Behera egin dute trantsizio energetikorako beharrezko diren mineral kritikoen prezioek

Energiaren Nazioarteko Agentziaren arabera, mineralen eskaintzak eskaria gainditu du, eta %14 merkatu dira baterien prezioak. Inbertsio gehiago behar direla nabarmendu du.

Txileko Atacama basamortuko litio meatze bat. Empresa Nacional de Mineria / EFE
Txileko Atacama basamortuko litio meatze bat. Empresa Nacional de Mineria / EFE
inaut matauko rada
2024ko maiatzaren 17a
10:10
Entzun

Hainbat sektoretako enpresek eta herrialde garatuenetako gobernuek bultzatutako trantsizio energetikoa arazoak sortzen ari da azken urteetan hainbat mineralen hornidura katean; energia berriztagarria ekoizteko azpiegituren eta auto elektrikoen hedapenak nabarmen handitu du litioaren, kobaltoaren, nikelaren eta beste mineral batzuen eskaria, eta ekoizpen ahalmena horren azpitik egon da azken urteetan. Bada, IEA Energiaren Nazioarteko Agentziaren arabera, meatzaritza sektoreko inbertsioen ondorioz handitu egin da ekoizpen ahalmen hori, eta mineral horien prezioek behera egin dute 2023an.

Litioa da gehien merkatu dena, baterietarako beharrezkoa den mineral horren prezioa %75 murriztu baita 2022tik 2023ra. Kobaltoaren, nikelaren eta grafitoaren prezioak %30 eta %45 artean murriztu dira, eta manganesoa, aluminioa eta beste batzuk ere merkeago dira orain, baina ez horrenbeste. Uranioa eta zilarra dira IEAk aztertu dituen eta garestitu egin diren mineral bakarrak. Gaur egungo bateria eraginkorrenen mineral garrantzitsuenak litioa eta kobaltoa dira, eta horiek dira gehien merkatu direnak; hori dela eta, bateriak 2022an baino %14 merkeago izan ziren 2023an.

Prezioen beherakada horrek, baina, inbertsioak murriztea eragin duela dio IEAk, eta uste du meatzaritza sektore horietan inbertitzen jarraitu behar dela, ez baita espero eskariak behera egitea datozen hamarkadetan. 2023an %10 handitu zen meatzaritzako inbertsioa, eta %15 esplorazioko gastuak: 2022an baino gutxiago. Hala ere, inbertsio maila oraindik «osasuntsua» dela adierazi du agentziak. 2040rako trantsizio energetikoan beharrezkoak diren mineralen merkatua bikoiztea espero du IEAk, 770.000 milioi dolarrera iritsi arte.

datuak

-%75

Litioaren prezioaren bilakaera. 2022arekin alderatuta, litioaren prezioak %75 egin du behera 2023an, IEAren arabera.

%65

Auto elektrikoen merkatu kuota 2030ean. IEAren arabera, 2030ean salduko diren 100 autoetatik 65 elektrikoak izango dira. Gaur egun, %18 dira: 14 milioi auto elektriko saldu ziren munduan iaz.

-%14

Baterien prezioen bilakaera. Azken urteetan egin diren inbertsioei esker, bateriak egiteko beharrezkoak diren mineralen ekoizpenak —kobaltoa eta litioa batez ere— eskaria gainditu du, eta lehengai horien prezioa nabarmen murriztea eragin du horrek. Hala, baterien prezioak ere merkatu egin dira: 2023an 2022an baino %14 merkeago ziren bateriak.

«Energia garbien hedapena» %75 handitu da 2023an, IEAren kalkuluen arabera, eta, horrek elektrizitate sare gehiago eraikitzea eskatu duenez, kobrearen eta aluminioaren eskariak asko handitu dira. 14 milioi auto elektriko saldu dira 2023an munduan, %18ko merkatu kuotarekin, eta 2030ean %65 izango direla aurreikusi du. Ekoizten diren bateria gehienak —eta handienetarikoak— auto elektrikoentzat direnez, kalkulatu dute datozen hamarkadetan gora egingo duela mineralen eskariak. IEAk nabarmendu du argindarra biltegiratzeko bateria handiak ere asko hedatzen ari direla: salmenta gehien handitu den baterien sektorea da.

