Amaitu berri den urteak langabeziaren jaitsiera eta lanpostu berrien sorrera ekarri du berarekin. Ekonomia hazi egin da, eta horrek berarekin behargin berrien beharra eragin du. 2016. urtean baino 14.000 pertsona gehiago kontratatu zituzten iaz Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako enpresek, eta horietatik %80 emakumezkoak izan ziren. Sara de la Rica EHUko Ekonomia eta Enpresa fakultateko irakaslea da, eta urtero argitaratu ohi den Euskadiko Lan Txostenaren koordinatzaile ere bada: «Lanpostu sorreran emakumeek etekin gehiago atera dute, baina baita gazteek ere». Lanean ari ziren gazteen kopuruak gora egin baitzuen iaz. %51 ziren 2016an, eta puntu bat gehiago iaz.
Lanpostu berri gehiago sortu baziren ere, horrek ez zuen berarekin kalitatezko beharrik ekarri, edo ez behintzat egonkorrik. Izan ere, behin-behinekotasunak gora egin zuen joan den urtean. Iaz lanean ari ziren beharginen artean %26k ez zuten kontratu egonkorrik, urtebete lehenago baino 2,5 puntu gehiago. Gora egin du ratioak, eta joera hori kezkagarria dela azaldu zuen atzoko aurkezpenean De la Ricak. Izan ere, Europako datuetatik oso gora dago behin-behinekotasun hori. Europan, batez beste, kontratuen %10 izan ohi dira gisa horretakoak.
Hori dela eta, joan den urtean sortu ziren lanpostu berrien erradiografia bat egin beharko balitz halakoa litzateke ikerketaren koordinatzailearen arabera: behin-behinekoa, eta emakume gazteek eskuratu dutena.
Lanpostu berriak sortzeak berarekin dakar langabezia tasaren jaitsiera, eta iaz ere hala gertatu zen. 2017 amaieran urte hasieran baino 18.000 langabe gutxiago zeuden Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Eta horrek langabezia tasa %12,5etik %10,6ra jaistea eragin zuen. Lanpostu berriak emakumeen eskutik sortu baziren, langabeen artean emakume gutxiago zeuden. Urtea amaitu zenean kolektibo horretan %47,5 ziren emakumezkoak.
Baina langabeen artean «kroniko» bihurtzen ari den sektore bat ere badago: iraupen luzekoena. Urte bat baino gehiago lanik egin gabe dauden pertsonen kopurua lau puntu jaitsi bazen ere, hamar langabetik sei egoera horretan zeuden. «Egia da jaitsi egin dela horien kopurua, baina oraindik ere handiegia da, egiturazkoa bihurtzeko arriskua baitauka».
Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak Nafarroako langabezia tasaren antzekoa daukate, eta bertan dauden iraupen luzeko langabeen kopuruarekin alderatu du De la Ricak bideratutako ikerketak. Nafarroan kolektibo horren kopurua %44koa izan zeniaz. «Euskadin arazo handi batda oraindik ere». Horregatik, uste du beharrezkoa dela lan merkatura itzultzeko politikak hartzea.
Behin-behineko kontratuek gora egin dute Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan
2017an sinatutako kontratuen %26 behin-behinekoak izan dira. Hamar langabeetatik seik urte bat baino gehiago daramate egoera horretan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu