Esnearen ekoizpena eraldatzen ari da Euskal Herrian. Egiturazko zailtasunek eta erakundeen laguntza faltak hazkundea geldiarazi dute, baina abeltzain batzuk beren produktuei dagokien balioa eransteko modu berriak aztertzen ari dira. Dibertsifikazioa irtenbide bat da batzuentzat; hau da, produktu gehiago sortzea, eta, horren bidez, behi esneari, produktuari balio handiagoa ematea.
ENBA nekazaritza erakundeak behi esneari buruzko jardunaldia egin zuen joan den astean sektorearen egoera aztertzeko eta dibertsifikazioaz hitz egiteko. Ekoizleek, gizarte eragileek, kooperatibek, industriak eta salmenta zentroek iritziak ezagutarazi zituzten. Topaketa Zaldibiako Gioizane zentroan egin zuten, eta han hartu zuten hitza Aritz Eizagirre Xarrondo esneki enpresako langileak, Arantxa Goenaga Goenaga Jogurtak enpresako buruak, Iker Markinez Kaxola dendako buruak, Josu Garaialde Hazi erakundeko zuzendariak, eta Malen Sarasuak Leartikerreko ikertzaileak.
Eizagirrek azaldu zuen zuzeneko salmentari esker bere 30 behiko pabiloi txikia eraldatu ahal izan zuela pandemiaren ondoren. Udalaren laguntza faltagatik eta errentagarritasun txikiengatik enpresan berrikuntzak egitera behartuta ikusi zuen bere burua. Esnea pasteurizatzen eta jogurtak eta gaztak ekoizten hasi zen. Bezeroak mantentzea lortu duen arren, Eizagirrek azpimarratu zuen ez dela nahikoa: «Gaur egun ezinezkoa da bertako jogurtak eskoletan edo zaharren egoitzetan sartzea. Alferrik galdutako aukera da, eta babes publiko handiagoa behar du».
Goenaga 40 urtetik gorako familia enpresa baten buru da, eta azaldu zuen berrikuntza bizirik irauteko bide bat izan daitekeela. A2 esnearekin egindako jogurtak ekoizten dituzte —digestiorako arazo gutxiago ematen dituen proteina jakin bateko esne mota da—, eta horien banaketak penintsula osoan egiteko bidea eman die. Hala ere, lurraldeko produktuekin berrikuntzak egin arren, Eizagirrek esan zuenarekin bat egin zuen Goenagak, eta adierazi oztoporik handiena merkaturatzea dela «Eskola askok kanpoko esnea erosten dute, bertako produktuen alde egin beharrean».
Jendartean zen abeltzain batek galdetu zien ea zer egin behar duten jendeak haien esnea erosteko eta gustukoa izateko, eta haren ondokoak ironiaz erantzun zion: «Ekoizteari utzi; orduan, agian jendea konturatuko da zein garrantzitsuak garen».
Kontsumitzailearekiko lotura
Beste ikuspegi batetik, Iker Markinez sukaldariak nabarmendu zuen ez dela nahikoa dibertsifikazioa, kontsumitzailearekin komunikatu ere egin behar dela. «Produktua nondik datorren azaltzen duzunean, lotura emozionala sortzen da. Horrek bereizten du baserriko esne bat: atzean istorio bat du». Hala ere, onartu zuen abeltzain guztiek ezin dutela ekoizle eta komertzial rola bere gain hartu: «Erronka ez da jogurtak edo gaztak egitea bakarrik, kontsumitzaileak ahalegin hori balora dezan lortzea baizik».
Hitzaldia entzuten ari ziren abeltzainek eredu horren zailtasunei buruz hausnartu zuten. «Sortzea, ekoiztea eta saltzea gehiegi da. Abeltzain eta merkatari izatea eskatzen badigute, askok lan hau utzi beharko dugu. Zuzeneko salmenta ondo dago, baina ezin da irteera bakarra izan», esan zuen batek. Beste batzuek kontsumitzailea hezteko beharra planteatu zuen, kalitatezko produktuengatik bidezko prezio bat ordaintzeko balioari buruz. «Ez da diru kontua bakarrik, ezinbestekoa da gizarteak prozesu guztiaren atzean dagoen lana kontuan hartzea. Hori gabe, belaunaldien arteko erreleboa are zailagoa izango da», gehitu zuen beste batek.
Dibertsifikazioa ez da guztientzat
Garaialdek ikuspegi kritikoagoa eman zuen, eta esan zuen dibertsifikazioa ez dela irtenbide unibertsala, ekoizle guztiek ez dituztelako baldintza berak. Batzuek jogurten eta gazten alde apustu egin dezakete, eta beste batzuek animalien ongizatearen eta esne ekologikoaren ziurtagirietan zentratu behar dutela esan zuen. Gainera, erantzukizun gehiegi hartzearen arriskuei buruz ohartarazi zuen: «Guztiak ezin dira izan ekoizleak, gaztagileak, garraiolariak eta merkatariak. Dibertsifikazioak osagarria izan behar du, ez karga».
Malen Sarasuak azaldu zuen azken urteotan dibertsifikazioak gora egin badu ere — bereziki belaunaldi berrien artean — horrek eraldaketa sakona eskatzen duela. «Gaztek eta esne jakiek berariazko ezaugarriak dituen esnea behar dute. Ez da nahikoa esnea ekoiztea; merkatuaren eskaeretara egokitu behar da». Halaber, adierazi zuenez, Euskal Herrian kontsumitzen diren gazten %80 kanpokoak dira, eta horrek erakusten du tokiko sektoreko indarra gaizki aprobetxatuta dagoela. «Merkatuaren konplexutasunaren aurka borrokatu behar da, munduko hainbat lekutatik datozen gaztekin lehiatu behar da». Sarasuak azpimarratu zuen guztiei laguntzen dietela, ezagutza teknikoak eskura jartzen dizkietela, eta produktua, prozesua, merkatuko posizionamendua eta abar definitzen laguntzen dietela.
«Gaztaren kultura eta tokiko produktuen kontsumoa sustatu behar da, eta, alde horretatik, oraindik bide luzea dago egiteko»
Malen Sarasua Leartikerreko ikertzailea
Etorkizuna, eraikitzeko
Tentsioak gorabehera, bertaratutakoek nabarmendu zuten euskal kontsumitzaileak gero eta gehiago baloratzen duela tokiko produktua, nahiz eta oraindik bidea dagoen egiteko. Beste batzuen esanetan, funtsezkoa da tradizioa eta berrikuntza elkarren osagarri izango diren eredu bat sortzea.
Hala azaldu zuen abeltzain batek: «Baserria jada ez da lehen zen hori, baina ezin da orain den hori izan. Oreka bat aurkitu behar da. Bakoitzak bere bidea bilatu behar du, ez baitago formula bakarra». Dibertsifikazioa, irtenbide «magikoa» ez bada ere, sektoreak behar duen jasangarritasunerako eta onarpen sozialerako urratsa izan daiteke.