gogora ekarri du joan den astean Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak emandako epaia: «Berriro esan du administrazio publikoan dagoen behin-behinekotasuna gehiegizkoa dela».

«Lege aldaketa behar da langile horiek egonkortzeko, behin-behinekotasunaren tasa %8ra jaisteko eta egoera hau etorkizunean errepikatuko ez dela bermatzeko».

ESTHER SAAVEDRA ELAko osasungintzako arduraduna

Epaia «albiste ona» da, finkotasunari «ateak irekitzen» baitizkio. Baina: «Epaitegien esku uzten du deklarazio hori, eta horren baitan, epaitegien esku geratzen dira behin-behineko milaka langileak eta haien etorkizuna». Hortaz, borondate politikoa exijitu diete erakundeei.

Izan ere, Saavedrak esan du behin-behinekotasuna arazo «estrukturala» eta «globala» dela eta, beraz, konponbide «estrukturala» eta «globala» behar duela. «Lege aldaketa behar da langile horiek egonkortzeko, behin-behinekotasunaren tasa %8ra jaisteko eta egoera hau etorkizunean errepikatuko ez dela bermatzeko».

Hain zuzen ere, behin-behineko kontratuak %8ra jaisteko, urtea amaitu aurretik langileak egonkortzeko salbuespeneko prozesuak abian jartzeko proposamena egin du ELAk. «Lanpostu estruktural guztiak eskaini beharko dituzte», zehaztu du Miren Zubizarreta ELAko hezkuntza arduradunak. Besteak beste, hiru urtez behin-behineko langile batek beteta egon diren lanpostu guztiak. Prozesu horiek abiarazten ez dituzten horientzako zigorrak aurreikusteko ere eskatu dute, baita behin-behinekotasuna %8ra jaisten ez duten administrazio eta arduradunentzat ere.

Etorkizunean behin-behinekotasunaren datuei eusteko eta egungoetara ez itzultzeko, beste hainbat neurri proposatu dituzte. Esaterako, LPE prozesuetara maiztasun jakin batekin deitzeko eskatu dute, eta lanpostu nahikoa eskaintzeko. Eta hori guztia lortzeko, Eizagirrek azpimarratu du beharrezkoa dela martxoaren 12ko grebarekin bat egitea: «Ezinbestekoa da lantokiak hustea eta kaleak betetzea».

Osakidetzan, 24.000 langile behin-behinean

Egungo egoeraren argazki zehatzagoa egiteko, Saavedrak Osakidetzako egoera «dramatikoa» deskribatu du. «Lantaldearen erdiak baino gehiagok du behin-behineko kontratua: 24.000 langilek». Orain, 1.645 lanpostu daude bete gabe, eta 3.600 langile baino gehiago daude lanean iruzurrean, «iraupen luzeko behin-behineko kontratuekin eginkizun estrukturalak betetzen, baina errekonozimendu gabeko lanpostuetan». Datozen urteetan, gainera, egoerak okerrera egingo du, langile askok erretiroa hartuko baitute.

Eizagirrek esandakoarekin bat egin du Saavedrak: «Osakidetzan pribatizazioa dago». Eta adibidetzat jarri du biltegietan gertatzen ari dena. «Esleipena atera dute, eta 129 milioi euro baino gehiago jarriko dituzte hori ordaintzeko». Oro har, Osakidetzak 250 milioi euro jarri zituen iaz «pribatizatuta dituen zerbitzuak» ordaintzeko.

datuak

250

Zenbat milioi euro jarri diren zerbitzu pribatizatuetarako Osakidetzak 250 milioi euro jarri zituen iaz «pribatizatuak dituen zerbitzuak» ordaintzeko. Orain, biltegietako esleipena atera dute; eta 129 milioi euro baino gehiago jarriko dituzte hori ordaintzeko.

16.900

Langile behin-behinean hezkuntza publikoan 16.900 langilek dute behin-behineko kontratua hezkuntza publikoan; horietatik, 6.500 langilek zortzi urte baino gehiago daramatzate hezkuntza publikoan lanean, eta 9.800 beharginek, hiru urte baino gehiago.

4.916

Egonkortze prozesuetan zenbat lanpostu atera diren 2022rako Hezkuntza Sailak deitutako egonkortze prozesuetan, 4.916 lanpostu atera zituzten. Hortaz, 12.000 langilek ez dute aukerarik izango euren plaza egonkortzeko.

Osakidetzan ez ezik, hezkuntza publikoan ere pribatizazioa dagoela salatu du Zubizarretak: «Sektore osoak dauzkagu pribatizatuta; adibide argia dira jantoki zerbitzua eta eskola garraioa». Beste sektore batzuk ere «ia guztiz» pribatizatuta daude; besteak beste, sukaldariak eta garbitzaileak. «Bertan, %90 enpresa pribatuen esku dago, eta Hezkuntza Sailaren langile propioak %10 dira».

Egun, 16.900 langilek dute behin-behineko kontratua hezkuntza publikoan; horietatik, 6.500 langilek zortzi urte baino gehiago daramatzate hezkuntza publikoan lanean, eta 9.800 beharginek, hiru urte baino gehiago. «2022rako Hezkuntza Sailak deitutako egonkortze prozesuetan [oraindik ez dituzte amaitu], 4.916 lanpostu atera zituzten; beraz, 12.000 langile euren plaza egonkortzeko aukerarik gabe geratuko dira».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.