Larrialdi zerbitzuek helikoptero bat bidali zuten atzo Mungiako (Bizkaia) Lamincer enpresara behargin bat artatzera; eguerdia pasatuta zegoela jazotako lan istripu batean larri zauriturik zegoen 57 urteko langile bat, Sukarrietakoa (Bizkaia), baina helikopteroa hutsik itzuli zen, 14:20rako hil egin zela berretsi baitzuten medikuek. Anoetako futbol zelaian eraikuntzako behargin bat larri zauritu den astean iritsi da azken lan istripu hilgarria, sindikatuek Anoetako kanpoaldean ez dela «kasualitatea» salatzeko aukeratu zuten egun berean.
Thyssenkrupp taldeak altzairuxaflak ekoizteko Mungian duen lantokian ari zen 2019an beharrean hildako azken langilea, uztaileko hirugarrena; orga garraiatzaile batek harrapatu zuen, lehen adierazpenen arabera. Zamak eraman eta igotzeko ibilgailu hori beste lankide bat gidatzen ari zen, antza, eta Osalanek ikerketa zabaldu du istripua nola gertatu den zehazteko. Lamincer enpresako langile batzordeak bilera egin zuen istripua gertatu eta gutxira, eta 24 orduko lanuztera deitu du astelehenerako, hura salatzeko. 10:30ean elkarretaratzea egingo dute langileek. LABen arabera, 28 dira urte hasieratik Euskal Herrian lanean hildakoak, haietariko bederatzi Bizkaian.
Anoetako lan istripua
Lan istripuak hautsak harrotzen ari dira, Anoetako istripua lan horietan gertatzen ari diren «gehiegikeriak» salatu ondoren iritsi baita asteon. Gehiengo sindikalak beharginen lan baldintza eskasei egotzi zien futbol zelaiaren obretan gertatu zen istripua. ELA sindikatuko Andoni Larralderen arabera, «lan istripuak ez dira kasualitate kontua, eta logika jakin batekin lotzen dira: etekin ekonomikoak lehenesten dira, langileen baldintzen gainetik». Zelaiaren iparraldeko harmaila eraikitzeko lanen aurrean egin zuten agerraldia sindikatuek, ezbeharraren eremuan.
Zer gertatu den sakon ikertzeko eskatu zieten Osalani eta Lan Ikuskaritzari LAB sindikatuko Lurdes Erasok eta ELAko kide Larraldek, «argitzeko istripuaren arrazoiak eta egon litezkeen erantzukizunak». Hogei metrotik erori zen behargina, estadioaren estalkia jartzen ari zela; hautsi egin zen lotuta zegoen egitura. 51 urte ditu langileak, valentziarra da, eta azpikontrata batekin zebilen. Jakinarazi zutenez, «lesio larriak ditu, eta suspertzeak luze joko du».
Gipuzkoako erakunde publikoen jarrera salatu zuten sindikatuek. Adierazi zutenez, diru publikoarekin eraikitzen ari den azpiegitura batean «larria» da langileak prekaritatean jardutea. ELAk eta LABek askotan salatu dituzte Anoetako obretako arau hausteak: enpresek 200dik gora langileren dokumentazio faltsutu zuten, eta 250.000 euro baino gehiagoko isunak ordaindu behar izan dituzte. Halaber, 4,5 milioi eurotik gorako zorra pilatu dute ordaindu gabeko soldatetan eta Gizarte Segurantzari pagatu gabeko kotizazioetan.
Larraldek langileen baldintzetan egin zuen azpimarra: «Gipuzkoan dirutza handiak gastatzen dira azpiegituretan, baina ez zaie begiratzen lanean ari direnen baldintzei». Erasok gaineratu zuen Anoetako lanetan hasieratik egin direla gauzak gaizki, lanen kontratuan izendatutako aurrekontuarekin ezinezkoa baitzen langileen osasuna eta segurtasuna bermatzea.
Anoetakoa ez da sindikatuek Gipuzkoan salatu duten obra bakarra: «Gaur, Anoetaz ari gara, baina Musikene eta Tabakalerako lanak izan ziren aurretik; aurten, hildakoak izan ditugu AHTaren eta AP-1 errepidearen lanetan, eta, bihar, metroaren obretan gerta daiteke ezbeharren bat».
Bi bozeramaileek babesa eta elkartasun osoa adierazi zieten langile zaurituari, haren familiari eta lankideei. Argi utzi zuten «mobilizatzen eta borrokan» jarraituko dutela.
Behargin bat hil da Mungian, orga garraitzaile batek harrapatuta
Sindikatuek Anoeta futbol zelaiko lan istripua salatu duten egun berean gertatu da istripu hilgarria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu