Ardogintza

Behera egin du Arabako Errioxako ardoaren prezioak, eta Jaurlaritzak are gehiago sustatuko du

Salmentak %13,1 handitu dira, baina ardo merkeagoa izan da: litroa 4,71 ordaindu dute 2024. urtean, aurrekoan baino %7 gutxiago. Upategiek inoiz baino gehiago esportatu dute.

Langile batzuk mahastian lanean, Guardian, artxiboko irudi batean. ADRIAN RUIZ HIERRO / EFE
Langile batzuk mahastian lanean, Guardian, artxiboko irudi batean. ADRIAN RUIZ HIERRO / EFE
Paulo Ostolaza.
2025eko urtarrilaren 15a
14:00
Entzun

Egoera ez da samurra Arabako Errioxako ardogileentzat. Iaz gora egin zuten salmentek eta fakturazioak, baina behera, nabarmen, prezioek: %7 batez beste, hau da, prezioa litroko 4,71 eurokoa izan zen. Kontua da ardo merkeak garestiak baino gehiago saldu zirela, eta, joera hori iraultzeko, Eusko Jaurlaritzak hitzeman du ahalegin handiagoa egingo duela sustapenean.

Arabako Errioxako ardogintzari buruzko topaketa batzuk egin dituzte gaur Guardian, Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako Sailak eta EDA-Drinks and Wine Campus proiektuak antolatuta. Sektoreko ehun lagun inguru elkartu dira, zenbait adituk hitz egin dute, eta Amaia Barredo sailburuak esan du sustapenerako ahaleginak areagotuko dituztela «ardoa ekoizten duten eskualdeen egoera zaila» hobetzeko.

4,71

Arabako Errioxako ardoa zenbatean saldu den litroa, eurotan. Iaz nabarmen jaitsi zen Arabako Errioxan ekoiztutako ardoaren prezioa: %7. Hori gertatu da, nagusiki, ardo merkeak garestiak baino gehiago saldu direlako eta inflazioa apaldu egin delako.

2024. urtean, Arabako Errioxan ekoiztu eta Errioxa sor-marka duten ardoen salmenten bolumena %13,1 hazi zen, baina balioa %5,3 soilik, prezioen beherakadaren ondorioz. Urteko lehen hamar hilabeteetan 40,7 milioi litro esportatu zituzten, inoiz baino gehiago, eta 191,7 milioi euro fakturatu.

Gehien saltzen diren ardoak beltzak eta gorriak dira oraindik ere, baina zurien salmenta hazten ari da. Hori da joera mundu osoan: kontsumitzaileek ardo freskoagoak, edateko errazagoak eta graduazio txikiagokoak eskatzen dituzte. Ardo gehien Erresuma Batuan saldu dute, baina diru gehien Ameriketako Estatu Batuetako merkatutik dator, garestiago ordaintzen baitute han.

Barredo sailburuak esan du Arabako Errioxako ardoa sustatzea «lehentasunezko proiektua» dela, eta bi lan lerro dituztela martxan: mahastizaintzarena, errentagarritasuna hobetzeko, eta upategiena, haien balioa handitzeko eta nazioartean hedatzeko. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.