Meatzaritzaren inpaktuaz

IEA aurten hasi da lehenengoz mineral kritikoen meatzaritzaren arriskuak baloratzen. Hornidura kateek dituzten arriskuak neurtzeaz gain, arrisku geopolitikoak ere aztertu dituzte, baita hornidura kateak etenez gero erantzuteko zenbat indar beharko litzatekeen neurtu ere. IEAren arabera, litioak eta kobreak dute horniduran eta ekoizpen bolumenean arazo gehien izateko aukera, eta lur arraroek eta nikelak dituzte arrisku geopolitiko gehien. Grafitoaren inguruan ere arazo bat ikusten dute, merkatua ez baitago batere dibertsifikatuta: Txina da, alde handiz, ekoizle nagusia (%82), eta ez da aurreikusten horrek behera egitea.

Meatzaritzak ingurumenean, gizartean eta gobernantzan sortu ditzakeen arazoak ere neurtu dituzte, baina aipamen handirik ez diote egiten horri. Adierazi dute mineral guztien ekoizpenak eragiten dituela kalteak ingurumenean. Horretarako, beharrezkotzat jo du birziklatzeko, berrikuntza bultzatzeko eta aldaketak bultzatzeko «esfortzuak areagotzea», herrialdeen «klima helburuak» erdiesteko.

Gizartean duen inpaktuaz, azaldu du hobetu egin dela langileen segurtasunean, gizon eta emakumeen arteko berdintasunean eta inbertsio komunitarioan; horrez gain, azaldu du gero eta energia berriztagarri gehiago erabiltzen dela meatzaritzaren sektorean. Hondakinen sortzean, berotegi efektuko gasen isurian eta ur kontsumoan hobekuntzarik egon ez dela ere nabarmendu du.

Kobaltoaren esplotazioa da ingurumenean eta meatzaritza eskualdeetan kalte handienetarikoa eragiten duen aktibitatea. Izan ere, munduko herrialde txiroenetako batean ekoizten da mineral horren ia %70, Kongoko Errepublika Demokratikoan, eta, Siddharth Kara AEBetako ikertzaileak azaldu bezala, horren ehuneko handi bat artisau meatzariek egiten dute.

Esklabotza modernoa ikertzen du Karak, eta azken urteetan bidaia bat baino gehiago egin du Kongora; hain justu, Kobalto gorria liburua idatzi zuen ikerketaren emaitza gisa. Artisau meatzaritza hori guztiz informala dela azaldu du, eta hortik ateratako kobaltoa hornidura katera iristen da azkenean, meatzaritza industrialetik ateratako kobaltoarekin nahastuta. Hainbat elkarte sortu dira hornidura kateak «garbi» daudela ziurtatzeko, baina Karak horien hipokrisia salatu du, haren esanetan ekonomia informalaren bidez heltzen baita artisau kobalto hori findegi handietara. Finean, mendebaldeko teknologia handiek euren hornidura kateak garbi daudela esan dezaten balio dute elkarte horiek, Kararen ustez. Elkarte horiek dituzten arazoez ere ohartarazi du IEAk.

Karak azaldu duen moduan, meatze handietan legez kanpo sartuta edo artisau meatzeetan zuloak eginez irauten dute artisau meatzariek, eta horietako asko umeak dira. Bada, agentziak pisua kendu dio artisau meatzaritzari, eta azaldu du Kongoko ekoizpenaren %5-15 artean dagoela; 2024rako 2,5 bider handiagoa izatea espero du, 4.000 tonatik 10.000 tonara igotzea. Horrez gain, artisau meatzaritzak «abantaila sozioekonomikoak» eskaintzen dituela uste du IEAk, eta aktibitate hori amaitzeak komunitate batzuen zaurgarritasuna areagotuko duela nabarmendu; nolanahi ere, onartu du balitekeela umeen lana amaitzea sektorea formalizatuz gero.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.